Telesailak

Oasia basamortuan

'Puntu Koma' websaila plazaratu du ETBk, Next Station egitasmoaren lehiaketa irabazi ostean

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Streaming bidezko plataformen eskutik mundu mailako telesailen ekoizpena eta kontsumoa biderkatu den garaian, oraindik ere gutxi dira euskarazko fikziozko lanak, eta horregatik merezi dute aparteko arreta. Puntu Koma websaila duela aste gutxi iritsi zen pantailetara, baina aspaldi abiatu zuen nazioarteko ibilbidea. Asian zein AEBetan sariak eskuratu zituen lehenik, eta ostean gailendu zen ETBk eta Eikenek gidaturiko Next Station lehiaketan.

Horri esker, Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo sortzaile gazteek aukera izan dute telesail digital ezin interesgarriagoa osatzeko. Hamar minutuko sei atalen bitartez, leiho berri bat ireki dute euskarazko telesailgintzan. Izan ere, formatu laburreko istorioek Euskal Herrian lehen urratsak besterik ez dituzte egin, eta saioko lantaldeak jorraturiko proposamenak narrazio zatikatuaren tresnarik eraginkorrenak baliatu ditu, kontakizun fresko eta dinamikoa osatzeko.

Izaskun Arandiaren mentoretza jaso dute sortzaileek gidoi lanak biribiltzeko; eta Maru Solores zinemagile donostiarra aritu da, aldiz, zuzendari lanetan sei ataletan.

Minutu gutxitan pertsonaiei ateratako mamia da Puntu Koma websailaren indargune nagusietako bat. Ama erretxin, tradizional eta kontserbadoreak ezezaguna zaion gizon arduratsu eta urduria izango du parean. Eta tartean, koman egonda ere, bi pertsonaien eta ostera agertuko diren gainerakoen nortasuna azaleratzeko balio duen gaztearen presentzia isil bezain aztoragarria. Norabide berean doaz informazio dramatiko berria modu progresiboan eskaintzearen aldeko hautua, elipsien erabilera eta alor formalaren lanketa zaindua ere.

Une komikoak

Tentsio uneetan erabili du lantaldeak propio enkoadratze desorekatua; plano egonkorrak lehenetsi ditu, aldiz, ospitale gela barneko hoztasuna eta distantzia emozionala lantzeko orduan. Hesi eta muga formalak baliatu dituzte, berriz, elkar ulertzera kondenatuta diruditen pertsonaien arteko zatiketa nabarmentzeko.

Atal bakoitzaren sarrera kredituetarako erabilitako ilustrazioek ere aipamen berezia merezi dute. Telesailaren tonu orokorra ezartzeko ez ezik, narrazioko kontzeptu nagusiak iradokitzeko ere balio izan dute. Haitzuloak, norabide ezezagunetara daramaten bideak, pertsonek euren baitan ezkutatzen dituzten sekretuak... ospitaleko ikuskaritza kamera ez ezik, ikus-entzuleak ere bihurtzen dira zelatari.

Akaso, atalek aurrera egin ahala, gatazka narratibo jakinak gehiegi azpimarratu ditu sortzaile taldeak, eta pertsonaien artean mugarri berriak mamitzea falta izan zaio. Sorzabalberek eta Rojok jakinarazi dutenez, hasierako abiapuntu komikotik asko aldendu da telesaila, eta testuinguru horretan ulertu beharko lirateke narrazioaren tentsiozko tonu dramatikoan arrotz diruditen hainbat une komiko.

Baina, batez ere, Puntu Koma txalotzeko moduko lorpena da, gehiegizko azalpenik gabeko narrazio estilo baten alde egin duelako. Uko egin dio pantaila aurrean ikusten den xehetasun oro esplizitu egiteari, eta horri esker utzi dute norbere interpretazioaren esku istorioaren funtsa bera. Tankera horretako euskarazko fikziozko lan gehiago behar dira.

'PUNTU KOMA'

Sortzaileak: Maialen Sorzabalbere, Amaia Rojo.

Aktoreak: Iñake Irastorza, Mikel Ibarguren, Sara Cozar, Iñigo Gastesi, Fariba Sheikhan, Enrike Amilibia, Iñaki Beraetxe.

Herrialdea: Euskal Herria.

Urtea: 2019.

Non ikusi: ETB.

Atal bakoitzaren iraupena: 10 minutu.

Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.