ATZEKOZ AURRERA. Alicia Garcia. Politika gaietako ikerlaria

«Irratiei esker indartu zen musika klasikoa»

Musika klasikoak II. Mundu Gerran izan zuen eragina aztertu du Garciak. Zehaztu du bereziki herri langilearen indarra eta nazioen goratzea izan zirela orduko musikagileen obretako gai nagusiak.

Zihara Jainaga Larrinaga.
Leioa
2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Musika klasikoak zeregin garrantzitsua izan zuen I. eta II. Mundu Gerren artean. Hala azaldu zuen Alicia Garcia politologoak (Madril, 1994) joan den astean, EHUn antolatutako Kantatzen Duten Herriak jardunaldietan. Dioenez, ideien eta herrien kontzientzia politikoa definitu eta gobernuen interesen alde edo kontra egiteko erabiltzen zen musika klasikoa garai haietan. Azpimarratu du garrantzitsua dela musika klasikoa musika herrikoiekin batera aztertzea, langile klaseari nola eragiten dion ulertzeko.

Zer eragin izan zuen zen musika klasikoak II. Mundu Gerran?

AEB, Alemania eta Sobietar Batasuneko gobernuak konturatu ziren musika klasikoa kontzientzia politikoak moldatzeko oso tresna garrantzitsua zela. Haien sistema politikoak legitimatzeko musika egitasmoak erabiltzen zituzten, eta herritarrengan nazio kontzientzia handiagoa eragiten saiatzen ziren. Alemaniaren kasuan, adibidez, musikagileen handitasuna baliatuz, goragoko arraza zirela erakutsi nahi izaten zuten.

Zer musikagilek eta obrak izan zuten eragin handiena?

Alemaniako Weimarko Errepublikan, adibidez, faxismoa goratu aurretiko garaietan, Kurt Weill musikagilea aipatu behar da. Bertold Brechtekin batera egindako obrek izaera politiko sakona zuten, eta, Schoenberg edo Alban Berg-ekin alderatuta, herriarentzako artea egiten saiatzen zen. Argi zuen klase langileari zuzendutako musika egin behar zela, eta, horretarako, operak fabriketan, prostituzio etxeetan edo tabernetan jartzearen aldekoa zen, palazioetatik urruti.

Eta Alemaniatik at?

AEBetan musikagilerik garrantzitsuetako bat Aaron Copland izan zen. Ideia komunistak izan zituen, baina denborarekin bere historia ezabatuz joan da, egungo politikarientzat interesik ez duelako. Sobietar Batasunean, aldiz, Shostakovitx eta Prokofiev azpimarratu behar dira.

Nori zuzendua zegoen musika klasikoa II. Mundu Gerran?

Garai horretan, lehenengo aldiz indarra hartzen du musika klasikoa langile klasera gerturatzeko mugimenduak. Operek herriari loturiko gaiak erabiltzeaz gain, gobernuek langileei egokitutako prezioak adostu zituzten aretoetan. Kontzertuak ondo ikusiak zeuden, eta oro har nahiko ezagunak ziren.

Politika ildoei dagokienez, zeinek egiten zuen musika klasikoaren erabilera handiagoa?

Ideologia bakoitzak bere interesen arabera erabiltzen zuen musika klasikoa; hala, bakoitzak berari interesatzen zitzaion kontaketa eraikitzen zuen.

Zerk desberdintzen zituen ideologiak?

Sobietar Batasunean bultzatu ziren lehen demokrazia liberalak, adibidez, musika esperimentalagoa egiten saiatzen ziren, jazzarekin nahastuz. Urte batzuen buruan, ordea, Stalinen agindupean musika autoritario eta zorrotza goresten zen. Askoz hanpatsuagoa da, nazionalismoa bultzatzera bideratua. AEBetan, bestalde, Marc Blitzstein musikagile komunistak The Cradle Will Rock opera konposatu zuen, eta bertan langile klasearen altxamendua babesten zuen. Hasieratik saiatu ziren obra hura zentsuratzen, istiluren bat sortuko zuen beldurrez.

Zer zeregin zuten irratiek?

Autore zenbaiten arabera, irrati emankizunei esker indartu zen musika klasikoa II. Mundu Gerran. Tentu handiz ibili behar izaten zuten musika klasiko mota aukeratzerakoan, musikaren arabera entzuleari zein ideologiaren alde edo kontra zeuden iradoki ahal zietelako.

Hezkuntzan ere bazuen tokia musika klasikoak?

Hezkuntza izan zen herrialdeen artean desberdintasun handietako bat. AEBetan adibidez proiektu musikal federalak finantzazio garrantzitsua izan zuen kontserbatorioak egin, ikasleak hezi eta orkestrak sortzeko. Ondorioz, jende askoren interesa piztu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.