Koronabirusa

Ipar Euskal Herrian hirugarren dosia jartzen hasiko dira irailean

Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Agorrilaren bukaeratik aitzina, herritar zaurgarrienek ordua hartzen ahalko dute hirugarren ziztada hartzeko Ipar Euskal Herrian, eta iraila erditsutik aitzina hasiko dira dosia jartzen. Frantziako Osasun Aginte Gorenak datozen egunetan zehaztekoa du lehentasuna izanen duten pertsona zaurgarrien zerrenda. Oraingoz, gainerako herritarrei ez diete aukerarik ireki hirugarren dosia jartzeko. Frantziako Gobernuko agintariek Defentsa Kontseilua egin zuten atzo, Emmanuel Macron presidentearekin. Gabriel Attal Frantziako Gobernuko bozeramaileak iragarri zuen hirugarren dosiaren kanpaina.

Alta, COVID-19aren kontrako txertoaren hirugarren dosia jartzeko urratsetan atzera egiteko eskatu du OME Osasunaren Mundu Erakundeak. OMEren arabera, hirugarren dosirako bidean dauden herrialdeetan jende ugari txertatuta badago ere, txertatutakoen ehunekoa oso apala da beste herrialde batzuetan, eta toki horietako txertaketa planak bultzatu behar dira aurrena.

Probak, ordainpeko

Gainera, gaitzaren oldarraldiari aurre egiteko, Frantziako Gobernuak neurriak zorroztu ditu 200dik gorako intzidentzia tasa duten departamenduetan, eta departamendu horietako prefetek zehaztu beharko dituzte erabakiak ondoko egunetan. Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan, beraz, osasun ziurtagiriaren erabilera are gehiago hedatuko dute: 20.000 metro karratu baino gehiagoko merkataritza guneetan beharrezkoa izanen da. Gainera, ziurtagiria erakutsi behar den lekuetan derrigorrezkoa izanen da maskara erabiltzea, barnealdean.

Horrez gain, Macronek uztailean iragarri zuen udazkenetik goiti herritarrek ordaindu egin beharko zituztela PCR eta antigeno probak. Urriaren 15etik hasita, medikuaren agiririk gabe egindako probak ordainpekoak izanen dira. Orain arte, farmazietan eta laborategietan egiten ahal ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.