ATZEKOZ AURRERA

«Nafarroa bat da bakarra»

Nafarroaren Egunak kasu egin die Xalbadorren eleei, eta Nafarroa bakarra bildu da Baigorrin. Espainiako Gorteetarako bozek jende franko kendu badute ere, karrikak ongi bete dira.

Ohi bezala, jendetza batu zen ostatuen inguruan atzo Baigorrin. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Baigorri
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Hodeiek dute lehenik beren burua erakutsi, eki herabeak ere egin duen arte.

Tren geltoki zaharretik hurran, Mattin eta Xalbador bertsolariak geldirik daude, Amikuzeko Kilimon elkarteko erraldoien eramaileak askaltzen ari baitira: etxaldeko arroltzeek ongi horitutako moleta tentagarria, xingar eta lukainka; eta leku zentrala: inguruko mahatsak eman arno beltza. Aisit da Xalbadorren eleez oroitzea: «Nafarroa bat da bakarra». «Gaita jotzen dut, pasacalles eta balsak plaza ttipian joko ditugu, gero dantzak, eta azkenik larrain dantza, usaian bezala, eguerdi inguru», azaldu du Jean Michel Etxegaraik. «Badira ere Iruñeko, Luzaideko, Arrasateko, Tuterako, Uztaritzeko eta Garaziko musikariak; Baigorrin bada eskola bat; beraz, bada hemengo jole asko ere», gaineratu du.

Zalu jan behar dute, hamaiketan hastekoa baita dantzari, musikari, joaldun, Basaldun, buruhandi eta erraldoien desfilea.

Elizako plaza txikiko bidean askaltzera doa Pilipe Bidart ere; irriak ez dio bakerik ematen, ezagun zaio: begitarteak alegrantzia salatzen baitu. Oroitzen da nola 1970eko hamarkadan abiatu zuten besta hori «pixka bat» herria berpizteko: «Ekintza militante horrek eztabaida franko piztu zuen, baina emeki-emeki besta giroa bilakatu da; baina, helburu hori ahantzi gabe, herrikoitu da, eta militantziatik harat bildu ditu jendeak». Gaineratu du belaunaldi berriek hartu dutela lekukoa, eta izugarri garrantzitsu zitzaiela.

Merkatua ezti-eztiki hasia da iratzartzen. Ator zuriz jantziak diren bi mutil hatsantuak dira presa handiz kontrako norabidean: «Nafarroako errege-erreginak eta moroak dira Baigorriko ziganteak; berantean gara!».

Elizaren magalean dago Iruñeko Karrikiri euskara elkartea, eta Juan Luis Etxaburu Ondarru-k ongi oroitzen du hastapeneko giroa: «Hasieran herri honetako leiho guziak itxita zeuden, esan nahian: 'Guk ez dugu parte hartu nahi festa honetan, edo hau ez da gurea'. Eta orain, zorionez, normalitatea da». Harentzat, Nafarroa Euskal Herriko lurralde handi bat da, garai batean lortu zuena estatu bat izatea, VII. mendean. Euskal Herri «aske» baten alde ari da lanean, eta, horretarako, «garrantzitsua» zaio hizkuntza berreskuratzea. Basaizea elkarteko jendea «zinez goxoa, zabala eta euskalduna» dela esan du.

Hortik ez urrun, Ihitz Iriarte solasean ari da; orain «beste plan» batean dator: lehen gehiago arrastirian ibiltzen bazen ere, orain eguneko planean dator.Nafarra sentitzen da Iruñean bizi delako, baina euskaldun gisa «oso zuberotarra»; haren aburuz, Zuberoak badu garrantzia beste probintziek bezala, eta «ttipitasunak» ez du kalterik.

Plazan abiatu da Battitt Crouspeyreren eta Aitor Servierren arteko bertso balsa: bertzeak bertze, herriko etxe berria eta Etxauziaren erosketaren suspensea zabaldu dituzte mikroetan. Anartean, ez dira jendarmeena eta ingeles matrikula duen autoa baizik iragan. Desfilea ailegatu da, plazari leku guzia hartuz, irrintziek belarrienak hartu dituzten ber.

Talo eta ostatutik ez urrun, Xan Bereterretxek lagun giroa xerkatzen du, bai eta ere egunean zehar frankotan aditu den nafartasuna, «elkarrekin atxikiarazten gaituen nazio kontzientzia, euskaltasunarekin eta hizkuntzarekin lotua». Alboan du Amaia Boy, besta egitera etorria: Diabolo Kiwi, Holako Deluxe, eta «beti bezala» Kiki Bordatxorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.