TXAPELA BURUAN. Iker Korta. Txinan bizi den ordiziarra

«Kulturalki herrialde indartsua da Txina»

Masterra amaitzera joan zen Korta Shanghaira. Proiektua bukatzean, ordea, lanean gelditu zen; urte eta erdi da joan zela. Gustura dago, baina, berandu baino lehen, Euskal Herrira itzultzea du buruan.

BERRIA.
Nagore Arin.
2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Urte eta erdi pasatu da Iker Korta (Ordizia, Gipuzkoa, 1995) Txinara joan zela: masterra amaitzera joan zen, eta, gerora, lanean gelditu da. Faltan sumatzen du Euskal Herria.

Zer dela-eta joan zinen Txinara?

Orkli kooperatibarekin egin nuen gradu amaierako lana. Gerora,ikasten eta lanean jarraitu nuen masterraren lehenengo urtean. Esan nien ea aukera zegoen master bukaerako proiektua Kurshangolantokian egiteko. Sei hilabeterako etorri nintzen, eta dagoeneko urte eta erdi daramat.

Hilabete batzuetarako joan eta urte eta erdi igaro da... Nolatan?

Proiektua egitera etorri nintzen, eta, gerora, lan kontratu bat lortu nuen. Lan aukera ona zen, eta eskaintza onartzea erabaki nuen. Shanghain bertan oso ongi bizi gara: euskaldun dezente dago, eta harremana dugu gure artean. Han uzten nuen guztiaren jakitun, abenturarekin jarraitzea hautatu nuen.

Zaila izan zen hango bizimodura egokitzea?

Txinatar kultura oso urrun dago euskal kulturatik. Hasiera batean harridura sor diezazuke: bizitzeko beste modu bat dute. Lanean ere moldatu egin behar izan dut: lan egiteko era desberdina dute, zer esan, nola esan... Azkenean, zu zara hona etortzen dena, eta aurretiaz ere badakizu zu zarela bizimodu horretara egokitu beharko dena.

Zerk harritu zintuen gehien?

Hirugarren munduko herrialde bat irudikatzen nuen: antzeko zeozer. Sistema politikoaren inguruan ere zalantza asko nituen. Txinari buruz nituen albisteak nahiko txundigarriak ziren, baina ikusi dut ez dela horrela. Desberdina da dena, guztia kameraz beteta dago... Bizimoduari dagokionez, beste ikuspegi bat nuen: uste nuen txiroagoa zela. Bidaiatzeko aukera izan dut, eta badira eremu txiroak, baina, orokorrean, ez da hainbesterako.

Hiriburuan bizi zara, ekonomikoki indar handia duen hiri populatu batean... Nabaritzen da?

Bai, eta herritarren bizimoduan ere bai. Azken urteotan arlo ekonomikoan hainbeste hazi dira, ezen dirua baita gauza inportanteenetako bat. Shanghain bertan, jatetxe txiki-txiki baten aurretik oinez zoazela, erraz asko ikus dezakezu ferrari bat alboan. Hala ere, ez dute gaizki ikusten, naturaltasunez baizik: ez dago errespetu faltarik.

Ordizia eta Shanghai, herri bat eta hiri bat... Badute antzekotasunik?

Ez dakit beste hiriburuetan gauza bera gertatuko den, baina, egia esan, etxe ondoan izan dezakezun nukleo hori bai aurki dezakezula hemen. Nire kasuan, guztia nire inguruan egiteko aukera dut, eta hori bada antzekotasun bat. Bestela, guztiz desberdina da.

Hiri plurala da?

Bai, baina ez nik pentsatzen nuen bezainbeste: kalean zoazela ez da nabaritzen multikulturaltasun hori. Atzerritarren profila ez da oso ugaria: herrialde dirudunetakoak dira asko, eta lan egitera etorri dira. Hegoaldean gehiago nabaritzen da lurralde aniztasuna.

Euskaldunik topatu duzu?

Bai, kuadrilla asko ditugu. Bakoitza bere kuadrillarekin ibiltzen da, eta Euskal Etxean elkartu ohi gara: hor egiten ditugu afariak, ekitaldiak eta bestelakoak.

Nola definituko zenuke herrialde gisa?

Kulturalki oso herrialde indartsua da Txina. Printzipioz ateoak dira, baina bakoitzak sinesmen propioak ditu: konfuzianismoa, budismoa, kristautasuna... Herrialde boteretsu bat da: merkatarien seme-alaba gisa irudikatzen ditut.

Izan duzu bidaiatzeko astirik?

Bai. Siberiarekin muga egiten duen hiriburura joan gineneko bidaia izan da, agian, bereziena: Harbinera joan ginen. Zero azpitik 20 gradura egon nintzen lehen aldiz; sentsazio arraroa izan zen. Ikusgarria da; izan ere, Txinaren eta Errusiaren artean talka handia sortzen duen hiri bat da. Errusiar asko dabil, eta kalean txineraz eta errusieraz idatzitako iragarkiak ikus ditzakezu.

Faltan sumatzen duzu etxea?

Bai. Etxezalea naiz, betiere Euskal Herria etxe gisa ulertuta. Izugarria da hondartza 30 minutura edota mendia bost minutura izatea: asko baloratu beharreko zerbait da hori. Faltan sumatzen ditut gertukoak, asko; eta herria bera ere bai.

Zein plan duzu etorkizunean?

Printzipioz, hemen geldituko naiz abendura arte. Ordiziara itzultzeko asmoa dut, baina hemen baino are gutxiago dakit zer gertatuko den Euskal Herrian. Ez da garairik egokiena itzultzeko, lan arloari dagokionez batez ere. Ikusi egin beharea zein aukera sortzen diren bai Euskal Herrian eta bai Txinan.

Nola bizi duzu koronabirusaren krisiaren hasiera?

Gai bakarra bihurtu da. Oporretan geunden lehen kasuen berri eman zutenean, Kanbodian. Adi jarraitu genion garapenari. Shanghaira itzultzea arriskutsua zela ikusita, Euskal Herrira joan ginen handik. Martxoan itzuli ginen, eta, ordutik, lasaitu egin da egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.