ATZEKOZ AURRERA. Lohizune Amatria. Irrati esataria

«Irratiari esker, beste era batera bizi dut festa»

Ez da bereziki sanferminzalea, baina kazetaritzak parada eman dio sanferminak bertatik bertara ezagutzeko. Lohizune Amatriak egunero ematen du festaren berri, zuzenean, Euskalerria Irratian.

Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Azken urteetako sanferminak lanean eman ditu Lohizune Amatria kazetari eta irrati esatariak (Iruñea, 1992), baina ez da horregatik kexu. O plazako agertokitik igarotzen dira festaren protagonista ofizial eta ofizioso gehienak. Sanferminen ikuspegi poliedrikoa eman dio horrek.

Egunero Alde Zaharretik egiten duzue irrati saioa, zuzenean. Lurrikararen epizentroan zaudete...

Bai, O plazan gaude, Herri Sanferminen agertokian, baina beldur gara ez ote den gure azken urtea hemen...

Enrique Maia alkateak esana du gune hori auzotik kanpora aterako duela. Ordutik aurrera, zer?

Auskalo. Maiarengatik balitz, aurten ere ez genuke gune hau edukiko, baina kontratua sinatua zegoen aurretik, eta ez zegoen atzera egiteko modurik. Heldu den urtean izanen dugu arazoa. Arrotxapeko orubera bidali nahi du espazio hau, eta horrek behartuko gaitu irrati saioa moldatzera. Eta ez gara gu bakarrik: gure saioa Herri Sanferminen gunean egiten da, eta, horretan, eragile askok parte hartzen dute. Horiek guztiek sanferminetan duten presentzia da kolokan dagoena. Dena den, ez du zentzurik horretaz orain kezkatzeak, ez baitakigu zer gertatuko den. Oraingoz, duguna baliatuko dugu, eta gero gerokoak.

Festaren zatitxo bat mikrofono aurrera eramaten duzue goizero.

Saiatzen gara, bai. Festaren alde guztiak islatzen ditugu 12:00ak eta 14:00ak arteko tartetxo horretan. Aipatzen ditugu egitarau ofizialeko protagonistak eta ekitaldiak, eta Herri Sanferminek ere toki berezia dute gurean. Horrez gain, baina, kalean edo festaren edozein txokotan gertatzen diren pasadizoak ere interesatzen zaizkigu. Aurten, badugu unitate mugikor bat ere, eta horrek askatasuna ematen digu, kazetari bat agertokian dagoen bitartean beste batek zuzeneko konexioa egin ahal izateko edonondik. Hortaz, festaren protagonistak gure oholtzatik pasatzen dira, beti bezala, baina, horrez gain, gu ere murgiltzen gara sanferminetako giroan.

Zure lehenbiziko sanferminak dira Euskalerria Irratian. Ezagutzen zenuen Sanfermintza magazina?

Ezagutu bai, baina aitortu behar dut ez nuela entzuten, sanferminetan ez nengoelako irratia entzuteko aldartean, kar-kar!

Oso sanferminzalea zara?

Nik ez nuke neure burua oso sanferminzale gisa definituko. Bi motatako iruindarrak daude: sanferminak sutsuki maite dituztenak, eta sanferminetan Iruñetik ihes egiten dutenak. Ni bigarren multzokoa naiz. Lagun kuadrillarekin parrandan ibilitakoa naiz, noski, baina gaueko sanferminak ezagutzen nituen batez ere. Azken urteetan, kazetaritza lanak aukera eman dit festaren beste irudi bat ezagutzeko, eta, aurten, sanferminen beste alde horretan sakontzeko aukera dut irratiari esker. Hortaz, oso pozik nago.

Zaila da lan egitea gainontzeko guztiak parrandan dauden bitartean?

Bai, baina ohitu egiten zara. Gainera, pasadizo bitxiak atera daitezke horretatik. Iaz, adibidez, Hamaika telebistarako prozesioaren inguruko erreportaje bat grabatzen ari ginela, kiliki bat atzetik hurbildu eta sekulako kolpea eman zidan. Azkenean, kamerak jasotako unetxo hori gordetzea erabaki, eta telebistan eman genuen.

Lanaz gain, izanen duzu sanferminetako une kutun bat, ezta?

Txikitan, nire unetxorik kutunena zen aitonarekin txokolatea eta txurroak gosaltzea. Oroitzapen polita dut horretaz. Nerabezaroan, lehenago aipatu dudan bezala, gaueko sanferminak gozatzen nituen. Uztailaren 6a, batez ere. Orain, asko maite dut su festak ikustea, ogitarteko bat afaltzen dugun bitartean, eta parrandarik egin gabe ere etxera joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.