Libertadores kopako finala

'Futbola ere lapurtu digute'

Gertakari ilunen zurrunbilo bilakatu dute futbolaren festa izan behar zuena, Boca Juniors eta River Plate talde historikoen arteko finala. Gaur bertan argitu daiteke noiz jokatuko duten bertan behera bitan geratu den itzuliko partida.

MATIAS NAPOLI / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Libertadores kopari izen hori jartzeko, XIX. mendearen hasierara joan ziren antolatzaileak, Conmebol Hego Amerikako Futbol Federazioen elkarteko kideak. Garai hartan, gerra izan zen kontinentean espainiar kolonialismoaren aldekoen eta Amerikako herrialdeen independentziaren aldekoen artean, eta borroka haietako buruzagien omenez jarri zioten Libertadores izena. Hamarkada batzuk geroago, preso daukate futbola aurtengo Libertadores kopako finalaren inguruan sortu den kartzelan, eta gerraren atarian edo gerra betean baleude ari dira Argentinako bi talde handienak, bi finalistak: River Plate eta Boca Juniors.

Ez dago irabazlerik, finalik ez dagoelako. Joaneko partidako emaitza baino ez da ageri: 2-2, Bombonera estadioan, Bocaren etxean. Itzulikoa noiz izango den, izango baldin bada, inork ez daki. Berez, larunbatean zen jokatzekoa, baina Riverren Monumental estadiora zihoanean Bocako jokalarien autobusari eraso egin zioten: gasa jaurti, adreiluak bota... El Gringo izeneko gidariak konortea galdu zuen, eta Bocako presidenteordeak heldu zion bolanteari. «Eskerrak hari, bestela tragedia bat gertatuko zen», esan du gidariak.

Bertan behera utzi zuen finaleko itzulikoa Conmebolek, halako batean erabakia hartu eta gero. Bitartean, zaleak zain harmailetan, eta baita haurren bat ere suziriak zelai barrura sartzen, gurasoek umeak horretarako erabilita—atxilo hartu dute gurasoetako bat—. Istiluak izan ziren gero zelaiaren kanpoaldean, zaleen eta Poliziaren artean.

Herenegun jokatuko zutela adierazi zuen Conmebolek. Ordurako, bide luzea egina zeukan bulegoetako partidak, zelaian ordez oraintxe hor ari baitira lehian Boca eta River. Xeneize-ek —Boca Juniorsekoei horrela esaten zaie— eskatu zioten Conmeboli bertan behera uzteko partida, igandean ere ezin zutela jokatu, Pablo Perez kapitainak eta beste jokalari batek gasaren erasoak eragindako lesioak dituztelako; begi batetik ondo ikusi ezinda dabil Perez. Conmebolek balekoa eman zion Bocaren eskaerari, eta finalik ez dago.

Gaur bilduko dira Asuncionen (Paraguai), Conmebolen egoitza nagusian, bertako kideak eta bi taldeetako presidentek: Daniel Angelici Bocakoa eta Rodolfo D'Onofrio, Riverrekoa, Millonario-ena —Riverren ezizena—. Abenduaren 8an jokatuko ote den azkenean... Lehenago ezin baita, etzitik aurrera Buenos Aires hiriburuan bilduko baitira G-20 taldeko agintariak, tartean Trump, Putin eta Jinping.

Final handiarekin Argentinan gertatzen ari dena mundu osora zabaldu da, eta harridura eragin du bazterretan, nola horrelako final handi bat hondoa jotzeraino eraman duten ikustea sinesgaitz egiten ari baitzaie mundu guztiko zaleei. Hala ere, halakorik gertatzekotan, Argentinan eta bi talde hauek tartean direla gertatzea ez da oso harrigarria kanpotik hara begira ari direnentzat ere. Ezta ere, jakina, argentinarrentzat. Batetik, futbolaren inguruan istiluak sarriegi gertatzen direlako, eta, bestetik, oso handia delako Boca eta Riverreko kide eta zaleen arteko ezinikusia.

Aspaldiko lehia

Bi talde historiko dira, eta 1908an lehen aldiz parez pare jarri zirenetik, xextra eta liskarra izan dira bi taldeen artean. Harrezkeroztik, bi gertakari larri izan dira. 1968an, La tragedia de la Puerta 12 izeneko tragedia gertatu zen, Monumental estadioan. Partida ondoren, hamazazpi zale hil ziren, beste zaleek harrapatuta. 2015ean, Libertadores kopako final-zortzirenetan, Bomboneran, Riverreko jokalariei gasa jaurti zieten, eta bertan behera geratu zen partida. Conmebolek River jo zuen kanporaketako irabazletzat.

Horixe bera ari da eskatzen orain Boca, zigor bera jartzeko Riverri. Kanpotik begiratuta, hala behar luke, baina Argentinan, futbola eta zentzua aspaldi bereizi ziren, edo zituzten. Angel Cappa entrenatzaile argentinarrak Maria alabarekin idatzi zuen liburuaren izenburuari segika, futbola ere lapurtu ziguten. Futbola aitzakia baita kirola ez den beste edozer jarduera hauspotzeko, edota etekina ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.