Bortxa matxistagatik %8 andre gehiago babestu zituzten iaz

Epaitegien babesgabetasuna salatzeko, apirilean Iruñean eginiko protesta bat. IÑIGO URIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko 1.000 emakumetik batek jaso zuen babesa iaz indarkeria matxistagatik. 1.051 zenbatu ditu INE Espainiako Estatistika Institutuak. Bikotekideen edo bikotekide ohien indarkeria jasan eta gero babes neurriren bat jarri dieten emakumeak hartzen ditu kontuan INEk; ezezagunek egindako indarkeriarenak, adibidez, ez ditu zenbatzen.

Biktimen kopuruak % 8 egin du gora urte batetik bestera lau lurraldeetan. 2017an, 972 emakume babestu zituzten. Kopuru hori bereziki handitu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: %10, batez beste. Hiru lurralde horietan 746 kasu izan ziren 2018an. 2011. urtetik artatu behar izan duten biktima kopuru handiena iaz izan zen, INEren datuek erakusten dutenez.

Biktimen batez besteko adina 36 urte da. Eraso gehienak 25 eta 44 urte arteko emakumeek jasan dituzte; zehazki, halako 699 andre babestu zituzten iaz. Jarraian, 18 eta 24 urte artekoak: 174 emakume. 45 eta 64 urte artekoen artean, 148. Eta 65 urte baino gehiago dutenen artean, zortzi. Adingabeen kasuan, 22 babestu zituzten bikotekide edo bikotekide ohiaren erasoetatik. Gora egin duten adin tarteak 18 eta 24 urte artekoak eta 45 eta 64 urtekoak dira: %18 gehiago eta %12 gehiago, hurrenez hurren. Beste adin tarteetan behera egin du kopuruak.

Biktimekin bezala, erasotzaileen jatorriari eta adinari buruzko datuak jasotzen ditu INEren estatistikak. Kasu horretan ere ugaritu egin dira 18 eta 24 urte arteko erasotzaileak. %18 gehiago urte batetik bestera: adin tarte horretako 132 salatu zituzten. 25 eta 44 urte artekoen kopuruak ere gora egin du: %14 gehiago; 689, guztira.

Absoluzioak: %2

Hego Euskal Herriko epaitegiek, berriz, 1.535 epai irmo kaleratu zituzten iaz; aurreko urtean baino %8 gehiago. Epaiketa gehien- gehienek zigor ebazpenekin amaitu zuten: %2 baino ez zituzten absolbitu 2018an. Halaber, epaitegiek %10 gehitu dituzte erasotzaileen aurkako neurriak. Urruntzea edota inkomunikazioa da nagusia: kasuen %31tan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.