ATZEKOZ AURRERA. Itxaso Maguregi. Pintura saileko irakaslea

«Zaila da jakitea koadro garaikideak faltsuak edo benetakoak diren»

Zaharberritze gradu bateko irakaslea eta kimika doktorea da Maguregi. Zientzia eta artea uztartuz, koadro garaikideak datatzeko eredu matematiko bat garatu du Laura Ortiz eta Irene Cardaban ikerlariekin.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Kimikaria da Itxaso Maguregi (Portugalete, Bizkaia, 1970), eta bi hamarkada daramatza EHUko Arte Ederren Fakultatean eskolak ematen. Artelanen zaharberritzea egiteko ezinbestekoa den jakintza zientifikoa zabaltzea da haren egitekoa. Koadro garaikideetan erabiltzen diren pintura akrilikoak aztertuz, eredu bat garatzen dihardu azken 22 urteetan material hori erabilita ekoitzitako artelanen data zehazteko. Irene Cadabanekin eta Laura Ortizekin egin du ikerketa. Asmoa da eredua findu eta beste material batzuekin eta beste garai batzuetan sortutako koadroetan aplikatzea.

Pintura akrilikoz margotutako koadroen datak zehazteko eredu matematikoa aurkitu duzue. Lorpen garrantzitsua da artearen alorrean?

Joan den mendeko bigarren erditik hona artelanen ekoizpena asko areagotu da. Pintura tradizionalean, posible zen faltsutzeak edo datazioak zehatz egitea, anakronismoak topatuz. Bada, garai batean erabiltzen ziren pigmentuak gaur egun ez dira erabiltzen. Lehen, materialak detektatuz, koadro bat garai batean edo bestean kokatu genezakeen. Arte garaikidean, aldiz, materialak edonoren esku daude, eta gaur egungo osagaien artean ezin da anakronismo bila hasi. Datazioak eta esleipenak egiteko beste bide batzuk topatu behar ditugu.

Nola datatzen ziren koadroak anakronismo bidez?

Anakronismo bat da pigmentu garaikide bat XVI. edo XVII. mendeko koadro batean topatzea. Ondorioak ezin dira horrekin bakarrik atera, baina normala behintzat ez da. Susmoa pizten zaigu. Lehen pigmentuak eskuz txikitzen ziren, naturatik erauzita. Industria garapenaren ondorioz, beste modu batean ekoizten dira pigmentuak, aglutinatzaileak eta bestelako osagaiak. Formulazioa eta beste ezaugarriak ere aldatuz joan dira historian. Hortaz, osagaien azterketak informazio baliagarria ematen duartelan hori garai batean edo bestean kokatzeko. Arte garaikidean, galtzen ari da lerro hori.

Zuen asmoa izan da horri aterabidea ematea.

Guk pinturen barruan dauden formulei erreparatu diegu. Osagaiak denboraren poderioz nola aldatzen diren kimikoki begiratu dugu, orokorrean. Aldaketa horiei behatuz, eredu matematiko bat ezarri dugu, eta, eredu horren bidez, koadro garaikide baten adina zehaztu dezakegu. Horretarako, 1.500 orduz zahartu ditugu laginak, artifizialki. Time lapse moduko bat egin dugu, eta denbora horretan 50 argazki atera dizkiegu laginei, haien bilakaera ikusteko. Gero, formula balioztatu dugu, data ezagunak zituzten koadroekin konparatuz.

Nola egin duzue hori?

Hasieran, formulazio ezberdina zuten bi marka komertzial hartu genituen, eta kolore bakarra. Gero, beste batzuen artean, Jesus Mari Lazcano artistarengana jo genuen. Lazcanok marka horiek erabiltzen ditu, eta berak bazekien zehatz-mehatz data bakoitzean zer-nolako formulak, zer-nolako pinturak eta zer markatakoak eta koloretakoak erabili zituen. Hori ez da oso ohikoa pintoreetan. Sarri, eskura dauzkaten margoak erabiltzen dituzte, eta, galdetzen badiezu orain dela 30 urte zer marka edo zer-nolako pintura mota erabili zuten, ez dute jakiten. Azkenean, laginak bost koadrorekin alderatu ditugu, asmatzen genuela egiaztatzeko.

Eragina du dataren zehaztapenak artelanen salerosketan?

Arte merkatua nahiko berezia da,eta, askotan, koadroak erosi eta saldu aurretik ez da egiten azterketa teknikorik. Oso zaila da jakitea koadro garaikideak benetakoak edo faltsuak diren. Data ezagutzea erabilgarria izan daiteke emaitza errealitatearekin alderatzeko.

Balio du, hortaz, koadro bat faltsua den ala ez zehazteko?

Koadroa garai batean kokatzeko balio du; gero, faltsua den ala ez erabakitzeko, beste hainbat gauza eduki behar dira kontuan. Gainera, koadro hori faltsua den ala ez esatea ez dagokio zientzialariari, baizik eta arte adituari.

Arte merkatuan asko faltsutzen da?

Gaur egun pila bat faltsutzen da. Esaten da balitekeela gure inguruan ditugunartelanen %30 faltsuak izatea, edo behintzat txarto identifikatuta egotea. Gaur egun, inbertsio modu bat da: diru asko mugitzen da mundu horretan, eta, beraz, lehen baino interes gehiago daude. Etekinak ematen ditu. Arte merkatua munduko merkatu ilegaletan hirugarrena da. Arazoa larria da.

Pintura akrilikoa aztertu duzue. Zergatik?

Akrilikoa arte garaikidearekin zuzenki lotutako tresna bat da. Olioa betidanik erabili izan da, baina akrilikoa 1940 inguruan agertu zen, eta pintatzeko modua aldatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.