Nola erabiltzen da 'carry trade' dirua egiteko?

2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Ekonomia aurreratu nagusietan, interes tasak inoiz baino baxuago egon dira duela gutxi arte—Europan oraindik ere badira—; inbertitzaile askok truke tasekin profitatzeko baliatu dute diru merkearen eskaintza hori. Carry trade esaten zaio sistema horri. Funtsean, maileguak interes tasa txikietan hartzea da, eta diru hori tasa handiagoak dituen beste diru batean inbertitzea.

Adibide praktiko batek honela funtzionatuko luke. Demagun AEBetako Erreserba Federalak diruaren prezioa %0,5ean ezarri duela, eta, aldi berean, Japoniako Banku Zentralarena %4 dela. Dolar bakoitzeko 100 yen da trukea. Inbertitzaileak 500.000 dolar hartuko ditu maileguan, eta Japoniako yenetan trukatuko ditu, 50 milioi eskuratuta.

Jarraian, diru hori yenaren interes tasa ofizialari lotutako aktibo batean inbertituko du. Urtebete geroago, %4ko interes batekin, bi milioi yen gehiago izango ditu. Truke tasa ez bada aldatu, diru horrekin 520.000 dolar erosi ahalko ditu. Bitartean, dolarretan hartutako maileguari %0,5eko interesa gehitu zaio. Hots, 502.500 dolar itzuli beharko ditu. Bi emaitzen arteko aldea da inbertitzailearen irabazia: 17.500 dolar: hau da, bi interes tasen artean hasieratik zegoen aldea.

Egiazko munduan, baldintzak ez dira sekula horren egonkorrak izaten. Bi diruren arteko truke tasan une oro daude aldaketak, eta hor datza arriskua. Aipatutako adibidean, yena indartzen bada, inbertitzailearen diru irabazia handitu egingo da. Baina kontrako aukera ere badago: dolarraren balioa handitzen bada, baliteke saiakera irabazirik gabe amaitzea, eta galerekin. Azken asteotan, dolarrak gora egin du, eta halako inbertsio espekulatiboak egiten dituztenak uxatu ditu gorabidean diren merkatuetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.