ATZEKOZ AURRERA. Jorge Riechmann. Idazlea, irakaslea eta aktibista ekologista

«Gure galbiderako aukerak ez dira gutxi»

Krisi klimatikoaren aurka, Riechmannek eskatu du egoeraren azterketa zintzoa egin eta, hortik abiatuta, benetako konponbideak martxan jartzeko. Ultraeskuina baztertu eta ez etsitzeko deia egin du.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iker Tubia.
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Krisi ekologiko eta sozialaren aurka, poesiara jo du Jorge Riechmann idazle, irakasle eta aktibista ekologistak (Madril, 1962). Joan den astean Errenterian (Gipuzkoa), Gasteizen eta Bilbon izan zen, Grafitiak Neanderthalentzat liburua aurkezten, eta asteon Iruñean eta Baztanen (Nafarroa) egotekoa zen, baina, pandemia dela eta, hitzaldiak bertan behera utzi dituzte.

«Gehiegi okertu ziren bideak. Amaitu zaizkigu konponbideak», diozu liburuan. Ez dago zereginik klima krisiaren aurrean?

Oraindik ere pentsatzen dugu trantsizio ekologikoaren prozesua digitalizazioa, elektrifikazioa eta teknologiaren garapen azeleratua direla. Baina horrek ez gaitu muturreko larritasunetik aterako, kontrakoa baizik. Ez badugu onartzen energia gutxiagorekin bizi behar dugula, are gehiago suntsituko ditugu beharrezko ditugun ekosistemak. Markoa errotik aldatu behar dugu, baina oso urruti daude jorratu beharreko bideak.

Gero eta gehiagok uste du aldaketa beharrezkoa dela, baina zer gertatzen da? Ez da gogorik?

Eta afera serio hartu dute gizartearen zati baten genozidioa onartzen duten sektore batzuek, ultraeskuinean. Hori ezin da onartu ikuspegi humanista, berdinzale eta askatzaile batetik. Baina batzuk horren alde egiten ari direla dirudi.

Bitartean, dena margotu dute berdez. Zertarako balio du horrek?

Oso oker dabiltza. Adibidez, auto elektrikoarekin fetitxismo handia dago, baina, energia eta hornidura arazoak ikusirik, argi dago ezinen dugula egungo auto parkea ibilgailu elektrikoengatik aldatu. Gainera, gizarte honen inertziei jarraikiz, desberdintasuna sakonduko duen mugikortasun bat izanen dugu, krisi ekologiko-soziala handituz.

Zure libururik gogorrena omen da hau. Etsipenagatik da?

Aurreko liburuekin ere esan didate hori. Etsipena ez da hitz egokia. Uste du buruargitasun ariketa bat egin behar dugula, begiak benetan ireki eta eskura dugun jakinduriarik onenarekin zein unetan gauden aztertu. Egoera katastrofikoa bada, hortik abiatu beharko dugu. Petrocalipsis liburuan, Antonio Turin saiatzen da negazionismotik eta autoengainutik ihes egiten, eta benetako egoerari aurre egiten. Ni ikuspegi beretik ari naiz.

Militante ekologista gisa, nola ikusten duzu egoera hau?

Tragedia bat da. Mende erdia daramagu jendea ohartarazten amildegi ekologiko eta sozial honetara iritsi ez gintezen. Alde horretatik, nolabait porrot egin dugula onartu behar dugu. Garaipen batzuk izan dira, ahal genuen guzia egin dugu, baina ez da aski izan. Hala ere, ezin dugu etsi; aurrera egin behar dugu lurraldea defendatzen eta trantsizio ekologiko egoki baten alde egiten. Gizarteko sektore zabalei ikusarazi behar diegu ongi bizi gaitezkeela gutxiagorekin.

Poesiak zer eskaini dezake?

Lagundu gaitzake, kontsolatu, egoera beltzean argitasuna eman, eta alteritaterako bideak ireki. Hain beharrezkoa den Gaia kultura eraikitzen lagundu diezaguke.

Eta desobedientzia zibilak?

Egin beharko genukeenaren eta egun egin genezakeenaren arteko arrakala horretan, desobedientzia zibila oso serio —orain arte baino serioago— planteatu behar dugun tresna eta praktika sorta bat da.

Noraino ailega daiteke?

Idealki, transformazio iraultzaile bat egiteraino. Erresuma Batuan indar handiagoz aritu dira Extinction Rebellioneko kideak, baina iraultzatik urruti geratu dira.

Zer lortu nahi izan duzu neanderthalentzako grafiti hauen bidez?

Gurekin ez dauden gizakiei zuzentzeak ireki diezaguke bide bat onartzeko aniztasun biologikoa, kulturala, linguistikoa... Bestalde, grafiti hauek gogoetarako bidea ireki diezagukete, geure galbiderako, autogalbiderako aukerei dagokienez, ez baitira gutxi.

Ekologistei kobazuloetara itzuli nahi izatea leporatzen zaizue askotan. Garapenaren kontzeptua aldatu beharra dago?

Are gehiago, premiazko betebehar kulturala da hori. Garapenaren mitoa ideologema kaltegarrienetako bat da, behar ditugun aldaketa sakonak egiteko muga handi bat. Zentzu horretan, garapenaren erabat aurkakoak izan beharko genuke.

Egoera azterturik, zer egin behar da egoera iraultzeko kemena eta gogoa ez galtzeko?

Uste dut hiru eremutan errotu behar dugula. Lehenik, oso zaila da hain etorkizun gogorrari aurre egitea; ezin gara bakarrik gelditu arazo hauei erantzuteko garaian, erraz etsi baitezakegu. Bigarrenik, mendeetan barrena sortu ditugun baliabide kulturalak erabili: poesia, arteak, filosofia, pentsamendua, zientzia... Azkenik, espiritualitatea ere kontuan hartu behar dugu gogoetarako, laikoa bada ere; zentzu horretan, egotik edo ni-tik aldendu, eta gainerako izakiekin dugun loturaz jabetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.