ATZEKOZ AURRERA. Teresa Paneque. Astronomoa eta zientzia dibulgatzailea

«Zientzialarien jarduna politikoa da»

Jakin-minaren eta galderen apologista da Paneque, eta denen eskura nahi du ezagutza. Jakinduria «demokratizatzeko» baliatzen ditu sare sozialak. Baieztapen borobilen aurrean, bandera gorria altxatu du.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Tiktoken zientziaz aritzen da milaka begiren aurrean, motz eta bideoek eskaintzen dizkioten baliabideak erabiliz. Maite dituen gauzez pasioz mintzo da Teresa Paneque astronomoa (Madril, 1997), eta erraz komunikatzen du. Ez da harritzekoa milioi erdi jarraitzaile izatea sare sozialetan. Txilekoa da, baina Berlinen doktoretza egiten ari da ESO Europako Behatoki Australean. Iruñean izan da, Lab Me Crazy zientzia filmen jaialdian parte hartzen.

Jendeak Tiktoken dantza egiten du. Zuk zientziaz hitz egiten duzu?

Bai, hori baita nik egiten dudana; gainera, txarra naiz dantzan, saiatzen naizen arren.

Zerk eraman zintuen zientzia dibulgazioko bideoak egitera?

Itxialdian, jendeak ogia egiten zuen; nik, bideoak. Instagramen aritu nintzen batez ere. Gero, Alemaniara etorri nintzen, eta entzun nuen Tiktok zegoela modan. Baziren zientziaz aritzen zirenak; ez asko, baina existitzen da espezie bitxi hori.

Tiktoken 378.000 jarraitzaile dituzu; sare guzietan, 500.000 jarraitzailetik gora. Nola daramazu?

Ardura handia sentitzen dut. Pribilegio bat da, nire komunitateko jendea oso atsegina delako, eta ardura handia da, ezin naizelako soilik astronomiaz aritu. Krisi global bat dugu klima aldaketarekin, osasungintzan, ekonomian eta gizartean, eta horretaz ere aritzen naiz, noski.

Jarraitzaileek galdetuko balizute planetak nola sortzen diren, zer erantzunen zenuke bideo motz-motz baten bidez?

Tranpa egin didazu, hori baita nire ikerketa gaia. Azalpena emanen nuke, baina mezurik politena da planetak izarren material berarekin sortzen direla, baina kantitate desberdinean eta milioika urteren aldearekin; baina denbora hori oso gutxi da izar batentzat.

Zenbat jarraitzaile dituzun ikusirik, jendeak badu interesa zientziani?

Dudarik gabe, bai. Gizartea oro har oso gutxietsia izan da ikasteko duen interesari dagokionez. Zientzia jakin-mina da, eta galderak egitea, eta sortzen garenetik egiten ditugu galderak. Kontua da une batean lotsak oztopatzen duela jakin-minaren bidea. Beharrezkoa da guziei hezkuntzarako eta zientziarako sarbide ona ziurtatzea.

Sare sozialekin jende gehiagorengana iristen zarela uste duzu?

Jarrera politiko bat da zientzia denen eskura jarri nahi izatea, jakinda denek ez dutela sare sozialetarako sarbiderik, baina bada jakinduria demokratizatzeko bide bat.

Sarean erraz zabaltzen dira zurrumurruak. Garrantzitsua da lubaki horretan ere egotea?

Bai eta ez. Bideo bat faltsua dela salatzean, bideo horri ikusgaitasuna ematen diozu. Beraz, ez dakit zer den hobe. Nik bietarik egin dut.

Zergatik zabaltzen dira hain erraz informazio faltsuak? Jendeak baieztapenak nahiago dituelako?

Askoz ere entretenigarriagoak direlako. Kontuz ibili behar da; astronomian, zurrumurruek ez dute eragin handirik egunerokoan. Baina horretan sinesteak eraman zaitzake beste albiste faltsuetara. Baieztapen borobilen aurrean, bandera gorria.

Jendeak ez du onartzen denerako erantzunik ez izatea?

Gaur egun dakiguna, seguruenik, aldatu egingo da. Ohiturik gaude galdera bat Googlen sartuta berehala erantzuna jasotzera, baina erantzunik ez badago, itzuli asko eman behar dira. Arazoa agian da egien iturritzat daukagula zientzia. Bada egiara gerturatzeko modu bat, baina bide erdian gaude. Oso egozentrikoa da pentsatzea den-dena ulertzeko gai izanen garenik. Gainera, hori ona da, galderak eginen baititugu beti.

Bestela lanik gabe geratuko zinatekete, ezta?

Horregatik aukeratu nuen astronomia; hain da zabala unibertsoa...

Nola sinplifikatzen dituzu ideia konplexuak ulergarri egiteko?

Egunerokora eramanda; adibide gisa erabiliz ohe elastikoak, globoak, txikleak, sagarrak, udareak... Hori bai, sobera sinplifikatu gabe. Hitz errazekin egin arren, mezu zientifikoa izan behar du.

Lurra laua dela ziurtatzen duen jendeak galderak egiten dizkizu?

Gehiago galdetzen didate besteek, argudioak nahi dituztelako beren borroketarako. Uste dut ez dugula horretan erori behar; edukazio falta izan daiteke. Inoiz ez diot irri egin inori Lurra laua dela esan didalako; saiatzen naiz frogak ematen. Lurra esferikoa dela ziurtzat daukanari galdetuz gero zergatik den hala, seguruenik ez du jakinen zer esan.

Politikaz ez aritzeko esaten dizute batzuek kanalean. Zer uste duzu?

Arraroa da; azken finean, zientzialariek herritar izateko duten eskubidea aldarrikatzea da. Niretzat dena da ekintza politikoa.

Zientzia ere politika da?

Zientzialarien jarduna politikoa da: ikerlariak herritarrak gara, eta galderak egitea politikoa da. Zer ikerketa babesten dira? Zertarako erabiltzen da jakintza? Politikan parte hartu behar dugu zientzialariok. Pandemiarekin argi geratu da: erabakiak ez dira hartu txostenen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.