Giro onari eutsi nahi dio

Realak ez du galdu Imanol Alguacil aulkian denetik, eta gaur bolada hori mantendu nahi du Las Palmasen zelaian. Aukera aproposa du irabazteko, hondoa jota baitago etxeko taldea

jon eskudero
Donostia
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ezohiko egunak bizitzea tokatzen ari zaio aspaldian Realari. Denboraldi tristearekin gutxi ez, eta hainbat jokalari eta kirol agintari agurtu beharra izan du abenduaz geroztik. Iñigo Martinez eta Carlos Vela lehenbizi, Eusebio Sacristan eta Lorenzo Juarros Loren ondoren, eta aste honetan iritsi da agur garrantzitsuena, Xabi Prietok jakinarazi baitu futbola utziko duela denboraldia amaitzean, lehen taldean hamabost urtean jokatu eta 530 partidatan parte hartu ondoren.

Bada, oraindik albiste hori irensteko beta handirik gabe, Reala Las Palmasen zelaian arikoda gaur. Joan den astean Gironari nagusitasunez irabazi ostean(5-0), bide berean segitzea eta giro onari eustea izango dute helburu txuri-urdinek. «Zoragarria izaten ari da jokalarien jarrera. Ea sasoia amaitu arte lan bikaina egiteko gai garen. Azken bi partidetan itxura ona eman dugu, eta sendotasunari eutsi nahi diogu», esan zuen atzo Imanol Alguacilek.

Hiru puntuak batzeko zelai aproposa da Kanaria Handikoa. Izan ere, kalbario galanta bizitzen ari da Las Palmas, eta, zeruak eta lurrak bat egin ezean, Espainiako Bigarren Mailan ariko da datorren denboraldian. Lau entrenatzaile igaro dira jada aulkitik: Manolo Marquez, Pako Aiestaran, Francisco Ortiz eta Paco Jemez. Azken horrekin bazuten itxaropena zulotik irteteko, baina alferrik, jokalari garrantzitsu batzuek ere taldea utzi baitzuten neguko merkatuan; Jonathan Vierak, esaterako. Hori bai, Imanolek nahiago du zuhurra izan eta aurkariarekin ez fidatu: «Matematikoki mailari eusteko aukerak dituzten bitartean, saiatu egingo dira; beraz, ez dugu lan errazik topatuko. Lehen hogei minutuetan haien erritmoari eustea gakoa izango da. Hori lortuz gero, nagusituz joan gaitezke pixkanaka».

Aldaketak egin beharko ditu entrenatzaileak. Geronimo Rulli eta Miguel Angel Moya deialdian ez daudenez —min hartuta daude biak—, Toño Ramirez egongo da atepean, eta Andoni Zubiaurre gaztea aulkian. Toñok bere mailaren berri emateko aukera izango du berriz ere. Alvaro Odriozola ez da osatu, eta Aritz Elustondok jarraituko du defentsako eskuin hegalean. Zelai erdian, berriz, Asier Illarramendi itzuliko da, eta baliteke Ruben Pardok berriz ere aulkirako bidea hartzea.

LAS PALMAS-REALA

Las Palmas. Chichizola; Aguirregaray, David Garcia, Ximo Navarro,

Dani Castellano; Halilovic, Javi Castellano, Etebo, Jairo; Calleri eta

Erik Exposito.

Reala. Toño; Aritz Elustondo, Hector Moreno, Navas, Kevin; Illarramendi, Zubeldia, Canales; Januzaj, Willian Jose eta Oiartzabal.

Epailea. Alvarez Izquierdo.

Lekua. Kanaria Handia (32.392 ikusle).

Ordua. 18:30ean (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.