ATZEKOZ AURRERA. Xochilt Madai. Ekintzailea

«Ez ditugu objektuak maite, sinbolizatzen dutena baizik»

Xochilt Madai Gonzalez mexikarra emakume migratzaile ekintzailea da. Mueble Verde egitasmoan dihardu, zahartuta eta zaborretan dauden altzariak zaharberritzen.

MONIKA DEL VALLE/ FOKU.
Naroa Rios
2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Xochilt Madai (Mexiko, Guadalajara, 1972) Euskal Herrira etorri zen bizitzera duela 18 urte, «amodioaren pasioarengatik». Iritsi bezain pronto, lana aurkitu zuen enpresa handi batean. Baina 2008an, krisia piztu zenean, kaleratu egin zuten. Sartzen azkena zen, eta ugaltzeko adinean zegoen. Dirurik gabe eta birziklapenaren eta iraunkortasunaren gaineko kontzientziak bultzatuta, zaborretako altzariak biltzen eta zaharberritzen hasi zen. Horrela sortu zen Mueble Verde. Egitasmo horren helburu nagusia da kalean botata dauden altzariak zaharberritzea, beste norbaitek berrerabiltzeko.

Papalote Zentroan ere parte hartzen du. Kultura ugaritan oinarritutatailerrak eskaintzen dituen elkarte bat da: gastronomia, artea, musika.... Emakume Ekintzailearen 2023ko saria jaso du aurten.

Zein da Mueble Verderen motibazioa?

Hiri hondakinak, afektua edo historia sinbolizatzen duten objektuak birziklatzea eta zaharberritzea. Berrerabilketa da Mueble Verderen existentziaren oinarria.

Gaur egun altzarien masa ekoizpena da nagusi. Nola lehiatzen zara horren aurka?

Ezin da lehiatu: ezinezkoa da horren aurka joatea. Jendea kontzientziatzen saiatzen naiz. Adibidez, ostalaritzaren eremuan mugituz; esaterako, Santutxun [Bilbo] lan egin nuen taberna batean, materialaren %80 berrerabilitakoa erabili nuen. Bertan dagoena eta bigarren bizitza bat duten objektu gehiago dakartzaten konponbideak eskaintzen saiatzen naiz beti.

Zein da zure inspirazioa altzariak zaharberritzean?

Ez da inspirazioa, sormena da, hari korapilatuaren forma duena. Pixkanaka aurrera jarraituz gero arazoei konponbideak bilatzen, irtenbide batera iritsiko ginateke. Sormena edozeinek lortu dezake.

Nolakoa da emakume migratu ekintzaile bat izatea gizarte honetan?

Erronka handia da. Emoziozko mendi errusiar batetik pasatzen zara. Konplexua eta aldi berean aberasgarria da, batez erezure lana eta ahalegina baloratzen duten pertsonaz inguratuta zaudenean. Ba al dago alde korapilatsurik? Noski, baina alde aberasgarria egunero mantentzen zaituena da.

Aurten Emakume Ekintzailearen saria eskuratu duzu. Zer izan da zuretzat?

Eskertuta nago. Baina, egia esan, ez naiz sarien oso zalea. Berriro diot, eskertzekoa da zure lana saritzea, baina geroago etorri zen solasaldia aberasgarriagoa izan zen. Batez ere, guztien artean izan genuen feedbacka. Ekonomian ez du inolako eraginik; aitorpenean, berriz, bai.

Zein izan da egin dizuten enkargurik arraroena?

Bezero batek eskatu zidan aulki baten zati bat zaharberritzeko. Egur zati hori da aitonak amonari oparitutako ezkonsariko azken oroitzapena. Oparitutako altzari guztiak eskuz eginda zeuden, eta oroitzapen hori gorde nahi izan zuten.

Nondik dator birziklatzearen eta jasangarritasunaren aldeko kontzientzia hori?

126 milioi biztanle baino gehiago gara Mexikon, eta arazo handiak ditugu hondakinekin. Ikasketak hasi nituenean, jende asko ezagutu nuen bere egunerokorako alternatiba merkeak eta jasangarriak bilatzen zituena. Horregatik saiatzen naiz aukera horiek eskaintzen.

Zertan datza Papalote Zentroa elkartea?

Lankide batek eta biok sortu genuen, duela bi urte, tailerreko alokairua aprobetxatzeko. Hasieran, Mexikoko kulturan oinarritzen zen, baina beste kultura eta aberastasunen parte bat partekatu nahi diguten herrialde guztietara zabaltzea erabaki genuen. Papalote filosofiaren parte da elkar ezagutzea eta elkar ulertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.