Izan zena, eta berriro badena

Golak sartzeko makina da Lucas Perez: bost egin ditu azken bost partidetan, eta, hala, Alaveseko jokalari batek elitean inoiz izan duen boladarik onena berdindu du. Deportivon izandako inspirazioa itzuli zaio.

enaut agirrebengoa
2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Aspaldi ez bezala ari da gozatzen Lucas Perez (Coruña, Galizia, 1988). Golek hauspotu egiten dituzte aurrelariak; bada, galiziarra bata bestearen atzetik ari da sartzen. Azken urteetan galdutako sena berreskuratu du Alavesen, eta Espainiako Lehen Mailako golegilerik onenen artean da berriro. Alerik sartu gabe iritsi zen zazpigarren jardunaldira, baina bost egin ditu geroztik. Bolbora ez zegoen bustia; metxa piztea zen kontua. Konfiantza izan da pizgarria, 2016an Deportivotik atera zenetik izan ez duen hori. Bere dohainak ustiatzeko ingurune aproposa topatu du Gasteizen, eta erabakigarri bihurtu da Alavesentzat: orain arte egin dituen bost golek zazpi puntu eman dizkiote Arabako taldeari.

Balio estetikoa ere izan dute Lucasek sareratutako baloiek. Modu asko dago aurkarien ateak zulatzeko, eta galiziarrak biderik ikusgarriena aukeratu du; azken bi neurketetan, batik bat. Vila-realen aurka, atzerako artazia eginez gainditu zuen Asenjo. Nolanahi ere, golaren edertasuna ez zen bat etorri emaitzan izan zuen eraginarekin: 4-1 galdu zuen Alavesek. Atletico Madrilen aurka, ordea, balio praktikoa ere izan zuen 83. minutuan sinatu zuen maisulanak. 0-1 zen partida, eta aurrelariaren ezkerkada ikusgarriak puntu baliotsu bat urratzeko balio izan zion taldeari.

Alavesen historia liburuetan sartu zen Oblaki egindako golari esker. Izan ere, 1954-55eko denboraldian Wilson Alfredo Jonesek ezarritako marka berdindu zuen. Galiziarra zen hura ere, eta bost jardunalditan jarraian sartu zuen gola —sei gol sartu zituen—. Lucasek Mallorcari egin zion lehen gola, eta hurrena, Valentzia, Celta, Vila-real eta Atletico Madrilen ateak zulatu ditu. Orain, bere markarik onena du begiz joa. 2015-2016ko sasoian ezarri zuen, Deportivon, zazpi lehiatan zazpi gol sartuta. «Bebeto handiak egindakoa berdindu nuen», gogoratu zuen astearteko lehiaren ondotik.

Sasoi hura izan zen, hain zuzen ere, Lucasen ibilbideko puntu gorena. Hamazazpi gol sartu eta gola sartzeko hamar pase eman zituen. Halakorik nekez amestuko zuen Coruñako periferiako auzo batean baloiari ostikoak ematen hasi zenean. Hasieran, areto futbolean jokatu zuen, atezain. Entrenatzaileek haren bertuteak ezagutu bezain pronto aldatu zuten postuz. Diziplina hori futbolarekin uztartu zuen gazte mailara iritsi arte. Ondo moldatu zen zelai laburrean, kadete mailako Galiziako selekzioarekin jarduteraino. Ordea, futbola aukeratu zuen azkenean. Hala, 16 urte zituela, proba bat egin zuen Alavesen. 40 gazte aritu ziren, eta bik baino ez zuten galbahea igaro. Lucas izan zen horietako bat.

Abentura laburra izan zen, dena den. Ez zen giro Arabako klubean, Dmitri Pitermanen agindupean. Hori horrela, etxera itzuli zen aurrelaria. Hainbat eskaintza jaso zituen, baina ez berak desiratzen zuena: Deportivorena. Distira egin zuen Hirugarren Mailan, eta Atletico Madrilen harrobira iritsi zen, Jose Mari Amorrorturen eskutik. Hirugarren taldean aritu zen, eta bidea egiteko aukera gutxi zituenez, Rayora joan zen. Bertan, talde nagusiaren ateak ireki zizkioten. Alabaina, okertu egin zen klubaren egoera ekonomikoa, eta Lucasek irtenbide exotiko bat aurkitu zuen: Ukrainako Ligara joan zen 2011n.

Gozakaitz Ingalaterran

Zeresana eman zuen Lehen Mailan ziharduen Karpati Lvoven; gazterik onena izendatu zuten 2011-2012ko denboraldian. Hori horrela, 2013ko urtarrilean lehen ahalegina egin zuen Deportivok aurrelaria fitxatzeko. Orduan, aurrea hartu zion Dinamo Kievek. Lucasek lau hilabete eman zituen han, eta, gerora aitortu zuenez, bere ibilbideko garairik zailenak izan zituen bertan; ez zuen neurketa ofizial bakar bat ere jokatu, eta harrobiko taldearekin entrenatzen aritu zen. Irribarrea berreskuratu zuen 2013-2014ko sasoian, Greziako PAOKen. Bederatzi gol sartu zituen 32 partidatan; eta orduan bai, maletak egin, eta Deportivora joan zen, umetako ametsa betetzera.

Egokitu egin zen lehen sasoian, lesioek utzi zioten heinean. Eta bigarrenean, loraldia iritsi zen. Galiziarrak tokia egin zuen Lehen Mailako golegilerik onenen artean, hamazazpi alerekin. Haren jarduna ez zen oharkabean pasatu, eta 2016an Ingalaterrara joan zen. Bi sasoi eman zituen bertan, Arsenalen eta West Hamen, eta bederatzi gol baino ez zituen sartu. Tartean Deportivora itzuli zen, utzita, 2017-2018ko sasoian. Txukun aritu zen, baina bi urte lehenago erakutsi zuenetik urruti: bederatzi gol sartu zituen 37 lehiatan. Orain, ordea, bere bertsiorik onenera ari da itzultzen. Arsenal 20 milioi euro ordaintzeko konbentzitu zuen horretara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.