ATZEKOZ AURRERA. David Ballano eta Fermin Izko. 'Tökkö'-ko arduradunak

«Barrura begira egoteko emozioak sortzen ditu neguak»

Soinu eta argi bidez sortutako 'Tökkö' guneari esker, neguko espiritua bizi-bizirik dago Iruñeko Ziudadelan. Ballano eta Izko arduradunak pozik dira 'Tökkö' «elkargune» bihurtu delako Gabonetan.

Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Joan-etorri handiko gunea izaten da Iruñeko Ziudadela. Abenduaren 23an hasita, Ziudadela erdian Tökkö ikus-entzunezko instalazio interaktiboa dago. Bestelako Argiak jaialdiaren harira ezarri dute, eta urtarrilaren 7a bitarte egonen da. David Ballano (Iruñea, 1981) Concenciarte proiektuko zuzendari artistikoa eta Fermin Izko soinu eta argi teknikaria (Iruñea, 1987) dira guneko arduradunak.

Nola deskribatuko zenukete Tökkö?

DAVID BALLANO:Tökkö ikus-entzunezko instalazio interaktibo bat da, parte hartzen duen jendeak aldaketak eragiten ditu bertan ibilitakoan. Aldaketa horiek argietan eta soinuetan antzematen dira. Elementu interaktiboak zapaltzean, argia eta soinua aldatuz joaten dira.

FERMIN IZKO:Tökkö-ren barruan, nire lana parkearen inguruak testuinguruan kokatzea izan da. Nik bi lan ditut: sarrera bakoitzean, argi instalazio bat eta zuhaitzetako argi instalazioak. Gainera, Tökkö aukera bat izan da profesionalki normalean egiten ez dudan lan bat egiteko.

Finlandierazko hitza da Tökkö. Zergatik izen hori?

D. B.: Neguari buruzko sorkuntza bat da. Finlandieraz, 40 hitz dituzte elurraren egoera ezberdinak izendatzeko, nahiz eta gaur egun ez dituzten erabiltzen. Tökkö-k elur maluta baten forma duenez, erabaki genuen finlandierazko hitz horietako batekin izendatzea.

Zer ematen dio iluntasunak Tökkö-ri?

F. I.: Beharrezkoa da. Argiari buruz hitz egiterakoan, argi dago iluntasuna beharrezkoa dela. Efektu asko galtzen dira iluntasunik gabe.

Ibilbide bat osatzen dute parte hartzaileek, sortutako bideak beti dira ezberdinak?

D. B.: Ibilbidea beti ezberdina da. Elur maluta baten forma duenez, hiru leku ezberdinetatik sar zaitezke. Tökkö-k bertze bi puntu gehiago ere baditu, baina horiek zuhaitzetan amaitzen dira, eta horietatik ezin da sartu. Instalazioan jendeak egindako ibilbide bakoitza ezberdina da.

Argiaz gain, soinua ere badu; nola uztartzen dira biak?

F. I.: Nire zatian, ez dago soinurik. Tökkö da protagonista, eta, berak baduenez bere soinua eta bere filosofian badagoenez, ez genuen beharrezkotzat jo bertzeak ere soinua izatea.

D. B.:Tökkö-ren kasuan, Javier Etxeberriaren estudioan makina analogikoekin testura ezberdinak sortu genituen, neguko soinuak sortzeko. Tartean, Artikoan egondako jendeak grabatutako grabazio batzuk ere sartu genituen. Horiekin, konposizio bat sortu zen. Jendearen pausoen ibilbideek iparraldeko neguaren antza duen klima sortzen dute.

Negua da Tökkö-ren oinarria. Zer da negua zuretzat?

D. B.: Emozionalki, nolakotasun berezi bat du, melankolia eta magia kutsu bat. Neguak barrura begira egoteko emozioak sortzen ditu. Uda euforia handiko garaia den gisan, negua intimoagoa da. Egunak laburragoak dira, eta energia gorde behar dugu.

Eta zer inspiratzen dizue?

F. I.: Sorkuntza aldetik koloreak erabakitzeko orduan, neguak anitz eman digu. Hotzaren sentsazioa bilatzen ibili gara etengabean; nire kasuan, hori argiaren bidez egin dut.

D. B.: Neguak inspiratzen didan guztia jaso dut Tökkö-ren bidez.

Nolako harrera jaso du?

D. B.: Harrera ezin hobea izan du, artistak zein Kultura saila harrituta gaude. Hagitz kontent gaude, Ziudadela Gabonetan elkargune bihurtu delako. Albiste pozgarria da horrelako jaialdi bat handituz joatea. Urtez urte handituz goaz, eta hori ikaragarria da.

F. I.: Harrera hagitz ona izan du. Jendea ez dago bakarrik Tökkö-n, sarreretan ere bildu da. Bi sarrerek dute puntu interaktibo bat, eta jendea badabil horietan argazkiak ateratzen eta jolasten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.