Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Bi Boliviak

2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
La Sextako Salvados saioan purian dauden gaien gaineko erreportajeak lantzen dituzte; igandero ematen dute atal bat, 21:30ean. Azken denboraldi honetan —hamalaugarrena— Fernando Gonzalez Gonzo ikusi dugu aurkezle lanetan. Igandeko atalean, Boliviara eta Mexikora bidaiatu zuen taldeak. Evo Morales Boliviako presidente ohia eta Carlos Mesa oposizioko liderra elkarrizketatzeko, hurrenez hurren. Helburua bat eta bakarra zen: bi Boliviak erakustea. Moralesen aldekoa bata; eta estatu kolpearen aldekoa bestea.

Horretarako, iritzi ezberdinak bildu zituzten. Espainiako eta nazioarteko adituenak zein Boliviako kaleetako biztanleenak ere. La Paz hiriburua, kasurako, bitan banatua dago. El Alto izeneko auzoan Moralesen aldeko komunitate indigena handia bizi da. Bertan, kaosa nabaria da. Izan ere, blokeoak antolatu dituzte hiriburura gasolina eta gasa sartu ez daitezen. Eragina nabaria da. Hiriburua Boliviako beste toki batzuekin lotzen duen puntu garrantzitsua baita El Alto. «Justizia!» oihuka ari zen indigenen talde batean sartu zen Gonzo, eta horiek txaloka hasi ziren. Nazioarteko prentsari ongietorria eman nahian, hain zuzen.

Gonzok txaloengatik galdetu zuen. Harrituta. Eta aldamenean zuen kazetariak erantzun zion etsita zeudela haien mezua ezin izan dietelako hedabideei helarazi. Azkenaldian, prentsa ez omen da bertatik pasatu. Segidan, aldarrikapen kartelak eta indigenak hartu zituen kamerak. Gehienez, bi sakelako telefono ikusi nituen. Ohituta gaudenaren kontra, ahotsa eta eskuetako kartelak ziren haien arma nagusiak. Baina nire galdera da: ez dute sakelakorik nahi ala ezin dute bat erosi? Eta Internet?

Halako irudiak ikusita konturatzen zara zein garrantzitsua den Interneteko sarbidea izatea. Kasu horretan, El Altoko biztanleen egoera kontatua izateko baldintza da. Eustaten arabera, 2018an, EAEko 15 urtetik gorako biztanleen %86,6k zuten ordainpeko Internet sarbidea etxean. Erabilerak, aldiz, langabezian zeudenen artean egin zuen gora: horien %54,5k. Areago, 2017ko datuekin alderatuta, gizarteko talde horrek izan zuen igoerarik handienekoa: +%6,6. Bestalde, erabiltzaileen %98 etxetik konektatzen da, baina beste leku batzuetatik eginiko sarrerak (%38,1) igoerarik handiena izan zuten 2018an: +%13,9. Atera kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.