Gasteizko jaiak. Mikel Lopez de Ziordia, Luis Carlos Orduz eta Jonathan Munuera. Negra Cucaracha taldeko kideak

«Arazoak badauzkazu, kontatu eta kantatu»

Negra Cucarachak irabazi du Gasteizko txosnen banda lehiaketa. 'Terrorfolka' jotzen dute gasteiztarrek: folk amerikarra eta horror punka.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Leire Yue Ortubay Ibabe
Gasteiz
2023ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Joel Bruña Chernobyl Kid-ek (Gasteiz, 1991) eta Luis Carlos Orduz Nuclear Guacamole-k (Bogota, 1990) sortu zuten taldea 2020an, pandemia garaian. Gaur egun, ordea, laukotea dira Mikel Lopez de Ziordia Fukushima Boy-rekin (Gasteiz, 1993) eta Jonathan Munuera Uranium Child-ekin (Gasteiz, 1995) batera. Pixkanaka, ari dira bidea egiten: iaz, Gasteizko Azkena Rock festibaleko Trashville agertokian jo zuten. Bi disko kaleratu dituzte: Negra Cucaracha eta Disaster Songs EPa.

Gasteiztar moduan, zer izan da txosnetako lehiaketa irabaztea?

MIKEL LOPEZ DE ZIORDIA: Betidanik elkartu izan gara txosnetan parrandan, eta behetik ikusi izan ditugu kontzertuak. Ikusten genituen bitartean, bagenekien oholtza gainean egon nahi genuela. Azkenean, aurten horrela izan da, eta poz-pozik gaude.

LUIS CARLOS ORDUZ: Iaz Falerinan jo genuen, eta aurten txosnetan jotzea salto handia da, zortea izan dugu. Ez genuen lehiaketa irabaztea espero.

Zuen musika estiloa terrorfolka dela diozue, folk amerikarraren eta horror punkaren uztarketa. Zer da, zehazki, eta nola aurkitu zenuten?

LOPEZ DE ZIORDIA: Folk amerikarraren instrumentazioarekin jotzen dugu: banjoarekin, gitarrarekin, kontrabaxuarekin eta bateriarekin. Ildo horretatik jarraitu nahi izan dugu, baina gure erroei uko egin gabe. Gustatzen zaizkigun taldeek punk zikinena jotzen dute. Azkenean, maite ditugun generoak nahastu, eta hau sortu dugu.

Generoaz gain, zuen proiektuak badauka desberdina den zerbait. Zer da, eta zergatik?

ORDUZ: Taldea osatu genuenean, ukitu berezia eman nahi izan genion, horregatik janzten ditugu gas maskarak; giro apokaliptikoa gehitzeko. Erabaki hori ez zen pandemiaren ondorioa izan, askok uste duten bezala. Gainera, instrumentuak guk geuk egin ditugu: nik olio pote batekin jotzen dut gitarra; Mikelek, berriz, maleta batekin jotzen du bateria. Berezitasunak ditugu, ez dadin ohiko banda bat izan. Letrak ere desberdinak dira. Horrez gain, argi gorri bat erabiltzen dugu kontzertuetan. Azkenean, txikitasun horiei esker beste esperientzia bat sortu dugu.

Ezohiko izateak bidea erraztu edo zaildu dizue?

LOPEZ DE ZIORDIA: Biak. Batzuei asko gustatu zaie, lehenengo aldiz ikusi dutelako norbait maskara batekin zuzenean abesten. Gehienei asko gustatu zaizkie ekarri ditugun berritasunak eta estiloa. Nire ustez, beti izan da positiboa desberdinak izatea.

JONATHAN MUNUERA: Bestalde, gure musika generoa desberdina da, eta askotan kontzertuen antolatzaileek ohiko taldeak hautatzen dituzte; baxua, gitarra eta bateria daukaten ohiko taldeak, alegia. Gure taldea hautatzeak beldurra ematen die, ez dakitelako zer jende mota aurkituko duten haien jaialdian edo tabernan.

ORDUZ: Askotan, aurreiritziak dauzkate, baina, gero, gustatu egiten zaie egiten duguna.

Gaztelaniaz eta ingelesez abesten duzue. Pentsatu duzue beste hizkuntzaren batean ere egitea?

MUNUERA: Euskaraz abestiren bat ateratzea pentsatu genuen.

ORDUZ: Gaztelaniaz eta ingelesez abesten dugu hoberen, menderatzen ditugun hizkuntzak direlako. Halere, ez diogu aterik ixten euskaraz edo beste hizkuntza batean abesteari. Segur aski sortuko dugu noizbait. Zergatik ez?

Nolakoa izan da taldearen eboluzioa?

ORDUZ: Nahi genuen musika egitea lortu dugu, nahi genuen soinua daukagu. Hasieran, Joelekin batera banda sortu nuenean, ahalik eta zarata gehien ateratzea zen helburua. Orain, lau izanda, zuzeneko oso ona lortu dugu gutxienekoarekin. Egiten dugun musika gutxiago edo gehiago gustatu ahal zaizu, baina soinua asko hobetu dugula ukatzerik ez dago.

Zer kontatzen dute zuen hitzek?

ORDUZ: Beldurrezko istorioak dira. Askotan B saileko zineman eta komedian oinarritzen dira, horiek kontsumitzen baititugu.

Zein da heriotzaz eta mundu apokaliptikoaz hitz egiteko interesa?

ORDUZ: Hitz egin beharreko zerbait da, ezta? Hitzek denetarik kontatu behar dute. Talde gehienek poztasunaz hitz egiten dute, baina egoera zailean edo larritasunean ere egon gaitezke.

LOPEZ DE ZIORDIA: Gazteak gara, eta denok bizi gara oinazetuta. Arazoak badauzkazu, kantatu itzazu, eta kontatu itzazu. Zergatik ez hitz egin gauza txarren inguruan?

Grabatzea edo musika sortzea?

MUNUERA: Interes berdina jartzen saiatzen naiz bietan. Musika sortzeari esker igotzen gara oholtzara.

ORDUZ: Gure indargunea zuzenekoa da, sekulako indarra lortzen dugu laurok. Ahalik eta doinurik gogorrena entzun dadin saiatzen gara. Gutxienekoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.