ATZEKOZ AURRERA. Ander Izagirre. Kazetaria

«Ingurura oso modu desberdinean begiratzen ikasi dut»

Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren 500. urteurrena dela eta, Vuelta al pais de Elkano bidaia liburua atera du Ander Izagirrek. «Mundu bira bat da, Euskal Herritik atera gabe», azaldu du.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
500 urte igaro dira Juan Sebastian Elkanok mundu bira egin zuenetik. Pertsonaia hori omentzeko ekintza ugari egin dira aurten. Ander Izagirre kazetariak (Donostia, 1976), Elkano fundazioarekin elkarlanean, Vuelta al pais de Elkano (Elkanoren herrialdeari itzulia) liburua kaleratu du. Getarian (Gipuzkoa) hasi eta amaitzen den ibilbide bat proposatzen du Izagirrek, Elkano abiapuntutzat hartuz, Euskal Herriko txokoak eta historia hobeto ezagutzeko.

Nola sortu zen liburua idazteko ideia?

Elkano fundazioak proposatu zidan, eta nik aipatu nien ez nuela Elkanoren inguruko beste liburu bat egin nahi, ez da nire gaia. Euskal Herrian barrena izango zen bidaia liburu bat egitea proposatu nien, eta ondo iruditu zitzaien. Nik XXI. mendeko gaiak eta istorioak kontatu nahi nituen, iraganeko eszena hartuta, kasu honetan Elkanoren garaikoa, gaur egungo historia kontatzeko. Egia esan, ustekabe ederrak hartu ditut, adituekin ibili bainaiz.

Zer ustekabe izan dira horiek?

Batez ere, euskaldunok nola joan garen urrutiko lurraldeekin nahasten, bai Euskal Herriko historian eta baita gaur egun ere. Badago topiko bat, oraindik ere irauten duena, euskaldunak herri bakartu eta gotortu bat izan zirela esaten duena, eta hori ez da zuzena.

Liburuan honako hau diozu: «Euskaldunak ez ziren nekazari bakartuen herri bat, nabigatzaile promiskuoen herri bat baizik». Topiko horrekin lotuta al dago?

Bai. Herrialde bakoitzak bere mitoa du, eta hemen azkenengo 100 urteetan baserriaren mitoa nagusitu da: baserriak nola mantendu dituen kultura, hizkuntza, herri kirolak... Hori neurri batean horrela izan da, baina askoz gehiago ere izan da. Euskal Herria itsasoari lotutako herri bat da, itsasoak eman digu kanpoko herrialdeekin komunikazioa izateko aukera. Oso herrialde nahasia eta bizia izan gara, eta hori itsasoari esker izan da, asko atera garelako.

Liburuan parte hartu duten adituak zeren arabera aukeratu dituzu?

Adibidez, liburuan agertzen den adituetako bat Andoni Luis Aduriz sukaldaria da. Konturatu nintzen lehen mundu biraren arrazoietako bat espeziak ekartzea zela. Oso garestiak ziren, eta haiek saltzeari esker finantzatu zuten bidaia. Plazer edo apeta bat ziren garai hartako herritarrentzat. Hori ulertzeko jo nuen Adurizengana, eta hark erakutsi zidan plazera oso motor garrantzitsua izan dela historia osoan.

Ibilbide bat proposatzen duzu liburuan. Noiz eta nola egin zenuen ibilbide hori?

Iazko urrian sei lagun elkartu ginen, eta bizikletaz bederatzi eguneko ibilbide bat egin genuen. Ibilbide hori liburuaren hezurdura izan da. Lehen bidaia hori kontaktuak egiteko eta lekuak bisitatzeko erabili nuen. Gai bat interesgarria iruditzen bazitzaidan, gorde egiten nuen. Ondorengo hilabeteak leku horiek berriro bisitatzeko eta adituekin hitz egitera joateko baliatu nituen.

Nola lotzen da ibilbidea Elkanorekin?

Hasteko, Getarian hasi eta amaitzen da. Liburuaren asmoa, Elkanoren inguruan hitz egitea baino gehiago, garai hartako itsasoari lotutako euskal gizarte horren arrastoei jarraitzea da. Kostan egiten da ibilbidearen zatirik handiena, baina barneko lurraldeak ere badaude.

Zer lotura du barnealdeak itsasoarekin?

Adibidez, Igartubeiti baserria [Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa] dago ibilbidean. Bertan sagardoa egiten zen, itsasontzietako tripulazioarentzako. Baserriak itsasontziak hornitzeko lantegiak ziren. Gure inguruan gauza asko daude itsasora begira eginak. Proiektu honi esker, ingurura oso modu desberdinean begiratzen ikasi dut.

Irakurleengan ere lortu duzu aldaketa hori?

Liburua orain dela gutxi atera den arren, jendeak esaten dit euren herrietan ezagutzen ez zituzten istorioak topatu dituztela, eta hori da liburuaren asmoa.

Etorkizunera begira, baduzu proiektu berririk?

Orain liburuaren inguruko hitzaldiak ematen ari naiz, denbora pixka bat behar dut proiektu berrietan pentsatzeko. Udazkenetik aurrera hasiko naiz zerbait pentsatzen, baina egia esan kanpora bidaiatzeko gogoa dut.

Bizikletarekin?

Agian ez, nahiago dut beste kazetaritza lan bat egin. Latinoamerikara gustura joaten naiz. Gogoa dut Kolonbiara bueltatu eta gaiak bilatzeko, baina, oraingoz, fantasiak besterik ez dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.