Harkaitz Cano.
Joxan Lizarribar hil da. Iritzia

Ezkutatu den lagunari

2013ko apirilaren 11
00:00
Entzun
New Yorken ezagutu genuen Joxan Lizarribar, duela ia hamabost urte. Ezagutu orduko bere ezagunak aurkeztu eta agendan baliagarri ziren ateak ireki zizkigun, geroztik hain sarritan ikusiko genion eskuzabaltasunarekin. Washingtonera gonbidatu gintuen sosik ez genuen garaian, «dirua, zertarako zagok ba». Haren eskutik ezagutu genituen Arlingtoneko hilerria eta Lincoln memoriala, besteak beste. Lehenbiziko oroitzapenetako bat: jatetxe bateko ardoen karta irakurtzen ari da, arreta handiz. Chardonnay hitza entzun nuen estreinako aldia, agian. Zerbitzariak zer moduz ginen galdetu ondotik, «we expect to be much better now» erantzun zuen irribarrez. Ederki gaude, baina hobeto egotea espero dugu ardoa eskatu ondoren. Huraxe zen bere jarrera. Ondo gaude eta egon gaitezke hobeto. Eta egongo gara. Gauzak erraztu zalea zen. Eta dotorea. Existitzen ez den—hortxe arantza bat— enpresari kasta euskaltzale bateko ordezkari. Zenbat txantxa, haren ustezko gauche divine izaeraren lepotik. «Dandy-a ni? Banintz ere, proud of it». Enpresa eta politika. Enpresa eta kultura. Mundu ezberdinen arteko zubigile eta eraikitzen zituen zubien sinestun. Konplexurik gabekoa eta konplexu zentzugabeen salatzaile sutsua. Gentleman bat zentzu askotan, ezohikoa zen haren egikera, ezin uka. Enpresa kudeaketan erantzukizun handiko lana eginagatik «adreilu saltzailetzat» aurkezten zuen bere burua. Bazuen ironiarik eta bazuen autoironiarik. Artaldetik bereizten denari lepoa mozteko euskaldunon joera deitoratzen zuen suhartasun berberarekin mozten zien berak dialektikoki burua arerioei. Zorrotz eta arrazoituz. Abertzaletasuna, bidaiatuz sendatu beharrean, areagotu egin zitzaiola aldarrikatzen zuen. Eta abertzaletasuna bidaiatuz sendatzen dela esan zuena baino dezente gehiago bidaiatuta zioen hori. Gustatzen zitzaion zirikatzea, zirikatua izatea adina. Afalosteetarako ezagutu dudan konspiratzailerik onenetakoa. Baikor, barrea zabal. Bizizaletasunetik beti. Gerora ulertzen baita behiala gure osasunaren alde egin genituen topa guztien benetako zentzua.

Esan eta izan. Nazio ikuspegi bat aldarrikatu eta diskurtsoaren erretorika fosilean geratzen diren hainbatek ez bezala, praktikara eramaten zuen sinesten zuena. Eta sinesten zuena maite zuena zen. Nahi izan balu lider politiko petoa zatekeen, bazuen karisma eta ezpala, baina azkarregia zen horretarako, beharbada; ondoegi aurrikusi zituen halako langintza batek eragingo lizkiokeen frustrazioak.

Idazle izate hutsagatik batere interesatzen ez zaizkizun zenbat liburu oparitzen dizkizuten aipatu nion behin. «Ematen al didak liburuak oparitzeko baimenik niri?», galdetu zidan orduan, irribarre bihurriz. Askotan ekartzen zizkigun liburuak: W.H. Auden, Michael Chabon, André Aciman, Harold Bloom... Ez zen ikusi ez zuen filmik, ez zen irakurri ez zuen libururik. Gourmet-aren sena zuen, literaturan bezala, musikan. Berdin topatuko zenuen Musika Hamabostaldian bosteko eta muxu partitzen edo Wilcoren azken kontzertutik adrenalina-jario irteten. Oxfordeko ahoskera perfektuaz mintzo zen ingelesez. Horixe zuen izatez, british ukitu bakarra, gustukoago baitzituen gainerakoan AEBak.

Lagun giroan handia zen haren presentzia, eta are handiagoa izango da hutsunea. Zer gertatuko da, adibidez, egunero ordu berean New Yorkera deitzen zion adiskidearekin, apurka-apurka memoria eta burua galtzen ari den lagun horrekin? Handia da galeraren samina, bai, ez dagoelako bera bezalakorik, nekez ordezka ahal delako Joxan Lizarribar.

Genetikak izaera nekaezina oparitzen dioten horietakoa zen. Zori traketsa ez da genetika bezain eskuzabala izan berarekin, ez behintzat bizitza urtetan neurtzeari lehentasuna ematen badiogu. Urteak, ordea, ez dira neurgarri bakarra. Hor dago bere kemen arrastoa, grinarena, intentsitate itzalezina; hor daude dena emanda bizitzeko moduak, urteen neurgailuak balio ez duenean.

Euskaraz modu asko dauzkagu joan direnak izendatzeko. Ezkutatu egin direla esatea gustatzen zait niri. Haren izaera konspiratzaileak hala iradokitzen dit. Bere ezkutalekutik erantzungo digula nolabait, zer esan eta nola jokatu, harekin akordatzen garen bakoitzean. Izaten direlako lagunak oroitzapenetan oroitzapen bezala agertzen direnak. Eta izaten direlako lagunak oroitzapenetan orainaldia interpretatuz agertzen zaizkigunak. Kargu hartuz, aholkuak emanez. Ez daukat dudarik gaitasun hori izango duenetakoa izango dela Joxan. Bada, jadanik. Ba haiz, dagoeneko.

Ez adiorik, topa bat baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.