Natalia Arroyo. Realeko entrenatzailea

«Argi nuen hemen segitu nahi nuela; akordioa erraza izan da»

Kontratua beste bi urtez berritu ostean, pozik dago Natalia Arroyo. «Lekurik aproposena da hazten segitzeko. Klub gutxik dute honek adina anbizio. Luxua da hemen lan egitea eta bizitzea», dio.

GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
Donostia
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Gaurko Alavesen aurkako partida amaituta, merezitako oporrak hartuko ditu Natalia Arroyo Realeko teknikariak (Esplugues de Llobregat, Herrialde Katalanak, 1986). «Denerako astia egongo da: deskonektatzeko, etxekoekin eta lagunekin egoteko, baina baita orain arte egin duguna aztertzeko ere». Bigarren daude txuri-urdinak. «Sinetsita gaude posible dela lehen itzulian egindakoa hobetzea».

Pozik zaude beste bi urterako kontratua berritu eta gero?

Oso pozik. Denen artean etxean bezala sentitzea lortu duzue, eta garbi nuen hemen segitu nahi nuela. Bi aldeek proiektu honetan sinesten dugula esan nahi du, eta ilusioa dugula bidea egiten jarraitzeko. Uste dut etorkizun polita dugula aurretik, eta futbol identitate markatu bat duen zerbait eraikitzen ari garela.

Erraza izan da akordioa?

Futbolean ni baino denboragehiago daramaten pertsona askok gomendio bera eman didate: leku batean gustura bazaude, eta lan egiten uzten badizute, asko balio du. Nik hemen hori guztia daukat. Kontratua berritzeko aukeraz galdetu zidatenean, argi esan nien oso gustura eta eroso nagoela hemen. Oso erraza izan da akordioa; bizkor joan da dena. Ez dago leku hoberik nik hazten segitzeko, eta ligan klub gutxi daude honen adinako anbizioarekin. Jokalarien eta entrenatzaile multzoaren inplikazioa, gainera, erabatekoa da. Horrez gain, bai bizitzeko, bai futbola ikusteko dudan modua bat dator hiriarekin eta klubarekin. Luxua da hemen bizitzea eta hemen lan egitea.

Lasaitasuna ematen dizu kontratua bi urterako izateak?

Dudarik gabe. Asko eskertzen diet, horrek ikuspegi luzeagoa ematen baitio proiektuari, eta izugarri handitzen baitu bi aldeen aldetik dagoen konfiantza. Nik maiz esaten dut prentsa agerraldietan erabateko konpromisorik gabeko proiektuek ez dutela funtzionatzen. Horretan sinesten dut, eta jokalariei hori azaltzen saiatzen naiz egunerokoan. Ni ere hori betetzen saiatzen naiz.

Kontratua berritu izana alde batera utzita, udakoa eta gero nola izaten ari da zure denboraldia? Izan ere, kazetariekin urrian izandako bilkuran adierazi zenuen aurrekoa ez zela denboraldi erraza izan. Eroso eta pozik zaude?

Agian hor interpretazio oker txiki bat egon zen. Ez nuen arreta jokalarietan jarri nahi. Multzo batean lehen denboraldia duzunean, askotan gertatzen da ez duzula behar beste ezagutzen, eta ez duzula asmatzen gauza batzuk behar bezala kudeatzen, edo behar duzun bezain gertu egoten. Jokalari guztiei eskertu nien lehen urte horretan eman zidaten laguntza. Umiltasunez, exijentziaz eta urtebeteko esperientzia baliatuta bizitzen ari naiz denboraldi hau.

Gaurko partida falta zaizue lehen itzulia amaitzeko. Emaitzak ikusita, ezin hobea izaten ari da, ezta?

Hala da. Datuak ikusita, ia perfektua da. Jakitun gaude zenbat kostatu zaigun hori lortzea, eta helburua da Alavesen aurka ere orain artekoari eustea, eta lehen itzuli bikain hau biribiltzea. Alavesen aurkakoa ez da erraza izango, haiek ere denboraldi aparta egiten ari baitira.

Udan pasatutako guztia eta gero, espero zenituen halako emaitzak?

Konfiantza nuen berriro talde indartsu bat eraiki genezakeela. Izan ere, batetik, geratzen ziren jokalariak gai ikusten nituen aurreko denboraldian egindakoa errepikatzeko eta hobetzeko; ilusioz eta indarberrituta etorri ziren. Eta, bestetik, fitxatutako jokalariek bi ezaugarri zituzten: nahi genuen jokoa egiteko profila betetzen zuten, eta haiekin harremanetan jarri ginenean berehala azaldu zuten hona etortzeko prestutasuna. Gaztetasunaren eta esperientziaren arteko oreka bilatu genuen, eta aurreko denboralditik lantzen ari ginen jokatzeko ideia horretan sinestea. Alde horretatik banuen konfiantza, baina egia da emaitzak ia perfektuak direla.

Ematen du jokalari bakoitzak ez ezik, multzoak ere eman duela aurrerapauso bat. Udan gertatutakoak indartsuago egin du multzoa?

