ATZEKOZ AURRERA. Albert Pla. Musikaria

«Bizitza gehiegi banalizatzen dela uste dut»

Ustez ahaztutako iraganaren inguruko galderekin osatu du Plak '¿Os acordáis?' ikuskizuna. Arriaga antzokian antzeztuko du bihar. Gitarra bat izango du lagun, eta inprobisazioarekin jantziko du saioa.

ARRIAGA ANTZOKIA.
amaia igartua aristondo
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Ikus-entzuleengana jaitsi, eta haien artean ibili, maskara soinean betiere, baina haiekiko harremanari uko egin gabe, ordea. Izan ere, Bilboko Arriaga antzokiko agertokitik harago hedatuko du Albert Pla abeslari, antzezle eta umoristak (Sabadell, Katalunia, 1966) bere azken ikuskizuna: ¿Os acordáis? Izen bereko abesti batean oinarrituta dago; konfinamendu garaian ondu zuen hamar minutuko pieza bat da, hain zuzen, eta izenburuak argi islatzen du ikuskizunaren muina: galderak botatzea, behin eta berriro, tartean gogoetaren bat txertatuta.

«Gogoratzen zarete?/ Mundua asko aldatu zen/ Dena izan zen hain bat-batekoa/ munduko gauza guztiak bat-batean lekuz aldatu ziren». Abiapuntu horretatik ekinda, istorio tragiko eta barregarriak, ohikoak eta ezohikoak, gordinak eta delikatuak taularatuko ditu Plak. Eta gitarraz soilik lagunduta uztartuko ditu ertz horiek guztiak, bihar, 19:00etatik aurrera.

Ironia ageri da izenburutik bertatik: ¿Os acordáis? (Gogoratzen zarete?). Inor ahaztu daiteke pandemiaz edo konfinamenduaz?

Ba, ez dakit; horregatik noa Bilbora galdetzera.

Ikus-entzuleek parte hartuko dute ikuskizunean? Nolakoa izango da, orokorrean?

Ikuskizunean gauza asko galdetzen ditut, baina horietako asko ez dakizkit erantzuten. Ikus-entzuleek topatuko dute ikuskizun oso oinarrizko bat: gitarra batekin bakarrik joango naiz, eta kantatzen arituko naiz, kantatzen eta kantatzen, eta, tarteka, gauzak kontatzen, besterik gabe.

Oinarrian izen bereko abesti bat dago, hamar minutu ingurukoa. Zergatik sortu zenuen kanta? Zer adierazi nahi zenuen?

Adierazi, ezer berezirik ez; baina bilakatu da galderak egiteko modu bat, batez ere.

Kanta hori eta zure ibilbideko beste batzuk ez ezik, inprobisazioa ere egongo da ikuskizunean. Oro har, zure lanean toki handia du. Nola garatzen duzu?

Agertokiaren gainean ni bakarrik egoteak modua ematen dit asko inprobisatzeko, eta ikus-entzuleen artean antzematen ditudan erreakzioen eta jarreren bidetik jotzeko kontzertuan. Ikus-entzuleek ematen dizkidaten sentsazioen arabera joaten da eraikiz ikuskizuna, hain zuzen.

Ikuskizunaren gai nagusietako bat pandemia da, baita kantarena ere. Baina gaia asko landu da, are maiztua bilakatzeraino. Zer ekarpen egin dakioke jada gai horri?

Tira, ez da zehatz-mehatz pandemiaz hitz egiten duen kanta bat. Azken batean, iraganaz ari da, norberari bizitzan gertatzen zaizkion gauzez. Eta galdetzen diozu zeure buruari ea zerbait ikasten duzun gertatzen zaizkizun gauza horietatik. Hori da kantaren muina, gutxi gorabehera.

Baina pandemia aipatu beharra dago, esaterako, ikus-entzuleei buruz hitz egiteko garaian. Hau da, geldialdiaren ondoren agertokietara itzuli zarenean, igarri duzu aldaketarik haiekiko harremanean?

Ez asko. Bueno, tira, ikus-entzuleek maskara daramate; horrenbestez, tratua apur bat ezberdina da. Ez diezu sudurra ikusten, adibidez.

Eta horrek eragina du zure antzezteko moduan, halaber? Ez soilik ikus-entzuleekin duzun harremanean, baizik eta jardun orokorrean.

Ba bai, baina ez askorik, maskararen azpitik barrez ikusten ditudalako.

Beste gauza askoren artean, umorista ere bazara. Umorea eta ironia darabilkizu jorratzen dituzun gai gehienetan. Hala ere, badago gehiegi banalizatzen den gairik, zure ustez?

Bai, uste dut bizitza gehiegi banalizatzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.