Pastor
DARWIN ETA GU

Heriotza Milanen

2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun

Eta miraririk ez, oraingoz, Vittorio de Sica gorabehera: joan zen astean karabinero bat zendu zen hiri horretan, koronabirusak jota. Gaitzak Lombardian hildako bigarren polizia izan zen. Euskal Herrian ez dugu halakorik izan, antza denez, nahiz aurrekoan gertakari nahasgarri baten berri izan genuen: ertzain batzuek guardia zibilak txalotu zituzten Gasteizen. Arrazoia? Espainiako segurtasun publikoko erakunde horretako kide bat hil zen koronabirusaren ondorioz. Heriotza Araban gertatu zela pentsatu nuen, horregatik omenaldia, baina oker nengoen: gizona Ciudad Real hirian hil zen.

Claudio Polzoni-k, 46 urteko karabineroak, Milango San Donato erietxean eman zuen azken hatsa. Emaztea zuen, eta hamar urteko alaba. Polzoni hil baino ordu batzuk lehenago, eskualde horretako beste karabinero bat joan zen: Massimiliano Maggi, 53 urtekoa. Hura ere ezkonduta zegoen. Bi seme-alaba zituen, Italiako hedabideen arabera. Ertzainen txaloak entzun ziren Gasteizen? Ez. Zergatik gogoratu Espainiako mugez kanpo lanean hil diren poliziak, espainiarrak ez badira?

Esker ona, errespetua merezi dute gaixotasunaren kontrako borrokan hil direnek. Komunitatearen alde egin dute lan. Haien jarduera estimatu eta eskertzen dugu. Heriotzek tristatu egiten gaituzte. Baina zer dela eta gogora ekarri Gasteizen Gaztela-Mantxan hil den pertsona baten lana eta ez Milanen bizia galdu duenarena? Lombardia Italian dago, ez Espainiako autonomia erkidegoen erresuman.

Nori bururatu zitzaion guardia zibilengana joateko ideia? «Goazen kuartelera han daudenei eskua ematera, haien kide bat hil baita. Herrera de la Manchako espetxean egiten zuen lan» —ezagun gertatzen zaizue leku hori?—. Berriro diot: halako egoera batean hil direnek errespetua merezi dute. Baina soilik Espainian hil badira? Arkauti, Arkauti... zer mapa fisiko dago zure hormetan? Eta zer mapa psikologiko zure iruditerian? Non dute muga mapa horiek: Irunen, Tuteran ala Tarifan? Hondamendietan bat egin behar omen dugu. Horixe. Ertzainak zergatik ez dira azaldu Italiak Bilbon duen kontsulatuaren aurrera loreak uztera, Milanen egun berean, ostiralean, hil zen karabineroaren omenez? Karabineroak ez, guardia zibilak, bai. ETArik ez dagoela erantzungo dute, beste garai batzuetan bizi garela. Orain adiskideak dira guardia zibilak eta ertzainak. Lehen etsaiak ziren, ala?

Beste alde batetik, eta horren harira, atentzioa eman dit erabaki batek: Gasteizko buruzagitzak txosten bat eskatu die ospitaleko langileak omentzeko Txagorritxura auto desfilean joan ziren ertzainei. Buru horien ustez, ez zen halako agerraldi bat egiteko modua, hirian zehar zarataka. Agian, gaixoren batek behar zuen haien laguntza. Kasuistikan gehiegi sakondu ez arren, beste horrenbeste esan genezake guardia zibilen aurrean elkartu ziren beste ertzainei buruz. Eta herritar batek haien laguntza behar bazuen guardia zibilekin zeuden bitartean? Ertzain horiei ez diete txostenik eskatu, ordea. Ez ziren hogei bat kotxe izan. Ados. Omenaldiak gutxi iraun zuen. Ados, ados. Guardia zibilek hemen segituko dute, estatus berriarekin ere. Ohitu egin behar. Ados, ados, ados.

Koronabirusak ez du mugarik, baina are gehiago finkatzen ditu gure gogoetako mugak. Espero dezagun Baionan poliziarik ez hiltzea. Izan ere, krisi diplomatikoa pitz liteke ertzainek hiletetara ordezkaririk bidaliz gero. Errazago eta lasaiago omenduko dituzte Australiako poliziak, bertako agenterik hiltzen bada. Beti izango dute aukera udan Mundakan edo Zarautzen surflari australiar bati doluminak emateko. Eta, bide batez, Paul Hogan-ek, gure Crocodile Dundee atseginak, estatuarekin zituen zorrak azkenean kitatu ote zituen galdetzeko. Ordurako dena konponduta egongo den esperantzari euts diezaiogun, baina. Totò, Vittorio de Sicak zuzendutako Miracolo a Milano filmeko pertsonaia ere itxaropentsu agertu zen: «Lurralde baterantz abiatuko gara, non egun on batek benetan egun ona esan nahi izango duen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.