Zaloa Basabe.
Iruñeko taldeko sexu erasoa. Epaia. IRITZIA

Kontakizunaren lekukoak

2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Denok ezagutzen dugu honela dioen gaztelaniazko esamoldea: atzamarrak Ilargia seinalatzen duenean, tontoek bakarrik begiratzen diote atzamarrari. Demagun Ilargia 2016ko sanferminetako lehen egunean izandako gertakariak direla, eta atzamarrak, eskuak eta besoak osatzen dutela komunikabideen kontakizuna eraikitzen duen aparatua, argiak norantz bideratu erabakitzen duena eta itzal ugari proiektatzen dituena. Demagun hatz erakuslea dela zer eta nor zalantzan jarri seinalatzen duena, eta besoa dela sistema judiziala sostengatzen duena, haren kode penala eta emakumeen kontrako hainbat indarkeria tipifikatzen dituena. Horretan arreta jartzea ere tontoa al da? Elementu horietatik guztietatik zeintzuekin osatzen da kontakizuna? Nortzuk dira protagonistak eta nortzuk lekukoak?

Gure balorazioak zigor baten inguruko epaira mugatzea toki okerrera begiratzea da.

2016ko sanferminetara itzulita, une erabakigarrietako bat topatzen dugu, eta ezinbestekoa da hura gogora ekartzea: Iruñeak eraso sexista bati eman zion erantzun irmoa, sendoa eta ezbairik gabea. Hori izan zen ohiz kanpoko gertakaria, eta ez salatutako gertakariak ezaugarri jakin batzuk izatea. Hori izan zen gure hiriko bi garairen arteko inflexio-puntua markatu zuen mugarria—tamalez, Iruñean eta sanferminetan bakarrik ez, emakumeen askatasunaren kontrako erasoak eta atentatuak kontatzen diguten baino ohikoagoak dira. Berez, gure bizitzaren arlo guztiak egunero bustitzen dituen egitura patriarkalaren adierazpenetako bat dira—. Hortik aurrera, eta mugimendu feministak egin duen lanari esker —zeina sarritan isilarazi eta zalantzan jarri baita—,mugarri izan dira hiriak emakumeen kontrako indarkeriaren aurka hartutako jarrera eta indarkeria horiek desberdinkeriarekin eta dominazio matxistaren adierazpenekin lotzea.

Inor ez da eroso egongo beste alde batera begiratuta.

Hilabeteak igaro ahala, geure begiz ikusi ahal izan genuen nola, batzuetan, komunikabideetan gertakariei emandako tratamenduak morbo sentsazionalista zuen helburu, behin eta berriz gertatutakoaren alde sexualak azpimarratuz. Ez aitortzea indarkeria sexistaren jatorrizko izaera dela emakumeen gaineko boterea erabiltzea, emakumea menderatzea beste desiorik gabe, beste toki batera begiratzea da.

Epaiketaren hasiera kontatzeko «polemikoa», «gizarte eztabaida», «epaiketa paraleloa» eta halako hitzak erabili ziren, hartara helarazita defendatzeko aukerarik ematen ez duen indarkeria-ekintza bat interpretagarria dela, eta hainbat iritziren menpe egon daitekeela. Biztanleriaren erdiak, emakumeek, askatasun osoz aritzea mugatzen duten matxismo-adierazpen sistematikoen inguruan arinkeriaz hitz egitea da jendartea beste toki baterantz begirarazten saiatzea.

Beste toki batera begiratzea da, halaber, indarkeria egoera bati aurre egitea eta salatzea erabakitzen duen emakume baten jarrera zalantzan jartzea, eta hura epaitu eta haren gaineko susmoak piztea edo errudun sentiarazteko prozesu bat jasanaraztea.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurka erantzun penalak besterik ez bilatzea ere fokua beste nonbait jartzea da, ez baita aintzat hartzen, delinkuentziaren arlotik harago, indarkeria horiek gizartea, kultura eta ekonomia barne hartzen dituen egitura patriarkal baten ondorio direla.

Kasu honen kontakizunak epai bat baino gehiago utzi du. Ezarri du ekintzak behar direla ezbairik gabeko erantzunak emateko, indarkeriei aurre egiten dieten emakumeak zalantzan ez jartzeko beharra dagoela, baita indarkeria horiek ezein testuingurutan normaltzat ez hartzeko beharra ere, mugimendu feministei aitortu eta eskertu behar zaiela indarkeria mota oro identifikatu eta salatzeko egindako borroka...

Era berean, agerian utzi du oraindik ere lan handia dagoela egiteko. Emakumeen kontrako indarkeria kasuetan «onarpen» kontzeptua berraztertu beharra dagoela, kasu horiek definitzen dituen menpekotasun eta menderatze egoeretan negoziatzeko gaitasuna bortxatua baita. Indarkeriak errotik kentzeko esku-hartze integralari buruzko hausnarketa egiteko beharra dagoela, ez bakarrik delinkuentziaren arloa ardatz hartuta (patriarkatuaren isla den espetxe sistema nekez izan liteke lehenbailehen aldatu beharreko gizarte egitura baten arrazoi eta konponbide). Gure politika publiko ororen diseinuan ikuspegi feminista txertatzeko beharra dagoela...

Interpelatzen gaituzten erronka horiei guztiei aurre ez egiteak ez lekuko gisa, baizik eta protagonista eta gizarte eraldaketaren eragile gisa, hitz batez, esan nahi du, azken batean, ez dugula ezer ulertu, eta beste toki batera begira jarraitzen dugula.

Horregatik guztiagatik, lanera eta kalera! Aditu eta aritu! Eskerrik asko, mugimendu feminista! Gora Iruñea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.