ATZEKOZ AURRERA. Mikel Armentia. Boot Boys taldeko gitarra jotzailea

«Lehen akordea jotzea berezia da»

Legution jaio zen Boot Boys taldea, duela 11 urte; Gasteizko jaietako txosnagunean kontzertua eman zuten larunbatean. Hurrengo urtean disko berria prestatzen hasiko dira.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Gasteiz
2018ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Legutioko Boot Boys street-punk taldeak 11 urte daramatza gaztetxe eta lokaletako giroak astintzen. Mikel Armentia gitarra jotzaileari (Gasteiz, 1995) «poz handia» ematen dio musikaren munduan aritzeak, taldeko beste kideek baino ibilbide laburragoa izan arren. Goiza Perezek, Jon Gurutze Jainagak, Jorge Gonzalezek, Ibai Perezek eta Armentiak osatutako taldeak mezu politikoak eta haien ideiak zabaltzen dituzte duela 11 urtetik. Hurrengo diskoak ere mezu politikoak eta street-punk doinuak izango ditu oinarri. Atzerrian ibiliak dira, eta jada bi disko atera dituzte Boot Boys izeneko maketaren ondotik: Juramos vencer (2013) eta Desobedientziaz bizi (2015).

Zer moduz doaz Gasteizko jaiak?

Primeran hasi dira; sekulako giroadago. Gainera, jaiak gurekin ospatu ezin dituztenez gogoratu zen Zeledon Txupinazo egunean. Blusek eta neskek betetzen dituzte kaleak, eta musika nonahi dago, kale eta txosnetan, behar den moduan. Petralak kuadrillakoa naiz, eta dantzatzen eta abesten pasatzen dugu eguna. Blusekin eta neskekin ateratzeak giroan murgiltzen laguntzen du; esperientzia paregabea da.

Zer moduz atera zen larunbateko kontzertua?

Bizitzan izan dugun esperientziarik onenetarikoa izan zen. Karpa jendez bete zen. Lortu genuen konexioa ezin da hitzekin azaldu: ikaragarria izan zen. Horrelako egunetan musika egiteak benetan merezi du.

Zer ematen du musikak?

Musikak pertsona guztientzako poztasuna sortzen du. Ez bakarrik musikak; musikariok egiten ditugun letrek ere mezua dute. Guk politikaz hitz egiten dugu; aukera ematen digu jendeari esateko nolakoa den geure herriaren egoera edo garaiko egoera. Poztasunaz gain, motibazioa ere sortzen du. Ni, adibidez, eszenatoki batean jotzeak asko betetzen nau, eta orokorrean musikari guztiak betetzen ditu.

Disko berri bat prestatzen hasiko zarete.

Bai, intentzioa dugu. Oraindik ez gara hasi konposatzen, baina ideia, behintzat, badugu. Datorren urtetik aurrera hasiko gara lanarekin. Estilo aldetik, aurrekoen antzekoa izango da; entzuten dugun musika aldatu egiten da, eta horrek eragina du, baina oinarrian dagoen estiloa mantentzeko asmoa dugu.

Zer iruditzen zaizu Valtonyc edo Pablo Haselekin gertatzen dena?

Aspalditik ikusi dugu Espainiako estatuaren jarrera. Frankistek gobernatzen jarraitzen dute, eta errepresioa beti egon da. Orain Kataluniarekin argiago ikusi da. Espainian horrelako gertakariak normalizatu egin dira, eta horri aurre egiteko aldarrikatzen ditugu borroka, salaketa eta erresistentzia. Ezin dugu besterik egin, eta elkartasuna lortu behar dugu.

Beraz, ez dituzue gustuko maitasunari buruzko abestiak?

Tira, maitasunari buruz, bere horretan, ez dugu abesten, baina badugu Lealtad izeneko abesti bat: leialtasunaz hitz egiten du, lagun bati idatzirikoa baita. Horrez gain, Maite zaituztegu abestia ere badugu, presoei zuzendua.

Autogestioaren bidez egin duzue zuek ibilbidea.

Bai: diru guztia kontzertuetatik, kamisetetatik eta diskoetatik ateratzen dugu. Diseinuak guk geuk egiten ditugu, eta kontzertuak lotzen ditugu sare sozialen edo abeslariaren kontaktuen bidez.

Zer talderekin jotzea gustatuko litzaizuke? Eta non?

Askorekin, eta beste askorekin ere errepikatuko nuke. Adibidez, gustatuko litzaidake Non Servium taldearekin berriz jotzea. Oso ondo egon gara haiekin beste batzuetan. Gehien erakartzen nauen lekuetako bat Hatortxu Rock da. Beti joan naiz, eta itzela iruditzen zait bertan jotzea; gainera, uste dut garrantzitsua dela presoei laguntzea .

Zer sentitzen da agertoki batera igotzean?

Igotzen zarenean, jende guztia, eta, batez ere gazteak, kontzertua ikusteko gogoz ikustean, poz handia sentitzen duzu. Lehen akordea jotzea berezia da: jendea motibatuta dagoela ikusten duzunean zu ere motibatzen zara.

Zer iritzi duzu jaietan jartzen den musikaz?

Nik uste dut Euskal Herrian badagoela kontzientzia, egoerak behartuta. Horregatik, denetariko musika entzuten da. Jaietan, saiatzen dira musika matxista ez jartzen, reggaeton matxista, kasurako. Uste dut dezente zaintzen dugula musika. Musika matxista oso erraz jasotzen dugu, baina hemen, orokorrean, ni gustura egoten naiz gauetan. Aurtengo Gasteizko jaietako kartela erakargarria da. Gainera, neska gehiago sartu dituzte, eta hori positiboa da. Txosnetan oso kontzertu onak egoten dira urtero.

Zer esango zenieke musikan hasi berriei edo gazteei?

Animatu daitezela, eta aurrera jarrai dezatela nahiz eta oztopoak izan bidean, musika sustatzea positiboa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.