Baliteke. Ohartuta edo oharkabean, agian, geratu den jokalariak esan nahi izan du: nirekin Reala ona da oraindik ere. Argi dago jokalari garrantzitsuak joan zirela, taldeari asko eman ziotenak. Baina hemen geratu zirenek bide luzea zuten. Gainera, eguneroko lanean arreta handia jartzen dugu jokalari bakoitzaren hazkundean eta hobekuntzan.

Denboraldi honetan zer partidak utzi dizu aho zaporerik onena? Eta txarrena?

Ezingo nuke bat aipatu, ez onerako, ezta txarrerako ere. Nabarmenduko nukeena da gai izan garela zelaian jokatzeko ideia bat gauzatzen, eta partida guztietan izan ditugula momentu oso onak. Hain ondo egon ez garenean, berriz, taldea harri bihurtu da: asko batu da, jabetu da lan egiteko eta sufritzeko eguna zela, eta hala egin du. Uste dut lehiatzeko erakusten ari garen modu horrek zerikusi handia duela izan nahi dugun talde motarekin eta dugun giroarekin. Eibarren aurkako partida da horren erakuslerik argiena. Ez zitzaigun norgehiagoka polita atera, baina gai izan ginen bi aldiz emaitza irauli, ondo lehiatu, eta irabazteko. Garrantzitsua izan zen, gainera, etxean Huelvaren aurka berdintzetik gentozelako.

Hori da aurreko denboraldiarekin dagoen alderik handiena?

Iaz saiatu ginen halako egoeretarako konponbideak topatzen. Baina egia da une batzuetan ez ginela horren sendo egon. Denboraldi honetan, emaitzek lagunduta, konfiantza, energia eta sendotasun hori dugu.

Sporting Huelvaren aurkako berdinketa eta gero, aipatu zenuen taldea amorratuta eta minduta zegoela. Berdinketa batek min emateak erakusten du taldearen anbizioa?

Dudarik gabe. Entrenatzaile multzoaren aldetik, jokalariak egunerokoan motibatuta egoteko baldintzak jartzen saiatzen gara. Baina bada jokalariei berez sortzen zaien motibazio bat. Eta bai bakarka, bai talde moduan erakusten ari garen motibazio horrek oso indartsu egiten gaitu. Partida bakoitzaren ostean jokalariekin batera egiten dugun analisian gauza asko egon ohi dira goraipatzeko, baina baita hobetzeko ere. Eta alde horretatik ez dugu konformatu nahi. Hori izan da hona ekarri gaituena. Gauden lekuan egotea ez da kasualitatea: eguneroko lanarekin multzoak erakusten duen konpromisoaren fruitua da. Oreka handia dago. Exijentzia eta elkar estutze hori dago, baina, aldi berean, ez dugu geure burua torturatzen akatsekin. Ikasteko aukera gisa ikusten ditugu.

Lehia horren isla da atean dagoena. Bai Adriana Nanclares baita Elene Lete ere oso ondo ari dira, eta partidak txandakatuz. Hain gazteak izanda, ez al da harrigarria ematen ari diren maila?

Bai, eta ez horiek biak bakarrik, baita Olatz ere. Jokatu ez arren, itzalean egiten ari den lanarekin entrenamenduen maila handiagoa izaten laguntzen ari da. Atezain bati tenplea, partiden erritmoa kudeatzea, baloia ateratzean arriskuak hartzea, altu defendatzen laguntzea, geldikako jokaldietan agintzea... eskatzen zaio.Horrek guztiak konfiantza, eta urduritasunak ondo kudeatzea eskatzen du. Alde horretatik, maila izugarria erakusten ari dira. Gainera, elkarren arteko lehia hori zein naturaltasunekin daramaten eskertu nahiko nieke.

Baina taldeak ere badu esperientzia. Zein izaten ari da Ane Etxezarreta, Iraia Iparragirre eta Maddi Torre jokalarien egitekoa?

Funtsezkoak dira, bai zelaian, baita zelaitik kanpo ere. Maddi eta Iraia kapitainak dira. Anek ez darama besokoa, baina ez da beharrezkoa duen garrantziaz jabetzeko. Bakoitzaren parte hartzea desberdina izaten ari da zelaian, baina gure zutarriak dira. Eskarmentu handia dute, oso ondo dakite nola funtzionatzen duen honek, eta oinak lurrean jartzen dizkiote multzoari beharrezkoa denean, eskarmentuaren eta heldutasunaren talaiatik. Beharrezkoa denean ahotsa ere altxatzen dute, eta funtsezkoak dira giro onari eusteko. Asko eskertzen diet egiten duten lana.

Baina, zalantzarik gabe, zeresan handiena ematen ari direnak Nerea Eizagirre eta Amaiur Sarriegi dira. Zer egin behar da halako bi jokalarik denbora luzez Realean segitzeko?

Bi gauza izan behar dituzte argi: batetik, haiei hazten laguntzen diela hemen egoteak, eta, bestetik, Realari ere hazten laguntzen diola haiek hemen egoteak. Horrek zerikusia du Realak gauza handiak lortzeko borrokan egotearekin, proiektu eta eguneroko anbiziotsu bat izatearekin. Pizgarri hori izan behar dute. Nik argi dut oraintxe bertan egon daitezkeen lekurik onena hau dela, garrantzi handia duten jokalariak baitira, eta guztion babesa baitute. Hori, agian, beste leku batzuetan ez dute izango.

Manuel Vengas, Allegra Poljac, Clare Pleuler, Gaby Garcia... Atzerritar dezente fitxatu zenituzten udan... Horrek ez al du oztopatuko behetik datozen jokalariak haztea?

Nik hasieratik izan nuen garbi harrobiaren garrantzia. Kataluniatik nator, eta han ere garrantzi handia ematen zaio. Alde horretatik, Zubieta opari bat da; klubaren orainaren eta etorkizunaren bermea da. Baina kanpotik etorritako jokalariek aukera ematen digute denbora irabazteko, bigarren taldeak ibilbide laburra baitu oraindik ere. Jokalari gazteek beren bidea eginez joan behar dute, lehiatuz, ikasiz eta Realaren jokatzeko era eta identitatea barneratuz. Etorri direnek esperientzia eman digute, eta joko aldetik ere maila handia dute.

Taldearen inguruan izandako zalantzen artean, jokalari horietako batzuek eman zezaketen maila zegoen.

Zaleei ez dagokie ekartzen diren jokalariak ezagutzea, eta, oraindik ere gure ligako partidak ikusteko dauden zailtasunak kontuan hartuta, normala ere bada ezagutza falta hori. Gainera, egia da gure fitxaketetatik hiru aurreko denboraldian maila galdu zuten taldeetatik zetozela, eta beste bat Bigarren Mailatik. Baina guk garbi genuen zer nahi eta behar genuen. Askotan pentsatzen da goi mailako talde batetik fitxatzen duzun jokalari batek errendimendu handiagoa eman dezakeela beheko talde batetik fitxatzen duzunak baino. Baina ez da horrela. Guztiek erakutsi dute hemen egoteko maila dutela, eta ez dut zalantzarik etorkizunean ere hala egingo dutela.

Garbiñe Etxeberriaren lana goraipatu izan duzu. Zein da haren lana eta garrantzia taldea osatu eta erabakiak hartzeko garaian, Roberto Olabe futbol arduradunak emakumezkoen taldearen ardura ere hartu duenetik?

Garbiñe honen guztiaren ikurra, zutarria da. Emakumezkoen taldeak lortu duen guztiak harekin du zerikusia: haren lanarekin, ezagutzarekin, ordenarekin, ikusmirarekin... Asko lagundu dit, eta taldetik oso gertu dago. Liga ondo ezagutzen du, baita Gipuzkoako futbola ere. Guretzat funtsezkoa da haren lana.

Hori kontuan hartuta, orduan zein da Olaberen egitekoa?

Futboleko arduraduna izanda, gure inguruan ere ardura batzuk ditu. Izan ere, egitura osoaren ikuspegia dauka. Egunerokoan harreman estua dute hark eta Garbiñek, eta erabakiak elkarlanean hartzen dituzte. Roberto ere oso gertu dago gugandik.

Baduzu astirik futbolaz gozatzeko eta hura aztertzeko?

Modu desberdinean disfrutatzen dut. Lehen baino deskonektatuago nago gizonen txapelketetatik.Reala ikusteko baino ez dut astirik, eta ahal dudanean joaten naiz Anoetara. Hor zale eta klubeko langile moduan disfrutatzen dut, eta gustuko dut. Bestela, nahikoa dut gure partidak aztertzen eta aurkarienak ikusten.

Bost emakumezko entrenatzaile zaudete Lehen Mailan, eta aurrekoan zenioen gero eta gehiago izango direla.

Dudarik gabe, eta profesionalizazioak zerikusi handia izango du horretan. Izan ere, emakumeen futbolean aitzindari izan zirenek borroka handia egin behar izan zuten jokatzeko. Eta, behin futbola utzita, ez zioten erreparatzen entrenatzaile izateko aukerari. Eguneroko borroka horretatik nekatuta amaitzen zuten, eta ez zuten etorkizunik ikusten. Hori, zorionez, aldatu egin da. Orain beste baldintza batzuk daude. Aukera eta erraztasun gehiago dituzte titulua ateratzeko, eta aukera ikusten dute etorkizunean entrenatzaile izateko.

Zer moduz euskara ikasten?

Iragan denboraldian euskaltegira joan nintzen, eta ea berriz ekiten diodan. Hitz batzuk esatera ausartzen naiz, eta zenbait gauza ulertzen ditut. Partidetan ere saiatzen naiz jokalariei hitzen bat esaten, aurkarien aurrean abantaila bat delako eta multzoa oso euskalduna delako. Gehiago hitz egin nahiko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.