JARRAIBIDEAK

2017ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Kabiak onartu ditu hizkuntza berdintasuna kudeatzeko jarraibideak. Hona irizpide eta helburu orokorrak. Baga: erabiltzaileak hautatutako bi hizkuntza ofizialetako batean izango da zerbitzu hizkuntza, betiere euskararen erabilera sustatuz. Biga: lan hizkuntza euskara izango da, nagusiki. Hona, atalka, beste hainbat alorri buruzko argibideak:

Erabiltzaile eta familien hizkuntza hautua. Erabiltzailearen sarrerako balorazioan, haren ibilbide linguistikoa jasoko da; lehen hizkuntza eta une horretako komunikazio hizkuntzak zein diren. Identifikatu egingo dira, halaber, haren senideen hizkuntza hautuak.

Ahozko harremanak. Harrera egitean, Kabiako langileek euskaraz egingo dute lehen, bigarren eta azken hitza, aurrez aurreko zein telefonozko harremanetan, komunikazioa oztopatu edo eten ez bada, eta erabiltzaileak gaztelaniaz aritu nahi duela adierazten ez badu. Kasu horretan, esamolde ulergarriak edo bietara emanak tartekatuko dituzte, betiere egoera deserosoak saihestuz. Elebidunak ez diren langileek ere lehen eta azken hitza euskaraz egingo dute.

Dokumentuak eta irudi korporatiboa. Barne zein kanpo dokumentuak euskaraz sortuko dira; behar denean, gaztelaniara itzuliko dira. Errotuluetan euskara hobetsiko da.

Jendaurreko ekitaldiak. Euskaraz, edo euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira. Partaide guztien ulermena bermatzeko baliabideak erabiliko dira, itzulpen simetrikoa saihesten ahaleginduta beti.

Sustapena. Sustapen kanpainetako bideoak euskaraz izango dira; gaztelaniazko azpidatziak izango dituzte.

Langileen kudeaketa. Barne prozesuetako etsaminetan, ariketa bat gutxienez euskaraz izango da 3. eta 4. hizkuntza eskakizuna duten postuetan. Langile berriak sartu aurretik egiaztatua izango du hizkuntza maila. Harrera egiten zaionean jasoko ditu hizkuntza berdintasuna kudeatzeko jarraibideak. Praktikak egiteko ere, irizpide horiexek.

Hornitzaileak, aliatuak eta administrazioa. Kabiak irizpide berak betetzeko eskatuko die bere hornitzaile, aliatu eta administrazioei. Hornitzaileen kasuan, kontratuetan ezarririko hizkuntza baldintzek kontratuaren funtsezko obligazio izaera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.