Patronalak soldaten inguruko mehatxua egin du zergen harira

CEOEk Espainiako presidenteari esan dio soldatak %2 igotzeko aholkua ere ez dela beteko agian. Bi gaiak «lotuta» daudela dio

Garamendi eta Rosell, Cepyme eta CEOEko buruak, atzo. J.J. GUILLEN / EFE.
xabier martin
2018ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Bukatu dira iritsi berriari egiten zaizkion irriak. Espainiako presidente Pedro Sanchezek patronalaren kopetiluna aurrez aurre ikusteko aukera izan zuen atzo; UGT eta CCOOrekin adostutako negoziazio kolektiboaren akordioaren berri ematera joan zitzaizkion itunaren sinatzaileak, baina CEOEk eta Cepymek bere liburua saldu zioten Sanchezi: %15eko gutxieneko sozietate zerga ezartzeko ideia ez badu baztertzen, agian ez da beteko soldatak %2raino igotzeko akordioa. «Enpresek soldataren gaiarekin konplitu nahi dute, baina kostuak handitzeak porrotera eraman dezakete lortutako igoera, loturik baitaude biak».

%2 gehi %1eko igoera aldakorra —emaitzei, absentismoari eta produktibitateari lotua— Espainiako sindikatu eta patronal nagusiek adostutako erreferentzia bat baizik ez da, juridikoki baliogabea, baina Euskal Herrian garrantzia eduki dezake; ELAk eta LABek osatzen duten gehiengo sindikalarentzat inolako erreferentzia ez den arren, milaka euskal langilek dauzkate lan baldintzak estatalizaturik, berritzeko dagoen Espainiako hitzarmen bati lotuak, alegia. Bada, enpresaburu bakoitzaren borondatearen arabera aplikatuko litzatekeen igoera erreferentzia hori ere bazter utz dezaketela azaldu zioten Pedro Sanchezi Joan Rosell eta Antonio Garamendi CEOE eta Cepymeko buruek.

Sanchezek berak Gizarte Segurantzari egindako kotizazio handienei gehienezko muga kentzeko eztabaida abiarazi du, eta, enpresen irabaziak zergapetzen dituen sozietate zergan, %15eko gutxienekoa ezartzeko ekimena ere badauka gobernuak. «Lasaitasun handia eta azterketa sakon bat» eskatu du patronalak zergak igo aurretik; eta, bide batez, mehatxu argia egin diote Sanchezi: soldata igotzeko aholku hori ere ezerezean utz dezakete enpresak gehiago pagatzen hasten badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.