ATZEKOZ AURRERA. Mikel Urretabizkaia. Zuzendaria eta gidoilaria

«Idiazabalgo gaztaren unibertsoa azaleratu nahi izan dut lanean»

Idiazabalgo gaztari buruzko 'Gazta' dokumentala egin berri du Mikel Urretabizkaiak, eta, Donostiako Zinemaldian estreinatu ostean, ETBn emango dute; Euskal Herriko aretoetan zabaldu nahi dute lana.

JON URBE / FOKU.
Nagore Arin.
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Hainbat dokumental zuzendu ditu Mikel Urretabizkaiak (Ordizia, Gipuzkoa, 1953); azkena, Idiazabalgo gaztari buruz. Gazta du izena, eta urtebeteko lan prozesuaren fruitu izan da. Orain dela hamabost urte bururatu zitzaion gaztari buruzko lan bat egitea. Zinemaldian ikusi eta gero, ETBn estreinatuko da. Gerora, Euskal Herriko antzoki eta zinema aretoetara eramatea da asmoa.

Idiazabalgo gaztaren unibertsoan zeharreko bidaia omen da Gazta. Zein asmorekin egin duzu?

Idiazabalgo gazta produktu xume bat da, produktu umila da, baina haren atzean lana dago, kultura, paisaia,ekoizleak, animaliak... denetarik dago, eta dokumentalean mundu hori guztia azaleratu nahi izan dut: Idiazabalgo gaztaren unibertsoa, bere osotasunean. Batetik, ardi latxa eta haren esnea; bestetik, ekoizleen lana, artzainen lana, alegia. Euskal Herrian, orain dela 6.000 urtetik lan egiten dute artzainek, eta haien jarduna oso garrantzitsua izan da historian, baita gaur egun ere. Haiek gabe ez dago gaztarik; ez dago Idiazabalgo gaztarik. Donostian aurkeztu genuenean, esan nuen: guk haiekin igaro ditugu egunak, haien txaboletan... baina gu joan eta gero ere haiek han segitzen dute, lanean, guretzat eta jendearentzat gazta saltzeko moduan jartzeko.

Horretarako, ezinbestekoa da gaztagileen lekukotza, ezta?

Bai. Artisautza dago lan guztiaren atzean; ekoizleak hasieratik egiten du lana: animaliak zaindu, esnea lortu, esnea landu, prozesatu eta saldu. Haiek egiten dute guztia. Ez da beste kasuetan bezala; hasieratik amaierara arte egiten dute lan, eta hori guztia azaleratu nahi izan dugu dokumentalean.

Zein irizpide izan duzue ekoizleak elkarrizketatzeko?

Sarri agertzen dira hedabideetan; lehiaketa askotan parte hartzen dute, eta ez da erraza elkarrizketaklotzea, haiek ere agenda lotua izaten baitute. Azkenean, aukeraketa bat egin dugu: bost sendi agertzen dira. Alde batetik, gizonezko gaztagileen eta emakumezkoen arteko oreka mantendu nahi izan dugu. Bestetik, Euskal Herri osoaren ordezkaritza izaten ahalegindu gara: Arabako ekoizleak, Nafarroako ekoizleak... Ez genuen nahi Gipuzkoako gauza bat soilik izaterik; horregatik saiatu gara oreka mantentzen.

Sukaldari ugari ere agertzen dira; zer transmititzen dute?

Euskal Herriko sukaldariak hartu ditugu; izan ere, produktu honen inguruko lan handia egin izan dute beti. Euskal sukaldari ezagunenak agertzen dira, hein batean, eskertza moduan. Kanpoko sukaldari bat ere ageri da, beste ikuspegi bat emateko: Joan Roca. Goi mailako sukaldaritzan dihardu lanean, eta, gainera, duela hamabost urte edo, Gastronomika biltzarrean, Idiazabalgo gaztarekin eginiko plater bat aurkeztu zuen. Hori nuen buruan, horregatik erabaki genuen; beste ikuspegi bat emateko eta lotura izan duelako.

Zein gehiago agertzen dira?

Jatorri izenaren historia azaldu nahi genuen; jatorri izena sortu aurretik eta ondoren, aldatu egin da. Jatorri izena jarri zenetik hona, kalitatea, kontrola... erabat aldatu dira, eta esan dezakegu munduko gaztarik kontrolatuena dela. DNA froga ere egiten zaio; seguruenik munduan froga hori egiten zaion bakarra izango da. Hori azaltzeko, jatorri izenaren inguruan lan egiten duen jendearekin, laborategikoekin eta analisiak egiten dituztenekin ere egon gara: ikuspegi orokorra du.

Harrera ona izan du?

Harrera oso ona izan du Donostiako Zinemaldian. Izugarria izan da: erakusleiho bat da. Neuretzat ere garrantzitsua da zinemaldiaren barnean egotea eta jendeak eginiko lan hori ikustea. Euskal Telebistan emango da, lan prozesuan parte hartu duelako. Zinemalditik ETBra doa, eta, hortik aurrera, ibilbidearen hasiera izango da. Ordizian eman genuen lehenbizi, hangoa izanik ordiziarren aurrean agertu nahi nuelako, haiek ere ikus zezaten, baina salbuespen bat izan zen.

Betidanik izan duzu ideia buruan?

Orain dela hamabost urtetik izan dut ideia buruan. Finantzaketa ere lortu behar izaten da, eta orain izan da garaia. Hala ere, jendeak uste du gaian aditua naizela, eta ez naiz: adituak ekoizleak dira.

Lotura du zu ordiziarra izateak?

Baliteke, arrazoi bat bada ordiziarra izatea, baina beste gauza asko ere egin izan ditut. Badu zerikusia; izan ere, barnean daramazu, eta interesa ere bai; lotura berezia da. Oroitzen dut, esaterako, Ordizian txapelketa lehen aldiz egin zenean nire aita epaimahaikide izan zela.

Proiekturik baduzu esku artean?

Orain dokumental bat prestatzen ari gara, eta Turkiara joango gara grabatzera. Hortik aurrera, beste ideia batzuk ere baditut buruan, eta seguruenik egingo dira: hainbeste gauza daude munduan erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.