ATZEKOZ AURRERA. Lola Garcia. PAF elkarte feministako kidea

«Patriarkatuak eragiten dituen arazo guztiak areagotzen dira jaietan»

Jende mordoa biltzen da urtero Baionako bestetan, eta, urtero, erasoak gertatzen dira: horri aurre egiteko, PAF talde feministak eraso sexisten aurkako protokoloa diseinatu du, Iruñekoa eredutzat hartuta.

GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
2009an sortu zen PAF, alternatiba feminista baten aldeko taldea. Aurten ere eraso sexisten aurkako protokoloa plantan ezarri du bestetan, eta Baionako berrogei bat ostatu partaide dira. Lola Garcia (Baiona, 1985) PAF taldeko kideak Baionako bestetan halako protokolo bat izatearen garrantzia nabarmendu du. Herriko etxearen jarrera ere salatu du.

Nola sortu zen PAF talde feminista?

Taldea duela hamar urte sortu zen. Garai hartan, Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak mobilizazioen beherakada bat izan zuen, eta ez zuen gaur egun jendartean daukan lekua. Jean Grenet Baionako auzapez ohiak, 2005eko Baionako bestetan gertatu bortxaketa baten ondotik errandakoek berpiztu egin zuten kolektiboki feminismoaren aldarria. «Neska batek bere gaina kentzen badu, arrisku gehiago bada gertatzeko», erran zuen. Biltzen hasi ginen, eta, pixkanaka, PAF sortu zen. Gure helburu nagusia gure burua formatzea da, eta feminismoaren gaia plazaratzea molde pedagogikoan.

Hasieratik ikusi zenuten bestetarako protokolo baten beharra?

Hasieran, gure ekintza nagusiak ez ziren batere Baionako bestekin lotuak. Urte osoko lana eramaten genuen: gaualdiak eta konferentziak antolatuz, harrotasunaren martxan parte hartuz, homosexualak ezkondu ahal izateko manifestaldietara batuz, eta LGTB+ eskubideen alde ere ari ginen. Pixkanaka, ohartu gara Baionako bestetan problema larriak bazeudela. Patriarkatuak jendartean eragiten dituen arazo guztiak areagotu egiten dira jaietan. Beraz, hasi ginen banderolak egiten, karriketan zintzilikatzeko: karrika gurea ere badela erakutsi nahi genuen.

Noiz sortu duzue protokolo berezia, aurten ere martxan jarri duzuen hori?

Bigarren aldia da protokoloa martxan ematen dugula. Adibide on bat genuen Iruñeko bestetan elkarte feministek egiten zutena. Han botere publikoak inplikatuagoak direla iruditzen zait, baina hemen ez da horrela.

Protokoloa aurkeztu dugularik, jendeak ez zuen ulertzen zertarako zen, eta ez zuen ikusten arazoa non zegoen. Banderolak ezartzen hasi ginelarik, oraindik okerrago zen, ez zirelako oraindik Me Too edo Balance Ton Porc mugimenduak izan. Jendeak uste zuen —eta oraindik batzuek uste dute— eraso sexista bat bortxaketa bat dela. Baina sexismoa jestu, begirada ala hitzek ere osatzen dute, eta edozein lekutan gertatzen dira.

Zer dio protokoloak?

Helburu ezberdinak ditu protokoloak. Lehenik, sentsibilizazio kanpaina bat bada, eta hori gure urteko lanarekin lotua da. Lehen gauza da esplikatzea zer den eraso sexista bat, eta identifikatzen ikastea. Gero, eraso sexista gertatzen delarik, oztopatzeko baliabide zenbait plazaratu ditugu. Biktima laguntzea da lehen helburua, baita erasotzailea identifikatzea eta urruntzea ere.

Baionako ostatuen itzulia egin dugu, eta ostalariei proposatu diegu gure protokoloan engaiatzea. Ostatuaren sartzean itsasgarri bat ezartzen dute, komunetan informazio eta laguntzarako pankartak, eta deitu beharreko zenbakien zerrenda ere uzten dugu. Eraso baten lekuko ala biktima denak ostalariengana ere egiten ahal du laguntza eskatzeko. Herriko etxeak plantan ezarri duen Maina harreragunera ere bideratzen ditugu, hor profesionalak baitira: psikologoak, langile sozialak, osasun arloko langileak...

Zer egiten du herriko etxeak eraso sexisten aurka?

Maina gunean profesional batzuk ari dira besten denboran. Erasoen biktimak laguntzea da haien ardura, baina prebentzioa ere egiten dute. Hori sortu zuen herriko etxeak. Hasieran, talde feminista ezberdinekin komisio bat sortu zen Baionako besten denboran zer egiten ahal zen ikusteko. Hortik atera zen herriko etxearen prebentzio kanpaina, eta lan horri esker eraso sexista kontzeptua agertu da lehen aldiz.

Erasotzaileak munstro buru bat du herriko etxearen pankartetan: zer iruditzen zaizu?

Bai, hori ere muga bat da. Badakigu erasotzaileak ez direla bururik gabeko gaueko munstro gaiztoak. Erasotzailea edonor izan daiteke, pertsona arrunta, askotan, gainera, biktimaren hurbilekoa. «Elkarrekin heldu bagara, elkarrekin goaz etxera», esaldia ere ageri da. Eta, hor, betiere gibelean den kontzeptua da neska bat ezin dela bakarrik etorri bestara. Baina hori ez da horrela. Neska batek aske izan beharko luke nahi duen bezala besta egiteko: nahi duen jantziekin, alkohola edanez, bakarrik ala taldean... Guk karrikan ez dugu ausartak izan nahi: bai, ordea, askeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.