Egun batzuk barru ebatziko dute pasaportea ateratzen saiatu zen erasotzaileaz

Erredakzioa
Iruñea
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Datozen egunotan erabakiko dute Iruñeko taldeko sexu erasoan parte hartu zuen guardia zibila berriro espetxeratu ala ez. Atzo egin zuten Antonio Manuel Guerreroren baldintzapeko askatasunari buruzko auzi saioa. Akusazioek eginiko eskariari jarraituz, epaileek zantzuak ikusi dituzte gizona baldintzapeko askatasuna urratzen saiatu dela esateko: pasaportea ateratzen saiatu da, nahiz eta debekatua duen atzerrira joatea. Bederatzi urteko zigorra ezarria diote, sexu abusu delitua egotzita, baina, helegitea jarria dutenez, epaia irmoa izan arte kalean uztea ebatzi zuen epaitegiak.

Joan den astean saiatu zen Guerrero pasaportea egiten, kartzelatik atera eta lehen lanegunean. Sevillako epaitegira joan zen sinatzera —baldintza hori bete behar du espetxetik kanpo egoteko—, eta gero Espainiako Poliziaren egoitzara, pasaportea egitera. Ordua hartua zeukan aurretik. Poliziek, ordea, ez zioten pasaporterik egin, ezin baitu atzerrira joan.

Defentsako abokatuaren arabera, gaizki ulertu bat izan zen: pasaportea galdu zuen Guerrerok, eta berria ateratzera joan zen, epaitegian uzteko. Ez dio hori Poliziaren txostenak, ordea: kasu egin zion langileak esan du ez ziola jakinarazi pasaportea kendua daukala, eta ez zuela berekin eraman baldintzapeko askatasuna ezartzen duen autoa. Hori ikusita, baldintzapeko askatasuna urratzen saiatu delakoan, kartzelatzeko eskatu zuten akusazioek.

Biktimaren datuak

Iruñeko erasoaren auzia bigarren epaiaren zain dago, aldeek helegitea jarri baitiote lehen sententziari: sexu erasoagatik ez, abusuengatik zigortu zituzten bost gizonak. Behin-behinean aske geratu ziren ekainaren 22an, eta erabaki horri ere helegitea jarria diote akusazioek. Beste ikerketa bat ere zabalik dago, Nafarroako Auzitegiak biktimaren datuak zabaldu zituelako oharkabean, epaia hedabideetara igortzean. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak informazio gehiago eskatu du gertatua argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.