«Lan biribilik ez dugu egin»

Eusko Label liga Getxon izango da gaur, eta zazpigarren sailkatuak, San Pedrok, orain arte lortu gabekoa nahi du, Mikel Arostegi entrenatzaileak azaldu duenez.

San Pedroko trainerua denboraldi-aurreko estropada batean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2017ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Getxoko uretan jokatuko dute gaur Eusko Label ligako bederatzigarren estropada (18:25, ETB1). Ohi bezala, sailkapenaren arabera osatuko dituzte txandak, eta San Pedrok aurrenekoan egin beharko du arraun, Astillerorekin, Aresekin eta Caborekin batera. Hamargarren da Libia, eta helburua betetzeko moduan denik ezin da ukatu. Gaur bukatuko balitz liga, datorren urtean ere maila nagusian egingo luke arraun.

Pozik egoteko moduan dago, alde horretatik, Mikel Arostegi entrenatzailea: «Emaitza aldetik, hor gaude, mailari eusteko moduan. Gauzak dauden bezala, ez dut uste hortik behera joango garenik, nahiz eta lanean jarraitu beharra dagoen». Ez dago hain pozik, baina, egiten ari diren lanarekin: «Estropada biribilik ez dugu osatu. Beti ari zaigu zerbait falta izaten horretara heltzeko».

Gehiago zehaztu du zer den gehien falta zaiena: «Blokea egiteko gaude oraindik. Taldean aldaketak izan dira iaztik, eta denok arraunean berdin egitea kostatzen ari zaigu». Onartu du lan hori egiteko garaia negua dela: «Denboraldia prestatzeko unea da horretarako tartea, baina kostatzen ari zaigu denok elkar hartzea». Badela garaia gehitu du gero, garbi asko hitz eginda: «Konturatu gabe pasatzen dira asteburuak hemen, eta dagoeneko abuztuaren atarian gaude. Azkar hartu behar dugu blokea, hau badoa eta».

Gaitz erdi emaitza aldetik ez duela estutasunik San Pedrok, bestelakoan egoera oso kezkagarria izango zelako:«Nahiko eroso gaude, bai, eta horrek ematen digu aukera lanean presiorik gabe segitzeko. Baina ez da hori kontua. Ahalik eta azkarren lortu behar dugu nik nahi dudana». Garbi dauka ezarritako arraunketa dela egokia taldearentzat: «Erabateko konfiantza daukat arraunkera horretan, eta, gainera, lortu izan dugun egunetan emaitzak onak izan dira». Posturik onena seigarren lekua du, eta bitan egin du zazpigarren ere. Emaitzekin eta lanak biribildu ezinarekin ondorengo gogoeta egin du Arostegik:«Hamargarren izan garenean, eta zazpigarren bukatu dugunean, sentsazio bertsuekin amaitu dugu, ez batere gustura».

Irrikaz dago ikusteko taldeak zein lekutan bukatuko lukeen arraunean biribil eginez gero: «Uste dut goi samarrean ibiliko ginatekeela, ez goi-goian, baina bai orain baino gorago. Hala ere, beste taldeek ere egin dezakete hobera, eta hori ere kontuan hartu beharko litzateke». Bere taldearen benetako maila zein den ikusi nahi du, eta, hori lortuz gero, atzera samar ibiltzeko taldea duela ikustea ere ez litzaioke hainbeste axolako: «Lan ederrak egiten hasten bagara, eta gure postua hamargarrena bada, ez dago beste ezer esan beharrik. Lana ondo egin izanaren pozarekin geratuko nintzateke».

Ondo-ondo ez ibilita, ezin da ukatu arriskuan ibili dela San Pedro, beherago egoteko kinkan: «Edozein huskeria nahikoa da gorago edo beherago geratzeko, eta lasai bagaude ere sailkapenean, komeni lehenbailehen gauzak hobetzea, Aresek eta Astillerok hobekuntza izan dezaketelako».

Ikusi egin behar, hortaz, zer-nolako maila ematen duen gaur San Pedrok itsasoan. Talde guztiak aterako dira onena ematera, baina denek ez dute lortuko. Auskalo zein aldartetan ikusiko dituzten Arostegik eta bere arraunlariek beraien txandaren ondorengoak. Txanda horietako lehenean, talde hauek ariko dira: Tiran, San Juan, Ondarroa eta Zierbena. Azkenekoan egingo dute arraun bandera irabazteko hautagai indartsuenek: Kaikuk, Oriok, Hondarribiak eta Urdaibaik. Bermeo da nagusi sailkapenean, baina bandera gehien ligan Oriok lortu du: hiru. Bina dituzte Urdaibaik eta Hondarribiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.