Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Eutanasia sukaldean

2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
TVEko Masterchef saioaren zalea naizela aitortu behar dut. Esfortzuaren kulturaren aldeko aldarria egiten dute une oro saioan, eta horrek batzuetan nazkatu egiten nau. Hori alde batera utziz, sukaldaritza gustuko dugunontzat saio entretenigarria da, baina batzuetan, ikusleok erne egon behar dugu bertan egiten diren komentarioengatik.

Duela aste batzuk Masterchef-eko Celebrity edizioa hasi zen. Bertan jende ospetsua gonbidatzen dute lehiaketan parte hartzeko. Aurtengo aukeraketa nahiko berezia izan da, eta besteak beste, Victoria Abril aktorea dago lehiakideen artean. Frantzian urte asko eman dituen aktore madrildarrak polemika piztu zuen Feroz sarietan. Bertan, COVIDaren aurkako neurrien eta txertoen kontra agertu zen prentsaurrekoan eta Feroz sarien antolakuntzako kideak egoera nahiko zailean utzi zituen, batez ere COVID-19aren aurkako neurri nahiko zorrotzak jarri zituztelako sarien galarako.

Aste honetan, Victoria Abrilen hitzek beste polemika bat sorrarazi dute. Saioaren hasieran aurkezleek Abrili galdetu zioten zer moduz zegoen. Aktorea bere amaren egoeraz hitz egiten hasi zen, egoitza batean dago eta arroza ezin jan; ostean, likidoetan oinarritutako dieta bat jarri diotela aipatu zuen. Horren ondorioz, Abrilen amak eutanasia eskatu diola aitortu zuen aktoreak, eta saioko aurkezleek eta lehiakideek «ez, mesedez» esan zuten. Argi geratu zen aurkezle eta lehiakideen iritzia gai horren aurrean. Pepe Rodriguez aurkezleak «argia tunelaren bestaldean zegoela» esan zuen, eta eutanasia «erabaki oker» baten moduan ikusten dutela agerian geratu zen. Bitartean, arrozaren inguruko txantxaren bat entzun zen.

Ekainean onartu zuten Espainiako Kongresuan eutanasiaren legea, eta horrelako adierazpenak Espainiako telebista publikoan agertzea nahiko larria iruditzen zait. Saio horrek edizio oso zaindua du, eta agertzen diren hitz eta adierazpenak ondo aukeratutakoak dira. Ez da lehen aldia saio horrek bertan esandako zerbaitengatik polemika pizten duela. Agian, arrakastaren gako bat izan daiteke baita ere. Heriotza duinaren eskubidea hain modu arinean ezeztatzea gogorra egin zait. Eskerrak saioaren jarraitzaileek sareetan hitz horiek biziki kritikatu dituztela. Nik haien bideari jarraitu nahi diot zutabe honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.