IRLEN SAREA

Telegrafo optiko sareak birgaitu

Gorka Julio -

2019ko martxoak 2
Turismo jasangarria, lurralde osoan banatua eta ez bakarrik hiriburuetan metatua, ondarea eta kultura kontutan hartuko dituena, aldi berean burujabetzan edo herrigintzan ekarpenak egiten dituena eta modernoa. Hori nahiko lukete askok; bada hemen proposamen ero bat: Euskal Herriko telegrafo optiko sareak birgaitzea.

Telegrafo optikoaren bidez kode arautu eta bateratu bat erabiliz komunikazio bat egiten zuen lehena Claude Chappe. Goragune edo dorreetan erloju modukoen bidez, orratzak mugitu eta ordua adierazi beharrean, zeinuak seinalatzen zituzten mezua osatzen joateko. Mende erdiz iraun zuen sistema honek; Baionan eta Urruñan (Lapurdi) izan zituen estazioak, adibidez.

Hegoaldean ere egon zen horrelakorik, eta horren aztarnak oraindik badiraute gure zenbait herritan. Gaztelako linea Jose Maria Mathe donostiarrak diseinatu zuen XIX. mendean. 1846ko urriaren 2an hasi zen funtzionatzen. Araba, Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen zituen Madrilekin. Gasteizko San Bizente elizako dorreak funtzio hori zuen. Altsasuko lurretan ere badira zenbait aztarna, eta Tolosan —Uzturren— eta Andoainen —Aitzbeltzen— (Gipuzkoa) oraindik dorreen aztarna nabarmenak ikus daitezke.

Dorre horiek leku estrategikoetan kokatuak zeuden, normalean iristen zailak ziren tokiak —dorrezainen kaltetan—, baina masifikazioak saihesteko bikainak dira. Erreklamo turistiko polita lirateke; ondarea zainduz eta herria eginez. Irudika dezakezue Euskal Herrian zehar, telegrafo optikoaren bidez, korrikak testiguarekin egiten duen moduan, mezuak pasatzea.

Horretaz gain, bisioagatik puntu estrategikoak izaki, XXI. mendera ekar genitzake eta beraz hari gabeko konexioak ahalbidetzeko sare teknologiko propio bat garatu wifi, LoRa, 4G edo 5G sare propio bat izateko horrela. Konexio puntuen faltan, telegrafo dorre zaharrak ez ezik, Nafarroako erresumako gaztelu suntsituak birgaitu genitzake funtzio berarekin ere. Telegrafo optikoak eta ondoren etorriko zen elektrikoak erabat aldatu zituen komunikazioak. Horri esker garatu ziren burtsa, burgesia, sindikatuak, egunkariak, alderdiak eta XIX. mendeko estatu modernoa osatu izan zituzten egitura guztiak. Aukera dugu ondare hori etorkizunera proiektatzeko eta helburu berrituekin jendartean eragiteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna