Victor de la Parte

Gurpilean ekarri zuen koronabirusa

Arabiar Emirerri Batuetako Itzulia izan zen COVID-19ak hankaz gora jarri zuen lehen lasterketa. Han ari zen Victor de la Parte. «Inoiz ez nuen imajinatuko hau guztia pasatuko zenik», aitortu du. «Dena beltz» ikusi ondoren, «argia» ikusten du orain. «Lehiatzeko irrikan» dago.

CCC.
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Victor de la Partek (Gasteiz, 1986) ez du erraz ahaztuko otsailaren 27ko gaua. Pozik oheratua zen Abu Dhabiko Yas Marina luxuzko hoteleko ohean: onenekin nor baino nor gehiago aritua zen Arabiar Emirerri Batuetako Itzuliko bosgarren etapan. Bat-batean, norbait ate-joka hasi zen. Ireki, eta zur eta lur geratu ziren bera eta Kamil Gradek logelakidea: bi pertsona ziren, eta burutik oinetarainoko buzo bat zeramaten soinean. «Erlezainak ziruditen», gogoratu du, barrez. Baina susto galanta hartu zuten orduan. «Birus bat atzemateko testa egingo zigutela esan ziguten. Momentuan egin ziguten, eta berriro oheratu ginen. Ez zirudien ezer larria».

Handik gutxira jaso zuten berria: bi lagunek positibo eman zuten koronabirusagatik, eta lasterketa bertan behera geratua zen. «Ezin genuen sinetsi. Guk ez genekien ezer birusaz». Gertaeren gurpilak ez zuen etenik: «Logeletik ez ateratzeko agindu ziguten. Hiru egun egin genituen atera gabe. Gogorra izan zen. Zorionez, handik irten ginen aurrenetakoak izan ginen. Beste batzuek luzaro egon ziren han sartuta».

Azaldu duenez, beste herrialdeetako ziklistei euren gobernuek berehala agindu zieten zuzenean etxera joateko eta berrogeialdia egiteko. «Baina guri inork ez zigun ezer esan. Taldeko medikuak baino ez. Kasu egin genion. Hala, nik hamar egun lehenago hasi nuen konfinamendua».

«Oso ondo» eraman du itxialdia. «Aspaldiko partez, denbora asko egon naiz etxean, eta etxekoekin egoteko aukera izan dut. Gainera, gertuko inor ez da gaixotu». «Gogorrena», egoerak eragindako «ezinegona eta segurtasunik eza» izan dira. «Hasieran, beltz ikusi genuen dena, lasterketa guztiak bertan behera geratzen hasi baitziren. Taldekoek esan ziguten agian ez genuela urte osoan gehiago korrituko. Ezin nuen sinetsi». Hori gutxi ez eta hasieratik zabaldu ziren haren talde CCCren diru arazoak. «Taldearen jabeak 2.000 zapata denda ditu, eta guztiak itxi behar izan zituen. Bazirudien dena pikutara zihoala, baina, egoerak hobera egin ahala, beltza zirudiena zurituz joan zen: probak kokatzen hasi ziren egutegian, CCCk bi aste besterik ez zituen itxi dendak, akordioa lortu genuen taldearekin... Azkenean, aurrera egin dugu. Orain, lehiatzen hasteko irrikan gaude. Horretarako ari naiz entrenatzen. Gustura ari naiz, txirrindulariok entrenatzeko pasatu ditugun miseriak pasatu eta gero».

Garaipen batekin ametsetan

Aste honetan zehaztuko diote egutegia, baina badaki gutxi gorabehera zer lasterketatan ariko den. «Burgosko Itzulian ekingo diot». Uztailaren 28an hasiko da, eta, lehen proba izango denez, talde guztiek egon nahi dute bertan: 40 eskaintza baino gehiago jaso dituzte antolatzaileek. «Badirudi, sanferminetako entzierroko zezenak bezala hasiko garela», dio barrez. Bi lasterketa markatu ditu gorriz egutegian: Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta. «Ondo bidean, lehen aldiz ariko naiz Tourrean. Ilusio handia egiten dit. Badut gogoa lasterketarik handiena bertatik bertara ezagutzeko». Vueltan, berriz, bigarrenez lehiatuko da. Iaz aritu zen estreinakoz, baina ez du oroitzapen onik. «Eroriko baten ondorioz, erretiratu egin nintzen seigarren etapan. Arantza hori dut sartua, ondo nengoen eta. Ea atera dezakedan aurten. Gainera, ibilbide polita du aurten Vueltak: iparraldetik ibiliko da».

2017tik hona, lau itzuli handitan lehiatu da: hirutan, Italiako Giroan —iazko 21. postua du emaitzarik onena—; behin, Vueltan. «Pozik» dago egindako lanarekin, baina aitortu du faltan sumatzen duela «helmugan eskuak altxatzearen sentipena». Duela bost urte egin zuen azkenekoz, Austriako Itzulian: bi etapa eta sailkapen nagusia irabazi zituen. «Saiatu, saiatuko naiz, baina ez dut horrekin itsutu nahi». Ondo etorriko litzaioke garaipen bat, kontratua amaituko baitzaio urte amaieran. CCCk esana du taldearen babesle izateari utziko diola, eta hori bada kontuan hartzeko zerbait. «Gusturen egon naizen taldea da CCC, baina hau jada hirugarren urtea da, bigarrena jarraian, eta ez litzaidake axolako beste talde batera joatea. Uste dut ni bezalako ziklista beteranook badugula tokia tropelean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.