ATZEKOZ AURRERA. Ondiz Jimenez. Argazkilaria

«Txarto egoteko baimena eman behar diogu geure buruari»

Buru osasuneko arazoak izan dituzten pertsona batzuei azalaren argazkiak egin dizkie Jimenezek, gaixotasunaren eragina adierazteko. 'Ikigai' liburuan bildu ditu. Japonieraz dago izenburua: bizitzeko arrazoia da.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Leioa
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Argazkilaria da Ondiz Jimenez (Medina de Pomar, Burgos, Espainia, 2000). Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi du EHUn, eta haren gradu amaierako lana izan da Ikigai. Buru osasunak azalean duen eragina islatzen duen argazki bilduma bat izan da lana, eta liburu bihurtu du emaitza.

Nola sortu duzu liburua?

Osasun mentala ardatz hartuta, jendearen istorio eta sentimenduak islatu ditut argazkien bidez. Biziraun duen jendearekin hitz egin nuen argazkiak egin bitartean; nik nahiago dut hala izendatu eta ez protagonista. Konturatu nintzen ezin zuela bakarrik unibertsitaterako izan. Ezagutarazi behar nuen. Jendea laguntzeko, identifikatuta senti dadin. Liburua autoargitalpena da. Rubrikekin egin dut, Portugaleteko [Bizkaia] argitaletxe batekin. Finantzaketa kolektibo bidez 900 euro lortu, eta 50 ale atera ditut.

Nola senti daiteke identifikatuta?

Argazkiak ikustean, bakoitzaren azalean sarrarazi nahiko nuke irakurlea, gertatu zaiena uler dezan. Gorputzaren barruan gertatzen dena azalaren bitartez nola kanporatzen den: psoriasia edo suizidio saioak, esaterako. Buru gaixotasuna ez baita ukigaitza.

Zer asmorekin egin duzu?

Osasun mentala azaleratzeko, behar handia baitago. Kausak eta ondorioak zein diren esplikatzeko. Baina, batez ere, gaiaren inguruan gero eta informazio gehiago izateak aurreikusi dezan gaitzen agerpena. Informaziorik eza arazo larria da. Ez dago buruko gaixotasunen bat duenari zuzenduta soilik, laguntza nola eman daitekeen ez dakitenentzat ere baliagarria da.

Zer uste duzu buru osasunak agenda publikoan duen egoeraz?

Hedabideek aipatu arren, ez zaio garrantzirik ematen, inork ez dio konponbiderik bilatu nahi. Behin, Leioako anbulatoriora joan nintzen antsietateak jota, eta medikuak esan zidan kirola egin behar nuela distraitzeko. Halako kasuei sistematikoki egiten zaie muzin. Albiste direnak morboz josita daude, clickbaita sustatzeko. Zoritxarra saltzen dute, baina ez konpondu.

Zer eragin du norbere burua ondo ez dabilela kontatzeak?

Zer gertatzen zaizun ulertzen ez duzunean, ez dakizunean zergatik zauden triste, zergatik egiten duzun negar egunero, zergatik erortzen zaizun ilea... urrats handia da hitzez adieraztea arazo bat duzula eta kanpoko laguntza behar duzula.

Zer dute komunean testigantzek?

Denei nerabezarotik aurrera agertu zaizkie ahulguneak. Lehen sintomak hezkuntza presioarekin loturik daude. Ikastetxeetatik hasi behar da tratamendua. Etxe batzuetan ez dago baliabiderik tresnetarako. Orain gehiago hitz egiten dugu. Garaia aldatzen ari gara, eta eskerrak.

Zer iritzi duzu kristalezko belaunaldi izendapenaz?

Oso itsusia iruditzen zait horrela deitzea, baina beste garai batean bizi izan denak deitu ohi gaitu horrela. Azkartasuna da arazoa. Gure denbora aukeren gainetik bizi gara. [Instagramen] 15 segundoko istorioak kontsumitzen ditugu, jada telesailetako kapituluek ez dute ordubete irauten, 20 minutu baizik. Ezin dugu buru osasun duinik izan, egunero ditugun hamaika eginbeharretara heltzen ez bagara.

Harremanak izateko moduan ere nabari da azkartasun hori?

Buruz ikasteko eta azkar bizitzeko hezi gaituzte. Whatsappek audio mezuak abiadura bikoitzean entzuteko aukera jarri du martxan, jendeak astirik ez duelako. Hiru minutuko audioa jaso eta ezin dugu entzun: zer pentsatua ematen du.

Ulertzen al da zer den terapia?

Ez. Eman lezake desesperazioagatik jotzen duela jendeak profesionalengana. Jende asko, baina, ondo dagoelako joaten da terapeutarengana. Jakin nahi duelako zer behar duen horrela jarraitzeko. Ez dago txarto egon beharrik terapian hasteko. Txarto egotea ere ondo dago.Huts egiteko, gaizki egoteko eta negar egiteko baimena ere eman behar diogu geure buruari.

Arazoa, ordea, terapiara doanari zuzenean pilulak ematea da, artatuak hitz egitea besterik behar ez duenean. Agian, familia ingurunetik kanpoko pertsona bat besterik ez du behar, ikuspegi desberdina emango diona. Gure pentsamenduarekin kateatu ohi garelako sarritan. Irtenbidea kanpoko norbaiti gure arazoen berri ematea da, ez baitu gure testuingururik izango eta ez baikaitu epaituko: entzuketa hori behar dugu denok, eta ez pilulen errezetarik.

Zenbaiti baliagarri izango zaio pilula tratamendua ere.

Badago terapiaz gain pilularen bat behar duen jendea. Baina, ezer baino lehen emandako baliabidea bada, arazoa ez da errotik konpontzen. Derrigorrezkoa behar luke denok, bizitzan behin gutxienez, psikologoarengana joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.