Gizon bat atxilotu dute Villabonan emakumezko bat atxikitzeagatik

Gizonak bere haurra zaintzeko lana eta dokumentazioa eskaini zizkion, eta, behin andrea kontratatuta, itxi eta hiltzeko mehatxua egin zion

Villabonako Udalak gertatutakoa gaitzetsi du. TOLOSALDEKO ATARIA.
Erredakzioa
Donostia
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Ertzaintzak 41 urteko gizon bat atxilotu du, Villabonako (Gipuzkoa) baserri batean emakume bat bere borondatearen kontra atxikitzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez. Gizonak bere haurra zaintzeko kontratatu zuen emakumea, baina, behin etxera eramanda, ez zion ateratzen uzten, eta heriotza mehatxuekin atxiki zuen bere borondatearen kontra.

Segurtasun Sailaren arabera, emakumeak iaz ezagutu zuen gizona. Hark bere semea zaintzeko lana eta dokumentazioa eskaini zizkion. Andreak lan egiteko eskaintza onartu ondoren, gizonak etxe batera eraman zuen, eta sakelako telefonoa kendu zion. Emakumeak joan den igandean senide bati ahozko mezu bat bidaltzea lortu zuen, hala ere. Senide horrek Ertzaintza ohartarazi zuen, baina non zegoen ezin izan zuen zehaztu. Villabonako lekuren batean zegoela jakin ahal izan zuen Ertzaintzak. Agenteek baserria aurkitu zuten, eta andrea askatu zuten, astelehenean.

Gertatutakoa gaitzetsi du Villabonako Udalak, eta elkartasuna adierazi dio biktimari. Udalak premiazko bilkura bat egin zuen atzo eguerdian, eta adierazpen instituzional bat onartu zuen. Herriko balkoi eta leihoetan more koloreko bereizgarriak jartzera deitu zituen herritarrak. Atzo iluntzean kazola jotzea ere egin zuten balkoietan.

Urteko lehen hiru hilabeteetan,104 emakumezkok jarri dute salaketa Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan, beren askatasun sexualaren kontrako delituak egin dizkietela kontsideratuta. Iaz epe berean jarritako salaketekin alderatuta, %48,5 igo dira. Emakundek bildutako datuak dira, berri agentzia batek atzo publikatutakoak. Joan den martxoaren 15ean sartu zen indarrean alarma egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.