KRONOLOGIA

2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak proiektu pilotu gisa ezarri zuen Skolae hezkidetza proiektua, 2017-2018 ikasturtean, Nafarroako hamasei ikastetxetan. Ordutik hamaika izan dira gorabeherak.

2018ko udazkenean, eztanda
Iruñeko itunpeko ikastetxe bateko bi gurasok txosten bat zabaldu zuten sare sozialetan 2018ko urrian, Hezkuntza Departamentuaren agiri ofizial bat zelakoan. Erran zuten Nafarroako Gobernuak «jolas erotikoen bitarteko esperientzia sexualak» eginarazi nahi zizkiela 0 eta 6 urte bitarteko haurrei. Dokumentu hori manipulatua zegoela salatu zuen gobernuak.
Skolaeren aurkako jarrera gogortu zuten orduan UPNk eta PPk: azaroan, zerrenda bat eskatu zuten parlamentuan, «programaren arduradunak nortzuk diren ezagutzeko, izen-deiturekin».
Aldi berean, bi salaketa aurkeztu zituzten auzitegian Skolaeren aurka: bat, Plataforma Nacional 18M taldeak; bertzea, familia batzuek.
Maria Solana Nafarroako Hezkuntza kontseilariak mehatxuak eta jazarpena salatu zituen.
Abenduan, auzitegiak ez zuen onartu Skolae etetea.

Auzitegietako bidea
2019ko ekainean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak deklaratzera deitu zituen Skolae programan lanean ari ziren hamar profesional: bortz aditu, eta irakasleak trebatzen ari ziren bertze bortz.
2019ko urrian bertze bi teknikari deitu zituzten deklaratzera.

Sariak programari
2019ko abuztuan jakinarazi zuten Unescoren Nesken eta Emakumeen Hezkuntzarako Nazioarteko Saria emanen ziotela Skolae programari. Urriaren 11n jaso zuen saria Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak, Parisen .
Irailean, Hondarribia Berdintasun Hiria saria eman zioten Skolaeri.

Aldaketak taldean
Gobernu aldaketaren ondoren, Carlos Gimeno izendatu zuten Nafarroako Hezkuntza kontseilari, 2019ko abuztuaren 7an.
Skolaeren hainbat arduradun kargutik kendu zituen Gimenok irailean; tartean, Pilar Mayo Berdintasun arduraduna. Halere, hezkidetza «ikastetxe guzietara» hedatuko zuela erran zuen Gimenok.
Asteon erran dute bertze 26 ikastetxetan soilik jarriko dutela Skolae. Bi baino ez dira itunpekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.