MAITE DITUT MAITE. Aritz Rementeria. Kaleko Urdangak taldeko abeslaria

«Talde gazteei aukera ematen die elkarteak»

Gernikako Iparragirre rock elkartea hautatu du Rementeriak gustuko toki gisa. Elkarteko kide da, eta han ekin zion musika ibilbideari. Egun, ordea, osasun krisiak proiektuaren jarduna baldintzatu du.

OIER ELORRIAGA.
Peru Azpillaga Diez.
Gernika-Lumo
2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun

Txikitatik izandako musikazaletasuna anaiari zor badio ere, Iparragirre rock elkartean eman zituen musikaren munduan bere lehen pausoak Aritz Rementeriak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1988). Kaleko Urdangak taldeko abeslaria da, eta, osasun krisiaren ondorioz kulturak duen egoera ikusita, gaztetatik ezagutzen duen elkartearen lana izan du mintzagai. Entsegu gelak eta kontzertuetarako sala bat uztartzen dituen proiektu bat da Iparragirre rock elkartea. «Musikazaleek musikazaleentzat sortutako egitasmoa, eta herriko mota askotako musikarien topagunea», Rementeriaren hitzetan.

2001ean sortu zen Iparragirre rock elkartea. Nola sortu zen?

Ni oso gaztea nintzenean, Eskola Zaharrak izeneko gauza bat egiten zen gazteei entseatzeko aukera eskaintzeko. Horrek sekulako eztanda ekarri zuen: jende asko batzen zen bertan, eta nolabaiteko mugimendu bat sortu zen horren inguruan. Gerora, ordea, udalak itxi egin zuen, eta, alternatibarik ez zegoela ikusita, haietako batzuek lokal bat alokatu zuten, eta, autogestioaren bidez, entsegu gela batzuk eta taula txiki bat atondu zituzten.

Hori izan zen egungo elkartearen abiapuntua.

Hortik, taldeak sortzen hasi ziren: Aztarna, Sarkor, Tooth, The Riff Truckers..., eta, urteekin, txiki geratu zen tokia. Sekulako eskaria sortu zuen. Dirua ateratzeko inolako intentziorik gabe, ondo pasatzeko antolatzen ziren kontzertuak: talde ezezagunak aritzen ziren, baina batek bestea ezagutzen zuen; handik eta hemendik zetorren jendea, eta sarea osatuz joan zen. Talde asko bildu ziren inguruan, eta, orduan, gaur egun erabiltzen den pabiloia alokatzea erabaki zen; apustua biderkatuz.

Zer eskaintzen du, egun, elkarteak?

Orain, 200 pertsonarentzako kontzertu sala bat eta zortzi entsegu gela ditu Iparragirrek, eta 70 bazkide inguruk osatzen dugu. Toki berria eraikitzeko ere, logika berarekin egin zuten dena: azpiegitura, instalazioak, eskailerak... Gazteek atondu zuten tokia oso-osorik.

Zerk egiten du berezi?

Gazteak lokalik gabe zeudenez, hainbat taldetako kideak batu ziren Iparragirre sortzeko, eta hori da politena: hainbat estilotako taldeek osatzen dutela. Normalean, ghettoak egiteko joera dute taldeek: punkiak, heavyak, poperoak..., eta ez dugu gure artean harremanik izaten. Bakoitza bere kabuz dabil. Hemen, berriz, dena nahasten da, eta hori da interesgarriena. Sinbiosi bat dago, eta, musika generoa alde batera utziz, elkar laguntzen dugu.

Zergatik hautatu duzu?

Niretzako oso inportantea izan delako. Orain, Kaleko Urdangak-ekin, jende gehiagok entzuten gaitu, baina ni aspaldi hasi nintzen lagun artean musika egiten, eta hemen entseatzeari ekin nionean hasi nintzen benetan serio hartzen. Hau familia handi bat da; klima berezi bat dago, eta sartzen zaren momentutik oso tratu ona jasotzen duzu. Funtsezko lana egiten duen elkarte bat da, eta, egun, egoera zailean dago.

Osasun krisiak kolpea eman dio kulturari, ezta?

Kulturaren arlo guztiak jo ditu, bai: antzerkia, musika, zinema..., eta gu ez gara salbuespen bat. Kontzertuak dira gure autofinantzaketarako bide nagusia, eta martxotik daramagu egin ezinik. Beraz, nabaritu egiten da. Aurrera begira, gainera, ez dakigu noiz hobetuko den egoera, eta horrek are gehiago zailtzen du dena; publikoa jesarrita izatea, adibidez, ez da aukera ona rock elkarte batentzat. Soinu teknikariak ere aipatu nahiko nituzke. Inor ez da haietaz akordatu, baina funtsezkoak dira artista guztientzat. Orain dabiltza ahotsa altxatzen, haiek ere oso txarto ari direlako pasatzen.

Zer bide topatu duzue momentuz aurrera egiteko?

 

>Bandcamp

merchandising-a saltzen dute. Diru guztia proiektua finantzatzera dago bideratuta. Krisi honek aurrean eraman du gauza asko, baina guk aurrera egingo dugu; bide luzea dugu oraindik egiteko.

 

 

Zergatik da garrantzitsua halako guneak mantentzea?

Gernikan kulturari bultzada ematen dion gune bat delako, beste hainbatekin batera: Astra, Trinkete... Gure elkartean soilik, hogei taldetik gora aritzen dira. Talde gazteei aukera ematen die elkarteak. Horretarako sortu zen: herriko taldeei gune duin bat eskaintzeko.

Zein da bertan bizi izan duzun momenturik bereziena?

Kaleko Urdangak-ekin egindako lehenengo kontzertuan anaiari botatako bertsoa. Hari zor diot musikaren munduan sartu izana. Ni baino nagusiagoa da, eta etxera ekartzen zituen kaseteak lapurtuz hasi nintzen ni ere honetan. Laguntza oso handia izan da beti, eta egun hartan eskertu egin nion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.