ATZEKOZ AURRERA

Negu parteko ihesaldi laburrak

Gabon garaian jende andanak ditu oporrak, eta asko dira beste toki batzuk bisitatzeko tartea hartzen dutenak. Donostian ere turista asko izaten dira neguan, maiz itsasoa ikusteko irrikan.

Kontxako hondartza eta pasealekua turistaz lepo daude egunotan; neguko oporren aitzakian bisitatzen dute Donostia. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Donostia
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Zilar koloreko bitxiz hornitutako kapela, belaunetik behera iristen zaion beroki dotorea eta zorro gorri baten atzean ezkutatzen den argazki kamera daramatza soinean Camile Pastorrek. Lyondik (Frantzia) heldu da Donostiara, Antoine Pastor bikotekidearekin batera neguko opor egunak zukutzeko prest. Kontxako helduleku zurian pausatu, eta itsasoari begira jarri da emakumea. Jarraian, kamera hartu eta urtarril hasierako ostiral arrunt bat memorian gordetzeko irudi bihurtu du: «Noria izan da Donostian atera dudan lehen argazkia; eta itsasoa bigarrena». Kontxako hondartza hondoan eta aurrez aurre noria erraldoia ditu Pastorrek.

Bikote frantsesaren eran, beste askok ere Gabonetako bazkari eta afariak bukatu eta lanera itzuli bitarteko egun urriak baliatzen dituzte txoko berriak ezagutzeko. «Gaur goizean heldu gara, eta gaur bertan egingo dugu alde: itsasoa ikusi, erosketak egin eta pintxo batzuk dastatzea da asmoa», azaldu du Pastorrek. Lehen aldia du bikoteak Donostian, ingurukoek gomendatuta: «Nire ama egona da Donostian, eta baita Londresko lagun bat ere; hiriaren inguruan askotan hitz egin didate».

Egun-pasa joan da Donostiara Lyongo bikotea, eta egonaldiaren batezbestekoa ez da askoz handiagoa. Bat, bi edo, asko jota, hiru egun igarotzen dituzte etxetik at turistek neguko atsedenaldian. Hori da Sevillatik (Espainia) Donostiarako bidaia egin duten Borja Falconde eta Mercedes Perezen kasua ere. Urteroko ohitura dute urtarrilaren 2tik 5era bitarteko epean hiri berriak ezagutzea. Aurten, Bilbo eta Donostia aukeratu dituzte. «Bi egun igaro ditugu Bilbon; gaur etorri gara Donostiara eguna pasatzera, eta bihar Bilbotik abiatuko gara bueltan Sevillara», esan du Falcondek. Sakelakoa eskuan, irribarretsu ari da haren aldamenetik Perez han-hemen argazkiak ateratzen. «Asko harritu gaitu egiten duen hotzarekin jendea itsasoan bainatzen ikusteak». Itsasoak lasaitasuna transmititzen dio Perezi, baina ezinbestean arkitekturari erreparatu dio bisitan. «Artearen historiako irakaslea naiz, eta XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako Donostiako eraikin dotoreen berri banuen; datuak bertatik bertara ikustea falta nuen, ordea, eta benetan dira ederrak».

Itsasoak erakarrita

Kontxako pasealekuaren ezkerraldean haurrentzako karrusela dago, oraindik ere oporretan dauden haur txikiz josita; pixka bat urrunago, berriz, Gabon garaien azken txanpan tinko dirauen bola koloretsuz jositako zuhaitza. Aurrez aurre, itsasoa, negu betea izanagatik ia-ia zeruko hodei grisekin bat eginda, eta, hotzari aurre eginda, itsasoan jolasti dabiltzan dozena bat lagun.

Begiak itsasoan iltzatuta eta artilezko txanoa eta bufanda soinean, ahizparekin eta lagunarekin dago Laura Odene madrildarra. Irrati esataria da Odene, eta kazetaritza ikasketak direla medio, Euskal Herriko egunkarien berri badu. Ofizioaz jabe, pozik erantzun ditu galderak. Donostiara joateko hura tematu zen: «Ahizpa eta laguna konbentzitu nituen Donostiara etortzeko, eta ez naiz batere damutzen; itsasoa ikustea zoragarria da». Odenek hondartza du hiriko txoko gogokoena; ahizpa eta laguna, berriz, beste iritzi batekoak dira. «Katedrala gustatu zait gehien, oraingoz», adierazi du Candela Garciak. Paula Oden antzera mintzo da: «Horixe bera esan behar nuen nik ere; oso deigarria egin zait katedrala». Ostegunean heldu ziren Donostiara hirurak, eta gaur goizean bueltatuko dira Madrilera. Egun gutxi izanda ere, probetxua atera diete turistek neguko oporrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.