ATZEKOZ AURRERA. Julio Roca. Urrezko Zeledon saria

«Ateratako argazkiak dira egiten dugunaren lekuko nagusiak»

Gasteizko jaiak objektibotik begira ematen ditu, hein batean, aurtengo Urrezko Zeledon sarituak. Azken urteetan, Gasteizko eta Arabako hamaika une jaso ditu Rocak bere argazki kamerarekin.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Zaila da Julio Roca ikustea (Gasteiz, 1960) argazki kamerarik gabe. Horregatik izendatu dute, hain zuzen, Urrezko Zeledon. Ez da jaietan jaso duen aitortza bakarra: 2015eko abuztuaren 4an jaien hasierako suziria jaurti zuen Zuzenak kirol elkarteko presidente gisa. Aurten, ordea, Arabako egunerokotasuna argazkietan jaso eta zabaltzeko lanagatik saritu dute: kirol ekitaldiak, mugimendu sozialak...

Noizbait uzten duzu kamera zugandik urrun?

Lagunek maiz leporatzen didate etengabe argazkiak ateratzea. «Julio, eseri lasai behingoz! Utzi kamera, eta egon gurekin», esaten didate. Baina ateratako argazki horiek dira egiten dugunaren lekuko nagusiak; urteen joanarekin konturatu naiz.

Noiztik duzu argazkiak ateratzeko zaletasun hori?

Zaletasuna betidanik izan dut. Serioago, berriz, dibertsitate funtzionala dutenentzat elkartearen bidez kirola sustatzen hasi ginenean hartu nuen.

Zergatik?

Ikusten ez dena ez da existitzen. Duela urte batzuk, hedabideetan ateratzen ez bazinen, inork ez zintuen ezagutzen; ez zekiten zer egiten zenuen. Zaila zen babeslerik lortzea. Bide bakarra guk geuk argazkiak atera eta zabaltzea zen. Gaur egun, hori guztia aldatu da, sare sozialen bidez. Askoz aukera gehiago ditugu.

Hori zabaltzeko, Zuzenki Press webgunea ere sortu zenuen.

Gasteizen gertatzen dena helarazteko baliatzen dut. Etxetik mugitu ezin diren pertsona asko daude, eta egunerokotasuna helarazten diet irudi bidez. Hori bai, ondo planifikatu behar dut egunero zeri egingo dizkiodan argazkiak. Estu nabil: birika edukiera %20a dut gaur egun; beraz, ez naiz egokitzen eskueran dauden jardueretara, baizik eta dauden jarduerak nire egoerara.

Nola antolatzen zara Gasteizko jaietan dauden ekintza guztietara heltzeko?

Beti bezala! Atera nahiko nukeena zehaztu, eta aurrera! Buruan argi dut nahi dudana: jaso nahi ditudan uneak. Argazkiak hori dira niretzat: uneak.

Umetan jaietan bizi izandako unerik, argazkirik, baduzu buruan?

Nerabezarora arte, ez nintzen Gasteizen modu egonkorrean bizi izan. Aurretik, osasun etxeetan egona nintzen [polioarekin gaixotu zen jaio eta gutxira], Madrilen, Bilbon... 18 urterekin ateratzen hasi nintzen blusa kuadrillarekin... Oroitzapenik? Boladak egon dira: porroi asko zeuden garaiak. Gaur egun, ordea, osasun kontuengatik beste erritmo bat eraman behar dut.

Buruak atseden eskatzen al du?

Zer buru, eta zer buruondo? Ez naizela heltzen! Abuztuaren 4rako itota nago! Baina denborarekin edozer egin dezaket. Hori bai, neure burua kontrolatuz.

Ze argazki gustatuko litzaizuke ateratzea jaietan?

Horrenbeste atera ditut... Zeri ez diot argazkirik atera? Aterako nukeen hori gertatzen denean jakingo dut.

Eta zer argazki ez zenuke aterako halako ospakizunetan?

Ateratzen ditudan argazki guztiak atera nahi ditut. Etxean ditudan milaka argazkiak bilatu izan ditut. Asmo batekin ateratzen naiz etxetik: adibidez, hiriko kazetariak, argazkilariak, kamerariak... horien guztien argazkiak ditut, lanean ari direla. Ni izango naiz horiek dituzten pertsona apurretako bat.

2015ean, suziria piztu zenuen; aurten, Urrezko Zeledon saria. Zer geratzen zaizu egiteko?

Agian, politikarako jauzia egingo dut, zeinek daki! [Barrez] Aurreko batean, Gorkari [Urtarani] esan nion jarraitzaile asko ditudala... Orain, serio, ez dut gustuko aitorpenak jasotzea. Dena den, beharrezkoa ikusten dut halakoak egitea benetan inportanteak diren pertsonei, bizi direnean, ez gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.