Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Zorionak

2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Lehen aldia da telebista saio baten gaineko zutabea egingo dudana, berau osorik ikusi gabe. Bizi dugun osasun larrialdi egoera honetan, ETBko albistegiak ikustea osasun mentalarentzat kaltegarri bilakatu bada ere, erakunde publikoak Eusko Jaurlaritzarekin batera martxan jarritako saio berri bat txalotu nahi dut. Areago, programa horrek eskuratutako ikusle datuak ospatu nahi ditut. Hain zuzen ere, eskolako edukiak emateko tartea. Oraindik ezagutzen ez duenarentzat, Bitartean, etxetik ikasten astegunetan ematen dute, ETB3n eta Eitb.eus atari digitalean, goizez. Dagoeneko, azken atalak ikusgai daude ETBren nahieran zerbitzuan.

Jaurlaritzak adierazi du etxean euskarri digitalik ez duen familia ugari daudela, eta telebista programaren helburua dela ikasleen hezkuntza prozesua erraztea. Ederki. ETB3ko saioa, batik bat, Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. maila arteko ikasleentzat da. Baina gure ama, esaterako, saio berria ikusten hasi da euskaltegiko euskara eskolen hutsunea estaltzeko. Bestalde, ez dakit diruz zein bestelako komunikazio eta publizitate ekintzen bidez zenbat babestu duten tarte berria. Baina EITBren Twitter-eko kontua aztertuz gero, ikusiko duzue nola azken 24 orduetan soilik bost txio bota dituzten euskarazko hezkuntza saio berriari buruz. ETB2ko El conquis gaztelaniazko saioaz, aldiz, gutxienez 40.

Edozelan ere, azpimarratu dezagun pantaila txikiaren aurrean ikusle andana bildu dituela dagoeneko hezkuntza saio berriak. Euskal Telebistaren arabera, astelehenean, hezkuntza saioaren estreinaldiak ikusleen erantzun «bikaina» izan zuen. Zehazki, %62,9ko ikusle kuota 4 eta 12 urte bitarteko haurren artean. Ez hori bakarrik: ETB3ko eta umeentzat diren saioen artean, gehien ikusiaizan zen Bitartean, etxetik ikasten saio berria. %5,2ko audientzia zatia eta 50.000 ikus-entzule bilduta.

Datu historikoa izateaz gain, lorpen izugarria ere badela erantsiko nuke. Programazio estrategia aldetik begiratuta, bereziki. Umeentzako hezkuntza saio berezia, itxialdi garaian, eta ordutegi egokian. Sare sozialetan hainbati irakurri diedan bezala, oxala datuok balio izatea konfinamendua amaitu ondotik, umeentzakoa den euskarazko kate hori erreferente izan dadin aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.