TXAPELA BURUAN. Javier Pikabea. Ingalaterran bizi den beratarra

«Ikerkuntzarako diru eta baliabide gehiago dago Ingalaterran»

Pikabea urtebeterako joan zen Ingalaterrara; alta, dagoeneko bi urte eta erdi daramatza han. Herrimina duenean, euskal musika jartzen du, eta horrek «etxean balego bezala» sentiarazten laguntzen dio.

BERRIA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
2017ko irailaren 15ean hartu zuen Javier Pikabeak (Bera, Nafarroa, 1995) Ingalaterrarako hegaldia. Geroztik, Ingalaterra erdialdean dagoen hiri batean bizi da, Nottinghamen. Master bat ikastera joan zen,eta, gaur egun, doktoretza egiten ari da. Bertze urte eta erdi, behintzat, emango du han.

Nolakoa da Nottinghameko unibertsitatea?

Hagitz handia. Mondragon Unibertsitatean ikasi nuen, eta hura handia zen, baina ez erraldoia. Hemen, 45.000 mila ikasle gaude, fakultate pila bat. Filmeetakoak bezalako unibertsitate bat da: parkea du, kiroldegia... Medikua eta dentista ere badaude unibertsitatean.

Eta gizartea, oro har?

Kultura ezberdina da, nabaritzen da hiri handiagoa dela. Jendea independenteagoa da, bakoitza bere gisara bizi da.

Zerk harritu zaitu gehien ingelesengandik?

Jendearen janzkerak. Berdin da zero azpitik hamar gradu izatea, jendea beti dabil jakarik gabe. Nola da posible ni hotzez egotea eta haiek arroparik gabe ibiltzea?

Horko bizimodura egokitzea kosta zaizu?

Ez gehiegi, ez da hagitz desberdina. Lan egiten dudan bulegoan gehienak europarrak gara; antzeko kultura eta ohiturak ditugu.

Eta horkoekin bertakoekin harremana izatea?

Pixka bat itxiak dira. Lagun batek bertze bulego batean egiten du lan, eta kontatzen du jendea hagitz itxia dela, bakoitzak bere bizitza egiten duela. Hori hizkuntzarekin ere gertatzen da.

Zer zentzutan?

Hemen ingelesa dakite, eta kito. Inork ez daki bertze hizkuntzarik. Ingelesarekin nahikoa dutela erraten dute.

Herri txiki batean bizitzeari utzita, hiri handi batean bizi zara orain. Nabaritzen duzu aldaketarik?

Beran ez bezala, hemen beti dago egiteko zerbait, nahiz eta orain dena gelditua dagoen. Orain, ohitu naiz; baina adibidez, ez Beran ez Arrasaten [Gipuzkoa] bizi nintzenean, ez nuen hartzen inoiz autobus publikorik. Hasieran, arraroa zen herrian bertan leku batetik bertzera mugitzeko autobusa hartzea.

Euskal Herriko zeren falta sumatzen duzu?

Tipikoa da lagunak eta familia erratea. Baina topikotik aterata: pintxopotea. Mendira joatea ere bai. Nottingham Ingalaterra erdian dago, eta, hondartzara joateko, hiru ordu behar dituzu. Euskal Herrian hondartza eta mendia, dena hain hurbil dago... Hemen, mendi handirik ez dago, gainera. Parke naturalak-eta bai, baina ez da erraza joatea.

Herriminari aurre egiteko, zer?

Spotifyn euskal musika jartzen dut,eta horrek beti sentiarazten zaitu etxean. Familiarekin ere astero egoten naiz. Orain, urrunago egonda, gehiago ikusten ditut Arrasaten bizi nintzenean baino. Kontzertuetara joatean sumatzen dut falta hori; hemen, kontzertu batera joan, eta ez dakit nor diren ere. Musika jaialdietara joatean ere bai. Jaialdiak daudela ikusi eta inbidia sentitzen dut.

Euskal Herria hurbil izateak ere lagunduko du, ezta?

Horregatik ere etorri nintzen Ingalaterrara. Urrun zaude, baina, edozer gertatuta ere, hegazkina hartu, eta bi orduan etxean zaude. Iaz, larunbatetik igandera asteburu-pasa egin nuen Berri Txarrak ikustera joateko. Azken kontzertuko sarrerak edukita, joan beharra nuen.

Egoera politikoa aztoratuta egon da Erresuma Batuan. Nola bizi izan duzu brexit-a hortik bertatik?

Guk ez dugu gehiegi nabaritu. Ez dakigu zer gertatuko den, baina, haiek ere ez. Ulertu dudanagatik, egin nahi dutena da ez dadila jendea etor lanera ingelesik jakin gabe. Anitzetan ikusten da jendea etortzen dela ingelesik jakin gabe, eta horixe eragotzi nahi dute.

Nola hartu du jendeak koronabirusarekin gertatu dena?

Guk hango egoeraren berri bagenuen, eta lehenago hasi ginen kezkatzen; baina jendea, oro har, orain arte lasai egon da. Atzo eta herenegun [astelehenean eta asteartean] jendea erosketak egiten hasi zen ero moduan. Aitzineko asteburuan ere egoera ez zen hagitz ona. Ikusten zen Espainiaren bilakaera berbera izaten ari ginela. Ezin duzu erran milioi erdi pertsona hilko direla eta ezer ez egin.

Hiru urte daramatzazu atzerrian. Zer irakaspen atera duzu?

Gauza pila bat. Ez da herrian egotea bezala. Zure zirkulu itxi hori zabaltzen duzu. Beran edo Arrasaten ikasi ez nituen gauza anitz ikasi dut. Arrasatera joan nintzenean, Euskal Herria gehiago ezagutu nuen; orain,gehiago zabaldu dut zirkulu hori.Hemen doktoretza eginda, gainera,baliabide anitzez gehiago duzu. Ikerkuntzarako diru gehiago eta baliabide gehiago dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.