ATZEKOZ AURRERA. Joseba Bontigui. Argazkilaria

«Eskuak erakusteko eran islatzen da andre bakoitzaren izaera»

SOS Arrazakeriak eta Donostiako San Telmo museoak 'Milaka eskuren isilpeko lana' erakusketa ondu dute, etxeko langileen lana ikusarazteko asmoz. Bontiguik atera ditu erakusketako irudiak.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Donostia
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Irudian, emakume baten eskuak lehen planoan; eta, bigarren geruzan, gorputza eta aurpegia, lausotuta. konposizio bera duten hogei irudi bildu, eta Milaka eskuren isilpeko lana erakusketa ondu dute Donostiako San Telmo museoak eta SOS Arrazakeria erakundeak, elkarlanean. Denak dira etxeko langileak eta migratzaileak; denek dituzte eskuetan lanaren arrastoak. Andre horien istorioak eta identitateak azaleratzeko asmoz atera ditu irudiak Joseba Bontigui argazkilariak (Donostia, 1964) .

Erakusketan, etxeko langileak diren hogei andreren eskuak daude ikusgai. Bazterrean sentitu dira askotan emakume horiek; nola hartu dute protagonista izatea?

Polita izan da. Esan genien ile-apaintzaile bat eta makillatzaile bat etorriko zirela argazkia egiteko, eta ilusio handiz hartu zuten hori, adibidez. Hasieratik nik uste dut oso gustura egon direla proiektuan. Haien parte hartzea funtsezkoa izan da, hasi eta buka; haien iritziak oso kontuan hartu ditugu. Eurena sentitu dute proiektua; ez dugu egin nahi ez zuten ezer.

Eskuen irudiak, baina, erakusketaren atal bat besterik ez dira. Nola dago antolatuta erakusketa?

Lehen zatian, hogei emakumeren esku ahurrak ikusten dira; eskuak lehen planoan eta aurpegia lausotuta duten erretratuak dira. Denek batera harresi moduko bat osatzen dute. Baina harresia nahiko gardena da, eta atzean dagoena nabari daiteke. Harresia gurutzatzean hasten da bisitaria andreak ezagutzen: logela bat, lan kontratu bat, bideoak... eta, bukaeran, orain marko hutsak dauden tokian, haien aurpegien irudiak jarri nahi ditugu. Bigarren zati horretarako argazkiak lortzea, beharbada, zailagoa izango da.

Zergatik?

Aurpegia erakutsi behar dute, eta beldur dira gero lantokian ez ote dituzten arazoak izango. Horregatik ere hasi ginen hasieran irudi lausoak egiten: kezkatuta zeuden «aurpegia ikusiko zait?», «nor naizen nabarituko da?» galdetzen zidaten.

Argazkiekin batera, tartean, logela bat ere irudikatu duzue. Lo eta lan espazio berean egiten dute, etxean, espazio pribatuan. Lantokia eta atsedena bereiztea ezinezkoa da andre horientzat.

Logelarena ikaragarria da. Emakume horiek bertan bizi dira, ez daukate bere tokia kanpoan. Ohe bat daukate, eta ohe ondoan daukate zaindu behar duten pertsona. Ia lo egin gabe egon behar dute, adi: ea eztul egiten duen, ea komunera altxatu nahi duen, ea ura behar duen... estresa izugarria da. Eta, gainera, gaixo baimena hartzen badute, askotan kaleratu egiten dituzte.

Egoera hain latzen aurrean, gutxi erakutsiz asko kontatzeko modu bat izan da eskuak erakustea?

Bai, hala da. Eskuei arretaz erreparatzen badiezu, esku bakoitzak istorio ezberdin bat dauka. Aztarnak dituzte. Batek belztuta ditu eskuak, lixibarengatik. Beste batek erabat lauak ditu esku ahurrak; marrarik gabeak, erreta. Beste batek ehunka zimur ditu eskuetan. Badago bat esango nukeena tristura nabaritu egiten zaiola eskuetan. Eta, lausotuta egon arren, gazteena barrez dagoela nabaritzen da.

Hipotesiak egiteko aukera ematen du. Jolas bat ere bada?

Dena da jolas bat. Nortzuk dira hauek? Zer egiten dute? Normalki ez diegu erreparatzen jendearen eskuei. Asmoa da jendea etortzea eta arretaz begiratzea argazki bakoitzak zer istorio duen atzetik: zer elementu ikusten diren argazkian. Batzuek ezkon eraztuna dute jarrita; beste batzuek ez. Batzuek besoak luzatuta dituzte, esanez «hauek dira nire eskuak». Beste batzuk, berriz, uzkurtuta daude, besoak tolestuta. Eskuak erakusteko eran islatzen da andre bakoitzaren izaera.

Jolasak helburu jakina du, baina: emakume hauen errealitatea bistararaztea. Aldarrikapen bat ere bada?

Asmoa da lortzea datorren jendeak ez ikustea bakarrik argazki polit batzuk, baizik eta atzean dagoen istorioa. Aparteko mundu bat da. Denok ezagutzen dugu inguruan edo familian norbait zaintzen ari den etxeko langileren bat, baina ikusezinak dira guretzat. Ez dira existitzen. Guretzat dira amamak edo haur txikiak zaintzen dituztenak.

Erronka bat izan da istorio hauek kontatzea?

Garrantzitsuena izan da emakume hauek ezagutzea. Lan teknikora ohituta nago. 2000. urtean, proiektu bat hasi nuen Patagonian, baleekin. Orain, beste proiektu bat egin nahian nabil, baleekin hori ere, eta hiru urte daramatzat dirua bilatzen. Argazkiak egitea baino zailagoa da prestatzea; argazkiak egitea teknika hutsa da. Erronka bat izan da, baina oso argi daukat proiektu bat dela, ez direla argazkiak bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.