PLAN BAT MARIJAIAREKIN. Iraia Garcia. Atleta

«Hiri Krosa lepo beteta egon ohi da; oilo ipurdia jartzen zaizu»

Bilbao Atletismo Santutxu taldeko korrikalariak bi urtez jarraian irabazi zuen Aste Nagusiko Hiri Krosa. Irailean hartuko du erretiroa, eta, beraz, «berezia» izan da beretzat aurtengo lasterketa.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Peru Azpillaga Diez.
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Iraia Garciak (Galdakao, Bizkaia, 1982) 19 urte dituenetik parte hartzen du Aste Nagusiko Hiri Krosean, eta birritan izan da txapeldun 2013 eta 2014ko lasterketetan—. Atzo, azken aldiz egin zuen lasterketa, eta, une «berezi» hori ospatzeko, beti ondoan izan duen pertsona batekin egin zuen korri: aitarekin.

Urtero egin duzu korri Hiri Krosean. Nolakoa da lasterketa?

Lasterketa oso polita da. Lehia alde batera utzita, jendez gainezka egoten da beti, eta denek animatzen zaituzte. Ikaragarria da lepo beteta egon ohi delako; oilo ipurdia jartzen zaizu. Gainera, zoragarria da ibai ertzetik doalako: Areatzatik irten, Erripa gurutzatu, eta Itsas Museoraino doa ibilbidea, Guggenheimetik igaroz; beraz, denbora guztian duzu ibaia alboan.

Zein duzu oroitzapenik politena?

Urte bakoitzak dauka bere xarma, baina irabazi nuen urteetakoa, esango nuke. Ohorea da, eta, gainera, Bilboko Hiri Krosa denboraldiari begira hasiera puntua izaten da guretzat. Abuztuan hasten gara entrenatzen, hots, bi aste lehenago, eta Bilboko lasterketan ikusten duzu zelan dagoen gorputza. Beraz, inflexio puntu bat izaten da gure prestaketan.

Aurten azken aldiz egin duzu korrika. Berezia izango zen, ala?

Aurten atletismoa utziko dut. Irailean dut azken lasterketa: master mailako mundiala, Malagan [Espainia]. Uda osoa daramat entrenatzen, eta hau da sasoi aldetik hoberen nagoen urtea. Halaber, erretiroa hartuko dudanez, Bilboko lasterketa beti alboan izan dudan pertsona batekin egin nahi izan dut: aitarekin. Harekin irten eta helmugaratu. Niretzat gozamen hutseko eguna izan da, sentimenduz betea. Bera izan da nire jarraitzailerik sutsuena, eta, azkenetariko lasterketa izango denez, harekin egin nahi izan dut. Ni atletismoan sentimendu osoz aritzen naiz, eta hau da gorputzak eskatzen zidana.

Zein da zure plana aurtengo Bilboko jaietarako?

Normalean, oporretan edo lanean nago jaien garaian, eta, beraz, lasterketa egunean joaten naiz soilik Aste Nagusira. Aurten, ordea, hemen egon naiz, eta jaietan gozatzeko aukera izan dut: atzo, lasterketa baino lehenago, Eliseos antzokira joan nintzen bakarrizketa bat ikustera, eta, gero, beste egun batean, kontzertu batzuetara eta suak ikustera ere joan ginen.

Nolatan erabaki duzu antzerkira joatea jaietan?

Niri eta nire senarrari asko gustatzen zaizkigu bakarrizketak, eta justu Goio Jimenez etorri da; asko gustatzen zait, eta joatea erabaki genuen. Gero, gurasoek gonbidatuta, Enrique San Franscisco ikustera ere joango gara.

Zer eskaintzen dizute jaiek?

Urtean behin dira, eta aprobetxatu beharra dago. Ekintza asko daude, oso interesgarriak, eta ikusi eta gozatzeko aukera paregabea eskaintzen dute, azken finean.

Zer eskatuko zenioke Marijaiari?

Jende guztia zaintzea, eta, batez ere, emakumeen rola kontuan izatea. Gaur egun entzuten diren gauzek, batetik, beldurra ematen dizute; baina, bestetik, pena. Nire ustez, oso tristea da horrela ibili beharra: udalak emakumeak etxera laguntzeko zerbitzuak jarri behar izatea autobusetan, adibidez. Pena da, azken finean zuk nahi duzun gauza bakarra lagunekin irtetea baino ez delako, eta nahi duzunean lasai-lasai etxera joatea. Eta, egun, gauden mendean, ezin izatea eta beldurrarekin ibiltzea pena da, benetan. Beraz, errespetua eskatuko nioke nik Marijaiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.