ATZEKOZ AURRERA. Eguzkiñe Egaña Korta. Eskulangilea

«Denbora gehiago ematen dut pentsatzen piezak egiten baino»

Buztingintzan zaletu da Egaña: loreontziak egiten ditu, eta lehendik lantzen duen zerbaitekin uztartzen du buztingintza: ilustrazioarekin. Donostiako Tabakaleran egongo da hil honetan, 'Artea zuzenean' ekinaldiarekin.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Diseinatzaile grafikoa da Eguzkiñe Egaña Korta lanbidez (Zestoa, Gipuzkoa, 1974); eskulangilea, afizioz. Urtebeterekin joan zen Venezuelara, eta 24 urte eman ditu han: duela ia hogei urte itzuli zen Euskal Herrira. Gurasoek ez zioten euskaraz egin, eta hori du pena. Ilustratzailea da, eta azken hiru urtean buztina lantzen ari da: kostatzen zaio egonean egotea, baina tarte horiexek aprobetxatzen ditu sormenari bidea emateko. Sarean, Instagrameko guzk_art eta potto.pottery kontuetan erakusten ditu egindakoak.

Esku garbiekin edo zikinduekin: nola gozatzen duzu gehiago?

Zikinekin! Asko gozatzen dut buztinarekin: nahi bezala molda baitezaket. Hanka sartuz gero, erraz konpon daiteke, fresko dagoen bitartean. Tornuarekin, adibidez, asko zikintzen dira eskuak, eta teknika menperatuz gero, primerakoa da: nik, oraindik, ez dut menperatzen.

Zure lanaren oso desberdina da buztingintza, ezta?

Lanean dena egiten dut digitalki; saguari itsatsita izaten dut eskua. Buztingintzarekin, aldiz, materiala ukitzen dut une oro, pieza sentitu. Beti gustatu izan zait eskuekin lan egitea, eta asko gozatzen dut.

Tornua ez omen duzu menperatzen; zein beste teknika dago?

Bi modalitate daude. Batetik, tornua; bestetik, txurroena. Txurroak bata bestearen gainean jarri eta itsasi egiten dira, eta gero espatula batekin edo egur zati batekin ematen zaie forma. Egia esan, ez da oso zaila, baina tornuarekin egiten dena bai, konplikatuagoa da.

Bietan zein duzu nahiago?

Txurroena nahiago dut, oraingoz, baina bestea ere asko gustatzen zait. Buztingintzan hasi naiz, izatez, garai batean tornuarekin lan egiten zuen emakume bat ezagutu nuelako: probatzen utzi zidan, eta izugarri gustatu zitzaidan. Halere, Venezuelatik etorri nintzen garaitsuan izan zen, eta alde batera utzi nuen, nahiz eta beti neukan buruan. Debako arte eskolara joan nintzen galdetzera ea ikastarorik ba ote zuten arratsaldeetan. Ordutegiak ez zetozkidan ondo, baina jakin nuen ikastaro bat egitekoak zirela Zarautzen: ez nuen zalantzarik izan.

Nolakoa da buztina lantzea?

Buztinaren arabera. Txamota deitzen denak harrixka batzuk ditu, eta txurroekin lan egiteko primerakoa da; tornuan landuz gero, aldiz, eskuak erre ditzakezu. Bestea leunagoa da, eta haurrekin, esaterako, hori erabiltzen da.

Ilustrazioarekin uztartu duzu: ondo moldatzen zara?

Ez da zaila piezatan ilustrazioak egitea: esmalteekin sortzen dira arazoak, dena kimika kontua baita. Labean gauza asko pasatzen dira, mila gradutara egosten baitira. Desilusioak sortzen dira batzuetan, piezak ez direlako gelditzen espero bezala. Sar dezakezu berriz ere labean, baina hori egin izan dudanero, okerrago gelditu izan dira.

Zenbatean egin daiteke loreontzi bat, adibidez?

Pieza bera bi egunetan egiten dut, bizpahiru orduko bi saiotan. Hasieratik osorik egingo banitu, buztina bigun dagoela, hautsi egin daitezke, oinarriak ezin diolako goiko zatiaren pisuari eutsi. Lehortzen utzi behar da, gogor dadin. Margotzen denbora gehiago edo gutxiago pasadezakezu, erabiltzen duzun teknikaren arabera; labealdiak, aldiz, luzeak izaten dira. Denbora gehiago ematen dut zer egin pentsatzen, piezak egiten baino.

Zerk inspiratzen zaitu?

Edozein lekutan topa dezaket inspirazioa. Loreontzi hauek, esaterako, Instagramen ikusitako beste batzuek bultzatuta egin ditut: Turkiakoak, Ameriketakoak, Egipto... Oso pieza zaharrak dira, baina asko gustatzen zaizkit. Afrikako artea ere izugarri gustatzen zait, eta Pinteresten ikusitako piezaren baten erreplikak egin izan ditut.

Ilustrazioekin jarraitzen duzu?

Egia esan, ez diot denbora gehiegi eskaintzen orain. Noizean behin egiten ditut: askotan, oporretan nagoenean edo asteburuetan egiten ditut.

Nondik datorkizu artearekiko zaletasuna?

Betidanik gustatu izan zait marraztea: neskatilak marrazten nituen beti. Gaur egun ere neskatilak marrazten jarraitzen dut [barreak]. Nerabezaroan jendearen karikaturak egiten hasi nintzen. Geroago hasi nintzen pinturarekin zaletzen. Asko gustatzen zait Van Gogh: haren marrazkiak batez ere, nahiko ezezagunak diren arren.

Izen-abizen euskaldunak dituzu, Venezuelako hizkera. Nolatan?

Mundu guztiak gauza bera galdetzen dit [barrez]. Nire gurasoak hemengoak dira, ni ere hemen jaioa naiz, baina urtebete neukala Venezuelara joan ginen: 24 urte egin nituen han. Ama hil ostean, pixkanaka, hemen elkartu gara guztiok. Hazten garen lekuko hizkera gelditzen zaigula uste dut, oso zaila dela galtzea; aitak ez zuen Getariako [Gipuzkoa] hizkera galdu Venezuelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.