ATZEKOZ AURRERA. Agus Morales. Kazetaria eta '5W' aldizkariko zuzendaria

«Mendebaldeko kontsumorako sortu da 'errefuxiatu' hitza»

Kazetaritza «ona» egiteko, ezinbertzekoa da istorio txikien eta azalpen handien artean oreka izatea, Moralesen ustez. Funtsezkoa iruditzen zaio hedabideek nazioarteko atala izatea, munduari «begiratzeko».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Kazetaria eta idazlea da Agus Morales (Bartzelona, 1983). Gazte zela Bartzelona utzi, eta geroztik atzerrian ibili da lanean. Nazioarteko kazetaritza lantzen duen 5W aldizkariko zuzendaria da. Mundu osoko errefuxiatuen bizipenak bildu ditu No somos refugiados liburuan (Ez gara errefuxiatuak). Asteartean, Iruñeko Katakraken izan zen, Anna Surinyach argazkilariarekin batera liburua aurkezten.

Errefuxiatu kontzeptua zalantzan jarri duzu liburuan. Zer da errefuxiatu izatea?

Errefuxiatu direla uste dugun pertsona anitz benetan ez dira. Errefuxiatu nor den edo errefuxiatu izateko zer ezaugarri behar diren zehaztea baino beharrezkoagoa da errefuxiatu hitza deseraikitzea. Beharrezkoa da kontatzea munduan zehar jende asko lekualdatu dela biolentziaren ondorioz, eta denek behar dutela babesa.

Nola aldatu da haien egoera?

Azken urteetan, jende gutxiago iritsi da Europara. 2015ean, miloi bat pertsona iritsi ziren; aurten, 100.000 baino gehixeago. Hala ere, xenofobia ez da handitu bertzerik egin. Azken urteetan anitz aldatu da atzerritarren erabilera politikoa.

Nola bizi dute hori?

Minez. Mina dute gizatasuna kendueta instrumentu gisa erabiltzen dituztelako. Palestinar batek kontatuzidan Alemaniara iristean atentatuak izan zirela, eta kalean erraten ziotela ez zutela terroristarik nahi eta bere herrira itzultzeko. Hark terrorismotik ihes egin zuen.

Zergatik hasi zinen istorioak biltzen?

Errefuxiatuen inguruko liburu bat idatzi nahi nuen, baina konturatu nintzen elkarrizketatzen ari nintzen gehienak ez zirela errefuxiatuak. Batzuk, Mexikon bezala, migratzaile izena zutelako; bertze batzuk, Hego Sudango irakasle bat adibidez, ez zuelako herrialdeko muga gurutzatu. Asiloa eskatzen ahal zutenek ez zuten eskatzen, ez zeukatelako beren burua errefuxiatutzat. Atera nuen ondorioa izan zen errefuxiatu hitza Mendebaldeko kontsumorako sortua zela.

Nolakoa izan da liburua idaztea?

Bide interesgarria izan da liburuan errefuxiatu hitzaren erranahia deseraiki eta aldi berean neure burua ere deseraikitzea. Hamazazpi herrialdetan 200 elkarrizketa egin ditut liburua idazteko.

Munduko biztanleriaren %1 da errefuxiatua. Gizartea bada kontziente %1 bakarrik dela?

Ez. Badirudi herrialde batek hartzen ahal dituen pertsonak baino gehiago iristen direla, baina datuek diote ezetz. Zabaltzen den sentsazioa da egoera kontrola ezina dela, ordenarik gabe etortzen direla, eta horrek herritarren segurtasuna mehatxatzen duela.

Leku anitzetan daude horrelako prozesuak; Mexikon, adibidez. Nola ikusten duzu egoera?

Europan Turkiak duen funtzio bera betetzen du Mexikok: estatu tapoi bat da. Han ezberdintasuna da hagitz zaila dela ezartzea nor den errefuxiatua eta nor ez. Biolentziatik ihesi dabiltzanek ez daukate beren burua errefuxiatutzat. Munduak migratzailetzat dauzka.

Gazte zinela hasi zinen munduan zehar lanean. Zergatik?

8 urte nituenerako, argi nuen idatzi nahi nuela. Txikitatik argi nuen berriemaile gisa lan egin nahi nuela. Beharbada, korrespontsalen inguruan dugun irudi erromantiko horrek bultzatuta. Burugogorra naizenez, ideia horrek nire baitan jarraitu zuen, eta, ikasketak bukatu, eta Indian hasi nintzen lanean, gero Pakistanen. Pasioz bizi dut, eta horretan jarraituko dut.

5W aldizkariko zuzendaria zara. Nola joan dira lehen lau urteak?

Sortzean erran izan balidate 5.000 bazkide izango ginela, ez nukeen sinistuko. Hagitz kontent gaude proiektua babesten duen jende guztiagatik, eta promes egin genuena bete dugulako. Komunikabide batek nazioarteko atalik ez badu, ez du munduaren begiradarik.

Istorio txikiak egin eta azalpen handiak ematen dituzue. Azalpenak beharrezkoak dira ?

Noski. Kontatu behar dugu zer gertatzen zaion Hego Sudango gerrak eragiten dio irakasleari, baina, aldi berean, horren azalpena ere behar dugu: zein den Txinaren eta AEBen eragina, zergatik den munduko estaturik berriena... Kazetaritza onak istorio txikiaren eta azalpenaren artean oreka bilatu behar du.

Azkar kontsumitzeko kazetaritza gailentzen ari den honetan, kazetaritza pausatuagoa egiten duzue. Nola ikusten duzu kazetaritza ?

Une interesgarri batean gaudela uste dut. Gure apustua kontrakulturala da; ez dugu arretarik jartzen trafikoan. Tristatzen nau kazetaritzak publizitatearen hainbertzeko morrontza izatea, baina, aldi berean, pozten nau ikusteak badaudelaeredu hori aldatu nahi duten proiektuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.