Telesailak

Odol egarri berpiztua

'Dexter' telesail ezaguna hamar atal berrirekin itzuli da, amaitu eta zortzi urtera. Movistar Plusek plazaratu du Hegoaldean

DEXTER.
Mikel Yarza Artola.
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
2006an estreinatu, eta zortzi denboraldi iraun zituen abenturak. Telebistako saileko hiltzailerik ezagunena bilakatu zen berehala Dexter Morgan, eta mundu zabaleko milioika zalek ikusi zuten bere bizitza bikoitza: Miamiko polizia departamentuko odol analista gisa aritzen zen egunez; hiltzaileak erailtzen gauez. Bere barneko bidaiari ilunaren ahotsak gidatuta egin ohi zituen justizialari lanak, baina indarkeriarekiko adikzioak gertukoenak mintzera eraman zuen, eta ihes egitera behartu.

Ihesaldi hartatik hamar urtera girotu dute Dexter: New Blood, jatorrizko telesailaren amaiera makala konpondu eta haren unibertsoa zabaltzera datorren hamar ataleko emanaldi berezia. Giro latindarrez zipriztinduriko Miami eguzkitsua atzean utzi, eta New Yorkeko mendialdeko herrixka elurtu batean ezkutatu da Dexter, James Lindsay izen faltsua erabilita. Armen saltoki batean egiten du lan; maitatua da komunitatean, eta bikote harreman bat du polizia agente batekin. Hala ere, ez du lasaitasunik topatu: norbait zelatan ari zaiola sentitzen du etengabe.

Clyde Phillipsek sortu zuen Dexter ikonikoa duela 15 urte, eta, oraingoan ere, hura arduratu da telesaila eraberritzeaz. Erronka bikoitza izan du: nostalgia zaleak asetzea, batetik, eta istorio fresko bat eratzea, bestetik. Bada, ahalegin horretan, azpimarragarriak dira Phillipsek saioko lehen denboraldiari egin dizkion erreferentzia zuzenak. Aitaren lekukoa hartuta, Debra arrebaren espiritua da orain arrazoimenaren ahotsa; jatorrizko lehen hilketa gogora ekarriz itzuli da Dexter odolaren unibertsora. Haren seme Harrisonek ere egin du agerpena pantailan. Hiru fronte horiek istorioaren nortasun zirkularra iradoki dute, eta giltzarri izango dira, krimenezko gertakarietatik harago, telesaila bereizi zuten familia korapiloak esploratzen jarraitzeko.

Hein batean, Dexter aitzindari izan zen 2006an, estreinatu zenean. Orduko hartan, The Sopranos eta The Shield hasiak ziren antiheroiak protagonista zituzten istorioak jorratzen, baina oraindik ez zegoen Mad Men, Breaking Bad eta House of Cards klasiko garaikideen arrastorik. Denbora gutxian erabat aldatu da telebistaren negozioa: telesailen eskaintza sekulakoa da orain; ideia originalen emaria, eskasa, eta urrezko proiektu zahar horiek berpiztu nahian dabiltza ekoizle eta plataforma gehienak.

Testuinguru horretan ulertu behar da Dexter: New Blood, luzaroan lozorroan egon ostean berriz ere odol egarriz esnatu den piztiaren itzulera gisa. Lur azpiko zundaketen aurkako manifestari ekologistak ageri dira bizileku elurtuan; IPA garagardoa edaten du Dexter Morganek tabernan, eta Iggy Popen The Passenger abestia da protagonistaren itzulera iragartzeko lehen doinua.

Hamar urtez sekretuak eta traumak uxatzen ahalegindu da Dexter, eta orain kontu bat argitzea besterik ez da falta: zenbat iraungo ote duen haren iragan odoltsuak elurpean ezkutaturik. Hiltzaileak esan ohi duen moduan: «Gau seinalatua da gaurkoa, eta behin eta berriz gertatuko da. Gertatu behar du».

'DEXTER: NEW BLOOD'
Sortzaileak: Clyde Phillips.
Aktoreak: Michael C. Hall, Jennifer Carpenter, Jack Alcott, Clancy Brown, John Lithgow.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Movistar Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Thrillerra. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.