Taldean dute indarra

Derbia jokatuko dute gaur Donostian IDK-k eta Araskik. Talde bakoitzak bi garaipen eta hiru porrot pilatu ditu jokatutako bost partidetan

IDK-ko eta Araskiko jokalariak lehian, aurreko sasoian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Ohorezko Mailan dauden hiru euskal taldeei —Lointek Gernika Bizkaiari, Kutxabank Araskiri eta IDK Euskotreni— estutu egingo zaie egutegia datozen bi asteetan. Aste honetan bi jardunaldi jokatu dituzte, eta hurrengoan, beste bi. Aste honetako bi jardunaldietan derbi bana izango da. Lehena gaur jokatuko da Donostian, IDKren eta Araskiren artean (20:00).

Nortasun handiko bi talde dira gipuzkoarra eta arabarra, aulkian dituzten entrenatzaileen isla. Izan ere, Azu Muguruzaren eta Madde Urietaren ezaugarri nagusia da lehiakortasuna. Horrekin batera, banakako jokoan bainoago, talde jokoan sinesten dute. Haien taldeek oso sustraituta dute hori; egiten ez dutenean, zailtasunak izaten dituzte irabazteko.

Bi taldeek galdu egin zuten aurreko jardunaldian, eta jokatutako bost lehietan bi garaipen eta hiru porrot pilatu dituzte. Julia Gladkova IDK-ko jokalariak onartu du ez zutela partida ona jokatu aurreko jardunaldian, Al Qazeresen aurka. «Bidaia luzea egin behar izan genuen, baina hori ezin da aitzakia izan. Haiek intentsitate handiagoarekin jokatu zuten minutu batzuetan, eta hori antzeman egin zen».

Ez ziren fin aritu hiruko jaurtiketetan. Hamabitik bi baino ez zituzten sartu. «Hori hobetu behar dugu gaurko neurketari begira, baina batez ere defentsako lana. Izan ere, partida gehienak oso orekatuak dira liga honetan, eta erasoan bainoago defentsan asmatzeak erabakitzen ditu neurketa asko». Alde horretatik, gogorarazi zuen Araskik jaurtitzaile finak dituela: «Ezin diegu utzi erraz jaurtitzen, jokalari erabakigarriak baitituzte kanpotik». Horrekin batera, berretsi zuen ezin dituztela hainbeste baloi galdu. 22 galdu zituzten azken neurketan, eta onartu zuen horrela oso zaila dela partidak irabazi ahal izatea. «Are gehiago partidak parekatuta doazenean».

Dena den, taldea ondo ikusten du gaurko neurketarako. «Zertxobait gehiago egokitzea falta zaigu, baina uste dut denbora kontua dela. Taldea ondo ari da lanean».

Antzera mintzatu zen Izaskun Garcia Araskiko jokalaria ere. «Estudiantesen aurka galtzea kolpea izan zen. Baina ondo etorri zaigu hain bizkor beste partida bat izatea. Ez porrota ahazteko bakarrik, baita taldea lehiaketa erritmoa hartuz joateko ere. Izan ere, ezohiko denboraldi-aurrearen ondoren, oraindik kosta egiten ari zaigu hori hartzea».

Tamara Abalde eta Ana Cruzen fitxaketekin ikusmin handia zegoen Araskiren inguruan. «Denboraldi hasiera ez da espero genuena bezain ona izan. Tamararen eta Anaren fitxaketek asko eman digute, eta egin behar duguna da ohi dugun talde izaera eta joko hori gehitu. Hori izan da beti gure ezaugarri nagusia, eta eutsi egin behar diogu».

Partida «zaila, gogorra eta parekatua» espero du gaur. «Barruko joko indartsua du IDK-k, ligako gogorrenetakoa, bai fisikoki, baita talentu aldetik ere. Gainera, uste dut aurreko sasoian baino talde orekatuagoa duela. Defentsan aurrerapauso bat eman behar dugu gaurko partida irabazteko, eta aurreko sasoian bezala ligan goian egoteko». Arabarrentzat, uztaipeko lan horretan funtsezko jokalaria da Tamara Seda. Larunbatean min hartu zuen, Estudiantesen kontrako lehian, eta zalantza dago gaurko neurketari begira.

Erasoan, berriz, gaineratu du gaurko lehian kanpoko jaurtiketak bilatu behar dituztela. «Alde horretatik asko dugu emateko, oso jaurtitzaile onak baititugu. Horrekin batera, funtsezkoa izango da 40 minutuetan oso adi egotea. Izan ere, IDK-k oso ondo baliatzen ditu aurkariak besoak jaisten dituen momentuak»

Gernika, etxean

Gaur du partida Lointek Gernikak ere, Al Qazeresen kontra, Malosten (21:00, Teledeporte). Mario Lopezen taldeak ezin izan du partidarik irabazi etxetik kanpo; hori dela-eta, funtsezkoa da etxean garaipena lortzea, goiko postuetatik ez aldentzeko. Al Qazeresek ere ez du orain arte partidarik irabazi kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.