ATZEKOZ AURRERA. Jordi Borras. Fotokazetaria

«Kazetari guztiek autozentsuratzen dute bere burua, gutxi-asko»

Aspaldi hasi zen Borras eskuin muturraren jarduna irudiz jasotzen. Orain, berriz, 2017ko udazkenean Katalunian bizitakoa bildu du 'Dies que duraran anys' liburuan, ikuspuntu independentistatik.

MARISOL RAMIREZ/FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ofizioz fotokazetaria da Jordi Borras (Bartzelona, 1981), eta bokazio handiz bizi du ogibidea. Baita arriskuz ere. Izan ere, orain sei hilabete Espainiako polizia batek sudurra apurtu zion. Bosgarren liburua plazaratu berri du, Kataluniako erreferendum eguna ardatz hartuta: Dies que duraran anys. Alternatibak antolatuta, Bilbon eta Gasteizen izan da liburua aurkezten.

Zer aurki daiteke 'Dies que duraran anys' (Urteak iraungo duten egunak) liburuan?

Erreferenduma aitzakiatzat hartu, eta hiru hilabetez Katalunian bizitakoa laburbildu nahi izan dugu liburuan. 2017ko udazkenean Katalunian bizitakoaren irudi kronika bat da liburua, testuz lagunduta. Ikuspuntu independentistatik behatuta. Beste liburu bat ere posible litzateke: kontra zeuden espainolisten ihardespena. Hori aurreko liburu batean azaldu nuen, eta, orain, ez nien protagonismorik eman nahi. Liburua omenaldi bat da, erreferenduma posible egin zutenei eginikoa.

Kazetari gisa, nola bizi izan zenuen urriaren 1eko egun hura?

Hitz bakarrean laburbilduta: estresatuta. Ni lanean nenbilen, eta egun hura puntu gorena izan zen, baina nik ordurako bi egun neramatzan ia lorik egin gabe. Aurreko egunetik ari ziren herritarrak eskoletan lotan, eta hori ere kontatu nahi nuen.

Eta herritar modura?

Sentimenduak nahasten dira, noski: argazkilaria naiz, eta txikitatik naiz independentista. Egun hura ametsetako eguna zen niretzat. Zaila zen lan egin eta sentimenduak bereiztea. Une askotan konplikatua zen gainezka ez egitea. Dena batu zen: emozioak eta estresa.

Eta harrapatzea lortu ez zenuen irudirik ba al daukazu buruan?

Uste dut ezetz, baina askotan autozentsuratu dut neure burua. Izan ere, irudi batzuek ondorio oso larriak izan ditzakete beste pertsona batzuentzat. Argazki oinik ezean, irudi berak gauza oso ezberdinak helaraz ditzake. Gehiago ala gutxiago, baina kazetari guztiek autozentsuratzen dugu geure burua, eta pena da. Horrek badu zerikusirik herrialde bateko demokraziaren kalitatearekin. Zenbat eta autozentsura handiagoa, orduan eta kalitate gutxiago.

Liburuan irudiak dira nagusi, baina hitzez lagunduta doaz. Nola uztartzen dira biak kontakizunean?

Liburua kronika subjektibo bat da, beste edozein kronika bezala. Kapituluka banatuta dago, eta kapitulu bakoitzean idazle baten testu literario bat ageri da, lehen pertsonan idatzia. Bi munduak uztartzea da liburuaren gakoa, eta oso produktu berezia sortzen da horrela.

Berehalakotasunaren aroan liburu bat argitaratu duzu. Zertarako?

Liburuen bidez, aukera dut gaiak luze eta zabal lantzeko, baina lan egiteko bi erak uztargarriak dira: berehalakotasun sorta batek osatzen du liburu bat. Horren isla da Dies que duraran anys. Denera, 60.000 argazki atera nituen, hor badago istorio on bat kontatzeko materiala. Ezinezkoa da istorio bat kontatzea klikaren diktaduraren menpe.

Oraingoan ez, baina espainolismoaren eta eskuin muturraren berri ematen diharduzu 2007tik.

Espainolismoak eta eskuin muturrak sektore paraleloak izan beharko lukete, baina eskutik doaz maiz. Katalunian, eskuin muturra espainolismo erradikalenetik eratorria da. Eskuin muturraren mobilizazioetara joaten hasi nintzenean, gaiaren inguruan desertu informatibo itzela zegoen; ez zegoen prentsarik. Faxismoaren banalizazio ikaragarria dago bertan. Egun, edonor ibil daiteke bandera frankista batekin kalean, lasai-lasai.

Esan izan duzu zure argazkiek indarkeria irudikatzen dutela. Bada, zeri deritzozu indarkeria?

Indarkeria agertzen da argudiorik ez dagoenean. Indarkeria norbaiti min emateko indar nahikoarekin eginiko ekintza da, baina askotan hitz hau batzuentzat erabiltzen da, eta besteentzat ez. Poliziaren oldarraldi bat indarkeria da. Beste kontu bat da legezkoa izatea. Gomazko pilota batekin norbaiti begian jotzea indarkeria da. Zaborrontzi bat kaleerdian gurutzatzea, ez.

Indarkeria zeure larruan jasan duzu: 2018ko uztailean, Espainiako polizia batek sudurra apurtu zizun.

Eraso horren ondorioz, polizia inputatu dute, baina baita neu ere. Kontakizunak zalantzarako tarterik ez du, eta eskerrak. Zirrikiturik ez dagoelako; bestela, Altsasukoak bezala egongo nintzateke: ziegan. Herritar baten hitzak ez du baliorik poliziaren hitzaren aurrean.

Holakoetan, beldurra sentitzen da?

Askotan. Ez naiz pertsona ausarta, zuhurra baizik. Ikaragarri gustatzen zait nire lana, eta balio batzuei jarraikiz egiten dut, baina ez naiz kamikaze bat. Aspalditik jasotzen ditut heriotza mehatxuak, eta oraindik bi hanka eta bi beso ditut. Orain ezagutzen naute, eta geroz eta zailagoa egiten zait nire lana egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.