ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Canton Uriondo. Luthierra

«Luthierraren izenak biolinarenak baino balio handiagoa izan dezake»

Ingeniari lana alde batera utzi zuen Cantonek duela lau urte, musika tresnak egiten ikasteko. Denbora horretan egindako instrumentuekin kontzertu bat antolatu du Gorbeialdean, datorren larunbatean.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Kontzertu berezi bat biziko du Murgiako San Migel parrokiak (Zuia, Araba) larunbatean, 19:00etan; Iñaki Canton Uriondo luthierrak (Gasteiz, 1977) egindako bi biolinen, biola baten eta biolontxelo baten soinuak batuko dira, Cantonek Sergio del Camporekin egindako organo batekin. Instrumentu guztiak Arabako musikari profesionalek joko dituzte, abesbatza batek lagunduta.

Nola bururatu zitzaizun larunbateko kontzertuaren ideia?

Duela lau urte murgildu nintzen, era erdi-profesionalean, instrumentuak egitearen munduan. Aurretik, zaletasun gisa, organobat egin nuen. Bilboko Kontserbatorioan hasi nintzen ikasten, hiru urtez. Aldi berean, organogile profesional bati aurkeztu nion proiektua, Sergio del Campo Olasori. Proiektua interesgarria izan zitekeela eta, organoa egiten hasi ginen, luthier izateko ikastaroan nengoen bitartean.

Beraz, biolin bat egiten ikasi aurretik kontzertuaren ideia zenuen buruan?

Eskolako irakasle batzuek gogorarazten didate hasieratik esan niela nire asmoa. Tira, edozein profesionalek nahi du ikusi bere produktua erabiltzen dutela. Are gehiago, kontzertuak azken lau urteetan egiten aritu naizena erakusteko balioko dit. 38 urterekin aurreko guztia uztea, eta honetan murgiltzea...

Luthier izan aurretik, ikasketaz ingeniaria zinen...

Eta hamabost urtez egin dut lan horretan, bai.

Zer ekarpen egin dizu aldaketak?

Soldatapeko langile izateari utzi etaautonomo bilakatzea ez da erraza. Dena den, gehien-gehiena poztasunak izan dira. Irakasleak ezagutzea, ikaskideekiko harremana... Lehen urtean biolin bat egiteko gai zara. Biolin jotzaileek erabiltzen dute, eta haien iritzia ematen dizute, pentsa!

Musika denda batzuek salatu dute Interneteko eskaintzek zaildu egiten dutela beren lana. Horrek luthierrengan ere eragiten du?

Okerrena da luthier batzuek Txinako biolin merkeak erosten dituztela moldatu eta saltzeko. Hori ospe handiko lekuetan ere gertatzen da. Zentzudunak izan behar dugu: hasi berri den haur bati luthier batek egindako instrumentu bat erostea agian ez da egokiena. Baina 200 euroko biolin bat ikusten dugunean jakin behar dugu zer duen atzean, nork egin duen.

Nork egiten ditu?

Umeek egiten dituzte. Arropa dendekin salatzen den hori bera instrumentuekin gertatzen da. Bakoitzak biolinaren atal bat egiten du, katean, prozesu osoa jakin ez dezaten.

Zenbat denbora hartzen du biolin bat egiteak?

Ikasketen azken proba biolin bat egitea da, hamabost eguneko epean, bernizik gabe. Bernizarekin hilabete inguruan egin daiteke. Biolinaren prezioa, ordea, ez dago erabat lotuta pasatutako denborarekin, soinuarekin, materialekin... Kasu batzuetan, luthierraren izenak instrumentuak baino balio handiagoa izan dezake.

Zer ekarpen egiten du luthierrak instrumentuan?

Biolinean oso zaila da ateratzea ohiko neurrietatik. Dena den, luthierrak lor dezake biolin jotzaileak nahi duen moduan egokitzea, harekin hitz eginez, aurrez aurre.

Beraz, zuen lana instrumentua egitea baino harago doa?

Lortu behar dugu umeek barneratzea luthierrekin harremana izan behar dutela. Hemen ez dugu ohitura hori.

Larunbateko emanaldian, instrumentuen egilea izateaz gain, abesbatzan parte hartuko duzu...

Ez nuen nahi. Nire asmoa Arabako musikariekin egitea zen, profesionalekin. Instrumentuak profesionalen eskuetan egongo dira. Ahotsetan zailagoa gertatu zitzaidan, eta, profesionalengana ez ezik, abeslari amateur batzuengana ere jo dut.

Beraz, musika ezagutzak dituzu.

Euskal Herriko abesbatzen munduarekin harremana izan dut urteetan, eta maite dut. Beraz... Aulkitik entzungo banu ere, polita izango litzateke.

Zer esan zizuten profesionalek haiengana jo zenuenean?

Batzuekin, ikastarora apuntatu nintzenean izan zen lehen harremana. Hari instrumentuak joko dituztenekin nolabaiteko harremana nuen. Organo jotzailea puntakoa da, eta hasieratik baietz esan zidan. Gero eta harrigarriagoa iruditzen zait guztiek baietz esan izana.

Kontzertua Murgian egingo duzu. Zergatik?

Proiektuaren berri izan zuenean, Zuiako Udalak nigana jo zuen. Han dut tailerra, ama bertakoa da... Bestelako laguntza ere izan dut: Murgiako administrazio batzarrak, Avoz elkartea, Vital fundazioa, Eusko Jaurlaritzaren Turismo Saila, Sarkis Lagunketa, Axa, Madis...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.